Bataren film guztien ekoizlea izan da bestea hogei urteotan. Proiektuaren burmuinak esaten dizkion egia polit eta itsusiak oso kontuan hartzen ditu autoreak. Elkar miresten dute. Lagun minak dira.
Erdi lotsatuta dago Koldo Almandoz, eta, jolasti, aurpegia estali du eskuekin. Izan ere, Marian Fernandez Pascalek jakinarazi berri dio atzo bere urtebetetzea izan zela eta ez ziola deitu zoriontzeko. Barre egin dute biek. Hogei urte baino gehiago dira zinemagileak eta haren pelikula guztien ekoizleak elkar ezagutzen dutela. Razielen itzulera (1997) Almandozen lehen filmean hasi ziren elkarlanean, New Yorkeko NYU unibertsitatean (AEB) zinema graduondoko bat osatu zuten garaian. Baina zuzendari-ekoizle binomiotik haratago egiten du haien arteko harremanak. «Proiektu baterako ideiaren bat daukadan bakoitzean, aurren-aurrenik Marianengana jotzen dut». Batetik, haren irizpide artistikoaz fidatzen delako; eta, bestetik, lagun minak direnez, hark esaten dizkiolako egia guztiak. «Bai itsusiak eta bai politak; onerako zein txarrerako», egilearen esanetan. «Koldoren fana naiz», Fernandez Pascalek. «Kristoren matrakak sartzen dizkiot», Almandozek, umorez. Eta bien barreak jarraian; elkar miresten dutelako eta hitzetan, keinuetan, jarreran nabari delako.
Gogoratzen dute noiz mintzatu ziren lehendabiziko aldiz. Nafarroako Unibertsitatean, Iruñean, ikus-entzunezkoak ikasten hasi eta gutxira izan zen, fakultateko zinema aretoan The Mission filma (1986) ikusten topo egin zutenean. «'Nor da hau?', galdetzen genion klasekideok elkarri. Klaseko ilehoria zen». Almandozek ez zuen han ikasteko gogo handirik, eta ondorengo lau urteak umore txarrez pasatuko zituela aurreikusten zuen. Taldetxoa egin zuten, ordea, eta baretu zen hasieran sentitzen zuen «beherakada». Memoriaren irratia piztu, eta taldetxo hura osatu zutenen izenak zerrendatu dituzte: Eriz Zapirain, Dani Martiarena, Ainhoa Serrano, Ane Etxabe...
Behin Iruñekoak eginda, New Yorkera, elkarrekin, urtebeterako. Ikastaro hura gozamena izan zela oroitu du zinemagileak: «Segituan uzten zizuten kamerak hartzen; kalera ateratzen ginen filmatzera, muntatu egiten genuen...». Hura oso polita izan zen ekoizlearentzat ere: «Zeluloidea ukitzen genuen, 16 milimetroko kamerak erabiltzen genituen...». Klasekideekin-eta proiektuak ontzen zituzten, baina sentitzen zuten ez zirela erabat gustura geratzen emaitzarekin, berena zen zerbait egin beharra zeukatela. Hortaz, etxera itzuli aurretik, Razielen itzulera osatzea erabaki zuten.
Egin dituen film guztietan Fernandez Pascal alboan izan du Almandozek geroztik; eta badira lan batzuk. «Lanbide izango banu, bada, beharbada, ibili beharko nuke hainbat ekoizlerekin, eta beste modu batean». Baina, ofizio ez duenez, nahiago konfiantzazko norbaitekin lan egin. «Horri gehitzen badizkiozu haren iritziak, ekarpenak...». Fernandez Pascalek proiektua berea ere badela sentitu beharra dauka. «Eta gidoitik bertatik ere hor sartuta egon behar dut horretarako».
DCineko gosariak
Egiak esaten dizkio Almandozi, eta hori ez da gutxi, egilearen aburuz. «Ego pitin bat badaukazu, behintzat, oso jende gutxiri aguanta diezaiokezu egia esatea eta ez molestatzea». Bere konplizearekin ez da mintzen. «Esaten badit 'nik hau ez dut ikusten', bada, ez nau mintzen. Sinesten dudalako, konfiantza dudalako haren iritzian, haren zinema ikuspuntuan, haren egiteko moduan». Haien artean ego gerrarik ez dagoela gehitu du Fernandez Pascalek, barrez.
Ez dute betetzen protokolo jakin bat iritzi trukaketa hori bideratzeko, baina orain ohitura dute Donostiako DCine kafetegian hilabetean behin-edo gosaltzeko—Asier Altunak eta Fernandez Pascalek berak 2008an sortutako Txintxua Films ekoiztetxearen bulegoaren ondoan dago, Trintxerpen—. Garai batean libreago bizi zirenez, ez ziren geratzen soilik bataren egitasmo zinematografikoez hitz egiteko. «Orain, egoten garen ia guztietan, lanaz-edo hizketan amaitzen dugu, eta pena ematen dit horrek. Hitzordu horiek, halere, ez dira izaten gauza bilatu bat, ez dago ordua eskatu beharrik», zehaztu du Almandozek, eta Fernandez Pascalek beste edozein gauzez ere mintzatzen direla argitu du. «Baina, tira, protokoloa da nik [Almandoz] aholkuak eskatzea, erretolika ematea». Barreak.
Ez da, baina, aholkulari hutsa. Iragazkiarena ere egin dezake Fernandez Pascalek Almandozen lanetan. Hiru adibide aipatu ditu zinemagileak. Orain bizpahiru urte, «ontziaren kontuarekin», hiru istorio zituen gogoan bueltaka, eta hirurek zituzten gauzak alde zein kontra, egilearen irudiko. «Azaldu nizkionean —1936ko gerra, haurrak, basurde ehiza...—, gogoratzen naiz esan zidala: 'Pelikula hori ez da oso zurea'. Marianek hori esatea onartzen dut. Badakit arrazoi duela eta gehiago jo behar dudala beste zerbaitetara».
Fernandez Pascalek sormen prozesuan duen garrantziaren beste adibide bat eman du Almandozek. Hubert Le Blon-en azken hegaldia filmerako (2014) bazeukan narrazio bat off-eko ahotsean, «oso neutrala», istorioa kontatzen zuena. Eta konplizeak hauxe komentatu zion: «'Eta emakume ahotsa jartzen badiogu eta Madame Le Blon bihurtzen badugu istorioaren narratzaile?'. Horrek bakarrik film osoa aldatzen du. Haren ekarpena da hori». Almandozek pentsatzen du kideak sentitzen duela hori esateko konfiantza, beste ekoizle batek agian ez liokeela esango. «Baina Marianekin, igual, muturreko kasua da...».
Kartel hura...
Noizbait, gizakien arteko harremanetan naturala den moduan, muzindu izan dira. Aldi bat ekarri du akordura Fernandez Pascalek.Photoshop ikastaro bat bukatu berritan, jolasean hasi zen ikasitakoarekin, eta Razielen itzulera-ren kartela diseinatu zuen. «Nahiko zatarra zen [barreak]. Inprimatzera bidali nuen, Koldok azken bertsioa ikusi gabe; eta, ikusi zuenean, dezente haserretu zen». Baietz erantzun du Almandozek, leun: «Garai hartan, agian, zakar samarra nintzen...». Azalpenean sakondu du: «Kuriosoa da, kartel hura Malagako Zinemaldiko irudi ofiziala izan baitzen gero... Baina, tira, gehiegizko konfiantza daukazun pertsonekin konfiantzaren eremu hori gurutzatzen duzunean, bada jende bat nahiko atsegina izan daitekeena; ni, berriz, nahiko tiranoa izan naiteke. Urteekin uste dut ikasi dudala». Gogoz barre egin du Fernandez Pascalek: «Tirano hori!». Baina pentsatzen du Almandozek arrazoi zuela. «Ziurrenik, beste zerbaitengatik egongo nintzen gurutzatuta garai hartan, eta, lehertu ahal izateko, hori erabili nuen aitzakia moduan». MK estudioa eratu zutenean ere gertatu zen gaizki-ulertu bat. «Posta helbidea ireki genuenean, MKfilmak behar zuen, eta MKfilmeak idatzi zuen. Orduan ere muzindu nintzen...». Bien algarak. «Gero eman nuen izena euskaltegian!».
Hainbat zinemagilerekin jardun du Fernandez Pascalek, eta iruditzen zaio denek ezinegon bat partekatzen dutela: «Amaierara heltzean zalantzak dauzkate. Hor une larriak igarotzen dituzte». Baietz dio Almandozek, amildegia parez pare edukitzearen modukoa izaten dela momentu hori. «Baina bukatu egin behar da. Gauzak probatu daitezke prozesuan, muntaketak zerbait iraul dezake, hau edo bestea graba daiteke, baina momenturen batean kito esan behar da». Almandozek erantzun dio, txantxetan, oso ondo geratu zaiola ekoizle ikuspegi hori. «Baina egia da. Edonork edozer esanda, urduri jartzen zara». Zinemagileak pentsatzen du musika, literatura, zinema egiten duen edonork jendearentzat sortzen duela azken finean eta horien nahia izaten dela horiengan erreakzio bat sortzea. «Gustatzea, interesatzea, barruak eraldatzea edo higuina sortzea; zerbait. Eta kito esaten denean ez dago atzera bueltarik».
«Ostia, amaitu dugu!»
Sortze prozesuan ohikoena da, Almandozen kasuan behintzat, inori kasurik ez egitea, baina lanak amaitu berritan urduri antzean aiaiaiai-ka hasten dela dio. «Derrepentean mundu guztiak esaten duenari erreparatzen hasten zara. 'Norbaitek dio off-eko ahots hori ez dela ona' [telefonoa hartzen duelako keinua egin du]. 'Marian, Marian! Norbaitek esan dit off-eko ahotsa ez dela ona'!». Barreak. Fernandez Pascalek bestela erreakzionatzen du lanak gainetik kendu dituztenean. Almandozi deitzen dio, irribarre batekin, hori adierazteko, hain zuzen: amaitu dutela. «'Bueno, jaso dugu off-eko ahotsa. Kito'. Eta nik, neure artean: 'Ostia, amaitu dugu!' [behatz puntekin mahaia azkar ukitzen hasi da, urduritasuna antzezte aldera]». Baina baloratzen du Almandozek halako erabakiak hartuko dituen norbait alboan edukitzea. «Bestela, oraindik Belarra-ri bueltak ematen egongo ginateke, ezta?»
Elkarrekin ondu dituzten dozena pasatxo proiektuetatik, batzuk besteak baino gehiago gustatzen zaizkio ekoizleari. Baina elkarren artean diferenteak direla eta horretarako arrazoi bat badagoela nabarmendu du: «Ez dira ezberdinak haien artean asmo jakin hori genuelako, beti probatzen ibili garelako baizik». Filmak zaletasun moduan egin dituzte, eta ez dute eduki maisulan bat egiteko edo sari pila bat irabazteko intentziorik. Garai bakoitzean ikasten ari zirena, zituzten eraginak, eraman izan dituzte pelikuletara. Zorte handia dutela uste du Almandozek, proiektuak askatasun guztiarekin egin izan dituztelako: «Gauzak egiten hasi ginen, ondo funtzionatu zuten, nazioarteko jaialdi askotan erakutsi genituen, sariak irabazi, eta horien dirua hurrengo lanean inbertitzen genuen berriz». Dinamika horretan aske lan egin ahal izan dutela diote.
Almandozek sinatzen ditu lan horiek, baina, Fernandez Pascalen iritziz, talde lana da, azken finean, zinema, eta erabat ados dago Almandoz: «Atrezzokoek, ekoizleak, argazki zuzendariak... Zuk baino ideia hobeak eduki ditzakete, eta horiek baliatzen dituzu sortzeko. Banpiro txiki baten modukoak gara zuzendariak, besteen lana xurgatzen dugulako». Eta aipatu ditu odola eskaintzen dioten horietako batzuk: Laurent Dufreche, Haimar Olaskoaga, Alazne Ameztoi, Javi Agirre... Ekoizlearen aburuz, lantalde bateko kide guztiak ahalegintzen dira zuzendaria seduzitzen. Horretarako kidetasun bat behar dela erantzun diote ondotik. «Tira, oro har dela esango nuke», erantsi du Fernandez Pascalek, eta gremioko kide bati behin zuzendari batekin gertatu zitzaiona kontatu: «Zuzendaria garrasika ibili zen filmaketa guztian, eta nire kideak, behin amaituta, esan zion infernu bat izan zela hura. Zineman gauzek horrela funtzionatzen dutela ihardetsi zion». Bada, zuzendari hura oker zebilela iruditzen zaio ekoizleari. «Koldo sekula ez dut ikusi bere onetik aterata, errespeturik gabe jokatzen».
Igual horregatik jarraitzen dute elkarrekin lanean. Fernandez Pascalek, ordea, ez du sekula film bat sinatu. «Inoiz ez dut eduki zerbait kontatzeko beharrik. Agian, sortzeko beste modu bat da nirea..», esan du, horri inportantzia kenduz bezala. Konforme dago Almandoz, eta bere teoria garatu du: «Sortzailearen figura jainkotuta dago. Nolabait behar dugu jendeak gugan begiak jartzea eta esan dezatela ze onak garen, ze ideia onak ditugun...». Harentzat, halere, badago hori gainditu duen jendea, eta horietako bat da haren konplizea. «Horiek maila bat gorago daude, ez direlako bizi besteek esaten dutenaren zain». Almandozek aspaldi adierazi zion kideari egin zitzala lan propioak. Besteak, dena den, «oso argi zuen» zein zen bere tokia. «Juan Antonio Urbeltzen [folklore ikerlaria] teoria baten arabera, batzuk lehen ilaran doaz aurrera egitean, tiraka. Gero, iparrorratzarekin doazenak daude. Eta horiek gabe, iparrorratzik gabe tira egiten duena ez doa inora». Almandoz banpiroari asko-asko gustatu zaio Fernandez Pascal iparrorratzak esandakoa.
UDAKO SERIEA. Sortzailea eta konplizea (III). Koldo Almandoz eta Marian Fernandez Pascal
Banpiroaren iparrorratza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu