UDAKO SERIEA. Herri bat, kirol bat (III). Doneztebe eta erremontea.

Bere sekretua du

Erremontisten herria da Doneztebe: hamaika erremontista eman ditu azken 30 urteotan. Koteto Ezkurra, modalitateko jokalaririk onenetariko bat, bertakoa da. Doneztebarrak ziur dira laxoa dela goi mailako hainbeste erremontista ateratzearen arrazoietako bat.

Josetxo Ezkurra II.a, Aimar Jabalera, Aimar Saldias, Julen Larretxea eta Xanti Uterga, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. ERRAN.EUS.
inigo lasa fresneda
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Doneztebeko (Nafarroa) sei erremontista ari dira profesionaletan lehiatzen gaur egun. Azken urteotan, gainera, punta-puntako makina bat erremontista atera dira Malerreka eskualdeko hiriburutik. Ez da kasualitatea 2.000 biztanle baino gutxiago dituen herri batetik hainbeste erremontista izatea goi mailan; ondo zaindutako sekretu bat dute: laxoa.

Erremontearen munduko ikur distiratsuenetako bat bertakoa da: Koteto Ezkurra (Doneztebe, Nafarroa, 1973). 11 aldiz izan da buruz buruko txapeldun; binakakoan, aldiz, hiru bider jantzi du txapela. Inork ez du lortu Ezkurraren garaikurren zerrendara gerturatzea, eta, askoren ustez, bera da historiako jokalaririk onena. Erremontea 2018an utzi bazuen ere, bihotzean darama oraindik: «Erremontea dena izan da nire bizitzan, barruan eraman dut. Nire bihotzean egongo da beti».

Modalitatean ez ezik, Donezteben ere erreferente bat da Ezkurra. Xanti Uterga erremontista profesionala da (Doneztebe, Nafarroa, 1984), eta Doneztebeko alkatea. Haren ustez, Ezkurra bera izan da herriaren eta kirolaren arteko lotura sendotzeko gakoetako bat: «Doneztebek lotura handia du erremontearekin. Koteto izan da azken urte hauetan modalitatearen ikurra, eta historiako onenetakoa, onena ez esatearren. Herriko jendeak asko maite du».

Erremonteak ez du beti hainbesteko presentzia izan Donezteben. Ezkurraren ustez, herrian gertatutakoa kasu «bitxia» izan da: «Kasu arraro bat izan da Doneztebe. Atera zen lehen erremontista Etxeberria I.a izan zen; ordura arte ez zen erremontistarik izan herrian. Geroago ni atera nintzen [1990eko hamarkadan], eta hortik aurrera afizioa eta harrobi bat sortu ziren. Orain oso sartuta dago erremontea herrian».

Ezkurraren eta Iñaki Lizasoren agerpenaz geroztik, Doneztebeko erremontisten emaria ez da geratu. Ondo gogoratzen du Utergak erremonteak herrian izan zuen gorakada hori: «2000n erremonte eskola sortu zuten Donezteben; ordura arte, beste kirol batzuetan aritzen ginen. Garaia hartan erremonte eskola zerbait berria zenez eta erreferentetzat genituen Koteto eta Iñaki [Lizaso] maila gorenean zeudenez, herriko gazte pila bat hasi ginen erremontean».

Kirol eskaintza aparta dute Donezteben, Erreka kirol elkarteari esker. Joseba Legarra da kirol elkarteko presidentea (Doneztebe, Nafarroa, 1986), eta Donezteben kirolerako «afizio handia» dagoela nabarmendu du: «Bakoitzak bere gustuak ditu, baina kirol zaletasun handia dago herrian; halere, hori ez da gaur egungo gauza. Lehen ere hala zen, baina jendeak ez zuen federatzeko ohiturarik. Orain, aldiz, dena formalagoa da».

Erreka kirol elkarteak bere ibilbidea eskubaloiarekin hasi bazuen ere, pixkanaka-pixkanaka beste kirol batzuk eskaini zituen; horietako bat erremontea izan zen. «Orain dela 30 urte, erremontista batzuk atera ziren herrian: Iñaki Lizaso, Koteto Ezkurra... gero horietako batzuk gazteei erakusten hasi ziren, eta orain dela urte gutxi Erreka kirol elkartean erremontea federatuta sartu dugu», dio Legarrak.

Doneztebeko erremonte eskolan hamabi eta hamalau gazte inguru daude gaur egun. Julen San Miguel erremontista ohia da (Doneztebe, Nafarroa, 1987) eskolako arduraduna. Eskolak fruituak ematen jarraitzen du, uztailean erremonte eskolako hiru gaztek debutatu baitzuten profesionaletan. San Miguel gustura dago, herriko erremontista profesionalen zerrendak handitzen jarraitzen duelako: «Hortxe zabiltza haiekin astean bi aldiz entrenatzen, gauzak zuzentzen. Nire herriko eta eskolako gazteak debutatzen ikusteak sekulako ilusioa egin zidan».

San Miguel bera izan du irakasle debutatu berri duen Aimar Jabalerak (Doneztebe, Nafarroa, 2001). Erremonte eskolako monitoreen maila nabarmendu du: «Han izandako esperientzia ikaragarri ona izan da. Erremonte eskolako monitore guztiak profesionalak edo profesional izandakoak dira: Julen San Miguel; eta Endika [Urrutia] eta Lander [Erkizia] batzuetan... ».

Pandemiak herri osoaren babesa jasotzea galarazi arren, debutaren eguna berezia izan zen Jabalerarentzat: «Koronabirusa dela-eta, ez zen jende asko joan pilotalekura: familiakoak eta kuadrillako lagunak joan ziren. Gainera, nire kuadrillako Aimar Saldiasekin batera egin nuen debuta. Egun aparta izan zen».

Kirolaz gain, kultura

Erremontea modu berezian bizi dute Donezteben, eta bertako erremontistak «maitatuak» sentitzen dira. Herriaren babesaz eta inplikazioaz gain, Doneztebeko Udalarena ere badu erremonteak. Uterga alkateak asko estimatzen du modalitatea, eta herriaren eta erremontearen loturak aurrera jarrai dezan egiten du lan: «Guk, udalean, kirol modura ikusten dugu erremontea; baina, kulturalki ere, gure herriak duen ondare bat da». Harro dago doneztebarra eta erremontista izateaz: «Erremontista handien herria da, eta, erremontista eta doneztebar moduan, harro sentiarazten zaitu bertakoa izateak. Ohore bat da herriaren izena zabaltzea».

Herriko pilotalekuak Koteto Ezkurraren izena darama, eta, Amezketako Altuna Anaiak pilotalekuarekin batera, erremontista baten izena duen pilotaleku bakarra da Doneztebekoa. Ezkurrak profesional mailan 25 urte bete zituenean, hura omentzeko Uterga buru zen udal taldeak proposatutako egitasmo bat izan zen: «Kotetoren kirol ibilbidea baloratzeko eta harekin detaile txiki bat izateko aprobetxatu genuen. Udal taldean proposatu nuen, eta osoko bilkuran sekretuan pasatu genuen, ahalik eta jende gutxien jabetu zedin».

Ezkurrak ez zuen halakorik espero, baina herriko frontoiak bere izena eramatea «ohorea» da harentzat: «Zure herriko pilotalekuak zure izena izatea oso polita da. Oso detaile polita izan zuten nirekin». Frontoiak bere izena izateak gazteak erremontera hurbiltzen laguntzen duelakoan dago: «Kirol guztietan behar da ispilu bat. Ispilu horretan zure gertuko norbait edo zure ezagun bat ikusteak lagundu egiten du». Belaunaldi berriak erakartzeko gakoetako bat gazteei erreferente berriak ematea dela uste du Utergak: «Garai hartan Koteto eta Iñaki gure ispilu izan ziren moduan, gu saiatu beharko gara ahalik eta zuzenen eta hobekien jokatzen, gure atzetik datozenek guri erreparatzeko, eta gure pausuak jarraitu nahi izateko».

Laxoa, altxor preziatua

Etorkizunean erremonteak Donezteben bizirik jarraituko duela argi dauka Ezkurrak, eta horren arrazoia laxoa da: «Hemen bihotzean eraman dugu beti laxoa. Horrek erremontearekin lotura du, eta erremontean aritzen diren ia denak laxoan ibilitakoak dira. Erremontearen sua piztuta dago, eta laxoak lagunduko du su hori mantentzen».

Laxoa gaur egun praktikatzen den pilota modalitaterik zaharrena da. Herri gutxi batzuetan segitzen du bizirik; horietako bat Doneztebe da. Erremontea bera laxotik eratorriko modalitate bat da. San Miguelen ustez, txikitan laxoan ibiltzeak erremontearen ikasketa prozesua errazten du: «Laxoan aritzeak erremontean jokatzen laguntzen du. Posturak eta antzekoak dira. Doneztebeko ia erremontista denak pasatu gara laxotik lehenbizi».

Beste hainbat doneztebar gazte bezala, Jabalerak berak ere laxoan egin zituen lehen urratsak: «Txikia nintzenean, laxoan ibiltzen nintzen. Nire lagun batzuk erremontean aritzen ziren, eta probatzera joateko esan zidaten. Ordutik (12 urte nituenetik) nabil erremontean».

Laxoa Donezteberen eta erremontearen «indarguneetako bat» dela ziur dago Uterga: «Gure kirolak dira, oso barneratuak ditugu. Kirolak dira, baina kulturalki ere indar handia dute herrian. Ahal bezain hobekien zaindu behar ditugu». Laxoa elkarteak umeentzako irekitzea pentsatzen duen eskola herriarentzat onuragarria dela uste du: «Aberasgarria dela uste dut, esate baterako, umeek asteartean laxoan jokatzea, eta ostegunean, berriz, erremontean».

Modalitatea ez dago momenturik onenean, garai batean zuen indarra galdu baitu. Halere, guztiak bat datoz gauza batean: erremonteak etorkizun oparoa izango du Donezteben. Bihotzean daramaten kirol bat da, eta harreman estua dute modalitatearekin. Belaunaldi berriei erremonterako duten pasioa helarazten dakite; barruan gordeta daramaten pasio horrek bereizten ditu besteengandik. Erremonteak bizirik jarraitzeko zer egin behar duten ondo baino hobeto dakite, eta, garrantzitsuagoa dena, nola egin.

Bihar: Herri bat, kirol bat (III): Orio eta arrauna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.