Bakarrik, lo ez; bakarrik, lo ez.. lagunarekin bai». Hori aurreratu zuen Egan taldeak 80ko hamarkadan.«Ezin dut ulertu musika era ez-kolektibo batean. Egiten duzu barrenetik sortzen den kezka batetik, baina egiten duzu beste norbaitek entzun dezan». Ia ohartzerako, Joseba Baleztenak (Bera, Nafarroa, 1984) hamabost urtetik gorako ibilbidea osatu du musikari modura—Sexty Sexers, Willis Drummond, Izaki Gardenak... taldeetan nahiz bakarlari, Joseba B. Lenoir izen artistikoarekin—, eta identifikatu ditu bideko malkar eta arantzak: «Bakarka borroka egitea, mundu honetan ere nahiko gogorra da».
Banaka-banaka agertu dira, nor bere bidetik, nor bere zereginetatik. Musikariak laurak; lagunak laurak. Mahaiaren bueltan eseri dira, borobila osatuz. Horra taldea, horra kolektiboa. Beste askotan bezala, Hala Bedi tabernan egin dute enkontrua, Gasteizen. Hura dute aterpe ohikoa, bilgunea, «konspirazioetarako» batzargunea.
Jon Basaguren (Gasteiz, 1984) ere ez da hasiberria —Akatu rock-metal taldean aritu zen Izaki Gardenak sortu aurretik—. Esperientziak erakutsi dio «bakardadearen sentimendua» ohikoa dela musikariengan. Orain artean, hiru disko plazaratu ditu Izaki Gardenak taldearekin, hirurak Elkar etxean. «Sentitu izan dut nik neuk atera banitu bezala. Zenbait kontutan agian ez, baina diskoa grabatutakoan, zuk egin behar duzu bidea; zuk lortu behar dituzu kontzertuak, komunikazioa, diseinua...».
Hasiberria izan gabe ere, lehen urratsak egitea zer den ondo gogoratzen du Beñat Goitiak (Gasteiz, 1991). Montauk taldeko kidea da (gitarra, ahotsa). Disko bakarra dute oraingoz plazan, Bilaketan (2016, autoekoizpena). Gainerakoen iritzi antzekoa du: «Hasiberriaren sentsazioa da pareta baten kontra egiten ari dela; bakardade erabatekoa, eta gainera, beti eszeptizismo moduko bat hasiberriarekin. Entzun aurretik muga jartzen zaio».
Musikariek berek ere mugak jartzen dituzte. Hala uste du Jon Aranburu kolektiboko kide eta musikariak (Alegia, Gipuzkoa, 1980); gitarra jotzen du, eta Konpost taldea sortu berri du, Bingen Mendizabal (biolina), Txerra Bolinaga (bateria) eta Ruben Sanchezekin (ahotsa) batera. «Nor bere kontuak kudeatzen ari da gero eta gehiago; autogestioaren ideiarekin, bai; diskoetxeetatik aldenduz, bai. Baina jendea bakarrik ari da musikan. Uste dut autogestioa ulertzeko modu murritza dela hori. Autogestioan aritu gaitezke, baina auzolanean, lanak partekatuta. Azken batean, beste hainbat eremutan dauden filosofiak gure eremura ekartzea da, musikara». Eta Baleztenak biribildu du kidearen argudioa: «Gero eta gehiago ikusten da musikan autogestioa, eta normala da, gauzak dauden bezala egonda, baina nik uste dut autogestioa gauza ederra dela, hain zuzen ere besteekin biltzen zarenean, auzolana zabaltzen duzunean, hainbat esparrutako jendea ezagutzen duzunean... Gaur egun, iruditzen zait autogestioaulertzen dela pertsona batek edo talde batek dena bere gain hartzen duela, eta gainera kasik etxetik atera gabe. Kanpora begira gabiltza denborarik gehienean, igual gehiegi ere bai, baina bakoitza gure ordenagailuaren gibelean...».
Lau lagunek duela bi hilabete eskas aurkeztu zuten Erraia, ekain erdialdera: «autoekoizpenerako plataforma», zigilua, kolektiboa... Musika zaletasunak, musika ulertzeko moduak eta Gasteizek batzen ditu laurak, besteak beste. Baina, ororen gainetik, adiskidetasunak. Ez oraintsukoak gainera. Gasteizko Filologia Fakultateak batu zituen Baleztena, Basaguren eta Aranburu. 2000. hamarkada hasiera zen. Han izan zuten elkarren berri, baina Hala Bedi irrati libreak estutu zituen euren arteko harreman lokarriak.
Hala Bedi irratia, ernamuina
Laurek parte hartu dute, sasoi batean ez bada bestean, Hala Bediko 3 kortxea saioan. Musikarako zaletasuna asetzeko soilik ez, bizitzaren aurrean funtzionatzeko hainbat irakasgai jaso dituzte Hala Bedi irratitik. Goitiak bertatik bertarako harremana estimatzen du: «Gustuko taldea elkarrizketatzea zoragarria da, baina gainera, boluntario aritzean, distantziak laburtu egiten dira. Musikari bat estudiora gonbidatu eta garagardo artean elkarrizketa bat egiteak sortzen du haragoko harremantxo bat». Aranbururentzat, bizi esperientzia «ezin aberasgarriagoa» da Hala Bediren gisako irrati batean aritzea: «Musikazalea izan naiz beti; baina Hala Bedin sartzean konturatu nintzen Euskal Herrian zenbateko musika aberastasuna genuen. Talde batzuk ezagutu nituen, baina konturatu nintzen askoz ere gehiago zirela egiazki». Eragin handia izan du Basagurenengan ere, besteak beste Hala Bedi irratian aritzeagatik jarri baitzen Euskadi Irratia berekin harremanetan, eta egun Zidorrean musika saioa aurkezten du bertan. «Jende asko ezagutu dut Hala Bedin; musika asko ezagutu dut, kontzertuetara joan gara bertatik, eta Gasteizera etortzen zirenak elkarrizketatu ditugu...». Baleztenak ere ez dauka saltzeko irratiko esperientzia. «Kontzertuak antolatzen genituen. Esaterako, geuk antolatu genuen Willis Drummonden bat, haiek lehen diskoa atera eta segituan. Kontzertua sekulakoa izan zen; elkarrekin afaldu, ederki pasa, eta hor harreman estu bat sortu zen... Urte batzuk geroago, taldean amaitu nuen».
Hala Bediko langilea izan zen Aranburu, eta egun kolaboratzaile da oraindik. Hark laburbildu du irratiak funtsean zer eman dien kolektiboko kide guztiei: «Taldetasunaren kontzeptua eta funtzionatzeko modua ere hor ikasi ditugu; posible dela gauza handiak egitea baliabide txikietatik abiatuta, talde ikuspegi bat garatuz». Gasteizera ikastera joandako gazte askok bertan topatzen du nahikoa saltsa, nahikoa motibazio, gerora ere han bizi eta kultur nahiz herri mugimenduetan txertatzeko. Erraiakoak ez dira izan salbuespena.
... lagunekin bai
Erraia oinez hasi berri den haur bat da, baina zimenduak baditu; Gasteiz hiri bat da, baina baita «esperientzia» bat ere. Aranburuk azalpena: «Hiri bizia da Gasteiz, egun ere kultur mugimendu handia duena, nahiz eta askorentzat Gasteizko mugimendua 80ko hamarkadan geratu zen. Hura aspaldi gainditu zen. Egun, kolektibo asko dago martxan; kontzertuak antolatzen dira, herri mugimendua eta asanblearismoa hemen ezagutu ditugu».
Eta euskal musikaren azken urteetako historian ere eredu faltarik ez dute egin nahi dutena egin nahi duten moduan egiteko. Bidehutsen adibidea etorri zitzaien burura brastakoan. «Zigilua eta kolektiboa bera asko gustatzen zaizkigu; nola lan egiten duten, zer taldek osatzen duten... Kuriositatea genuen, eta bildu ginen eurekin. Modu eta gogo onez hartu gintuzten». Ez da sortu zaharra Mukuru kolektiboa ere, zeinak Gipuzkoako (Txost!, Klak!son, Muskulo, Peru Galbete, Hatxe...), Nafarroako (Kaskezur...) eta Nafarroa Behereko (Paxkal Irigoien, Seitan...) hainbat talde biltzen dituen. «Haietako batzuk ezagutzen ditugu; hitz egiten hasi, eta jabetu ginen oso antzeko ideia izan genuela, eta oso aldi bertsuan gainera: ez gara hain originalak!», dio Aranburuk. «Xedea ez baita originalak izatea», arrapostu umorezkoa Basagurenek. «Gure helburua ez da plataforma izugarri handi bat osatzea, talde askotakoa. Ederragoa litzateke txiki asko sortuko balira Euskal Herrian». Adibideak gehiago dira: urteak daramatza Tolosako Bonbereneak (Gipuzkoa) zigilu ez ezik musika eta kulturaren eragile gisa ere lanean; berrixeago da Iruñeko Nola kolektiboa, zeinak musika kalera ateratzeko aldarria egiten duen, besteak beste. «Zerbaiten seinale da», baieztapena Baleztenak: «Aspalditxotik ari da jendea autoekoizpenaren bidetik, baina, plataforma bat izanik, dena errazagoa da; lagun artean errazagoa da. Pentsatzen dut aurrerantzean ere aterako direla halako kolektibo dezente».
Lehen uzta, udazkenarekin
Oraindik zigiluak ez du erreferentziarik kalean. Baina kolektiboa osatzen duten taldeek martxan dute makineria. Izaki Gardenakek uztailaren hasieran grabatu zuen laugarren diskoa izango duena, Sevillan (Espainia) grabatu ere, Raul Perezen La Mina estudioan —Pony Bravo, Maika Makovski, McEnroe...—. «Motibazio bila genbiltzan, leku eta soinu berrien bila. Gustuko genituen Raulek grabaturiko disko batzuk, eta hara jo genuen. Aldaketa bila joan ginen, ea beste norbaitek egiten zizkigun guk egin ezin genituen aldaketak». Zortzi kantu berri, diskoaren izenik ez oraindik: «Irailean gara nahasketak egitekoak, eta azaro bukaeran plazaratuko dugu».
Montaukek ere egina du bigarren diskoa izango denaren «lanik handiena». Gasteizko Jimmy Jazzen grabatu dituzte zazpi kantu berriak. Urrian argitaratzeko asmoa dute: «Uste dut dezente aldatuko dela aurreko lanarekin alderatuta; ukitu ingelesagoa dauka, elektronika zantzu batzuk...», zehaztu du Goitiak. Haatik, Erraiaren lehen erreferentzia Joseba B. Lenoirrek udaberrian atera zuen Haiek izorra nahi haute / Kantu odolustuen bluesa singleaizango da, formatu fisikoan plazaratuko baitute. Baleztenak dio krisi aldi batetik ateratzen ari dela. «Musikaren munduarekin erreta egon naiz, aspertuta. Gauzak ondo egin nahian aritu naiz, baina sentsazioa zen beti hutsetik hasten nintzela. Horrek nekatu egiten du. Gauza askotan aritu naiz batera, eta nik neuk egin nahi dudana ezin ondo asmatu egiten. Singlearekin pozik geratu nintzen; baditut kantu gehiago, eta aurrerago disko bat osatu nahiko nuke».
Sorkuntza propioaren gorabeherez gain, Baleztenak kolektiboan topatuko du babesik, bultzadarik. Irabazi asmorik gabeko elkartea da Erraia, eta garbi dute batez ere grabaketa egin eta gero sartuko dela taldetasunaren indarra jokoan. Aranburu: «Aurretik ere egon litezke zenbait gauzatxo: non grabatu aholkatzeko, edo—aurretik egin bezala— noizbait elkarrekin kolaboratzeko... Baina erabakiak taldearenak berarenak dira diskoa grabatu bitartean». Kolektiboaren lana «sormena ez den horretan hasiko da», Basagurenek dioenez: «Disko banaketa, marketina, zer plataformatan eman... Elkarri lana arintzea, elkarri babesa ematea, egindako lana zabaltzea. Hor du egitekoa kolektiboak».
Erraietatik esana. Hala Bedi tabernako mahairen jiran geratu dira, biribilean.
UDAKO SERIEA. Sortaldeak (eta VI). Erraia kolektiboa.
Bakarrik, jo ez...
Bakartzearen mamua ez da arrotza indibidualismo muturrekoaren garaiotan; Gasteizko hainbat musikarik sortu zuten Erraia kolektiboa, ekainean, sorkuntza prozesutik haragoko kontuetan babesa, laguntza emateko xedez. Auzolanaren akordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu