Sormenak askotariko bideak hartu ohi ditu. Marrazkigintzan eta musikagintzan aurkitu zituen bere adierazpideak Paula Estevezek (Donostia, 1984). Urteak daramatza irudigintzan profesionalki lanean, bestelako ogibideetan ere aritzen den arren. Musika, berriz, lanetik kanpoko eremu gisa bizi du, eta Oki Moki pop-punk taldean dabil aspaldian. Arkatzak edo baxua eskuetan, bakarka edo taldean, ordenagailu aurrean edo oholtza gainean, modu desberdinean lantzen eta bizitzen du arlo bakoitza. Baina bietan nabari da punkaren eta autogestioaren eragina, haren izatearen parte dena.
Bere burua definitzeko, ilustratzaile edo marrazkilari kontzeptuekin erosoago sentitzen da musikari terminoarekin baino. «Ni musikari ez naiz sentitzen», dio; «duela oso gutxi hasi naiz musika egiten, jotzen; marrazkigintzarekin bizitza osoa daramat, eta ikasi egin dut horretan aritzeko, baina musikan ez daukat teknikoki gaitasun hori». Bata edo bestea, bere bizitzara lehenago zein iritsi zen esatea zaila zaio: «Txikitatik marrazten duzu, haurra zarenetik, 2 urte dituzunetik-edo, eta orduan, ez baduzu uzten, hori beti dago zurekin. Musika txikitan ere entzuten duzu, baina zuk zeuk egitea, igual ez da horren ohikoa».
Haur gehienak bezala, margoak eta arkatzak eskuetan ibili ohi zen Estevez txikitan; haur gehienak ez bezala, ordea, txiki-txikitatik izan zuen garbi horretan jardun nahi zuela etorkizunean ere. «Marraztu betidanik egin dut, eta txikitan esaten nuen hori egingo nuela handia izatean; txikitatik argi neukan hori». Musika ere entzuten zen haren etxean, eta zalea betidanik izan dela dio, nahiz eta musikarekiko grina nerabezaroan eta ahizparengandik jaso zuen bereziki; edonola ere, hortik sortzera koska bat egoten da, eta, Estevezen kasuan, hainbat urtetako koska igaro behar izan zen horretan aritzeko. «Musika asko entzun izan dut, eta nire bizitzaren parte garrantzitsu bat da, baina normalean entzule gisa izan da; kontzertu askotara joan naiz, baina nire baxua erosi nuen Berlinen bizi nintzenean, eta hori izan zen 2010ean-edo; beraz, esan genezake duela gutxi izan zela».
Hori, baina, geroago heldu zen. Haurra zela eginiko hautuari jarraituz, ordurako Arte Ederretako ikasketak eginak zituen. «Nik, berez, marrazketa ikasi nahi nuen, edo ilustratzailea izan nahi nuen. Egia da Arte Ederrak ikastean asko zabaltzen dela zure ikuspegia, zeren, ez dakit nola den orain, baina behintzat garai hartan, lehen bi urteetan nahi eta nahi ez egin behar zenituen eskultura, pintura, marrazketa, argazkigintza... Eta aukera asko irekitzen zaizkizu hor. Baina nahiz eta nik ilustrazioa egin nahi nuen, garai hartan ez zegoen horretan espezializatzerik».
Aukera hori ez zegoenez, argazkigintzara eta ikus-entzunezkoetara jo zuen espezializazioa hautatzean. «Hor marrazketa alde batera utzi nuen pixka bat. Gainezka eginda bukatu nuen unibertsitatea ere; dena asko teorizatu behar zen, eta gauza batzuetan ondo dago hori, baina marrazteko edo ilustratzeko ez duzu hainbeste teorizatu behar, zeren teoria ja ematen dizute testuan edo ilustratu behar duzun horretan. Pixka bat erreta bukatu nuen». Ikasketak bukatuta, urtebete inguru egin zuen Euskal Herrian. «Baina ez nuen irtenbiderik topatzen lan munduan; bueno, tabernetan egiten nuen lan. Eta orduan Berlinera joan nintzen. Han lau urte pasatu nituen, eta han berreskuratu nituen pixka bat marrazketa, ilustrazioa, pintura... Galeria batean lan egin nuen, eta hango artistak ikusteak ere nolabait motibatzen ninduen nik nire gauzak egiteko».
Garai hartan, musikaren bueltan mugitzen ziren hainbat lagun zituen Berlinen. «Lagun dezente nituen kontzertuak antolatzen zituztenak, eta kartelak eskatzen zizkidaten kontzertuetarako. Eta hala, berriro hartu nuen martxa ilustrazioan eta kartelgintzan». Baina, artean, ez zen bere kantak sortzen hasia. «Han musikazalea nintzen, beti izan naizena». Zaletasuna, marraztearekikoa bezala, bere sorkuntzetarako bide bihurtu zitzaion denborarekin.
Autoedizioa muinean
Ordutik, ilustrazioan, komikigintzan eta animazioan aritu da Estevez, eta bere lanak hainbat liburu eta argitalpenetan eman ditu, hala nola Argia-n, Gaztezulo-n eta BERRIAn. Bere obren artean da, besteak beste, Arraroa (2017) album ilustratua, Ainara Azpiazu Axpi-rekin ondu zuena eta Etxepare Saria ekarri ziena. Biek eta beste hainbat marrazkilarik Tupust! kolektiboa ere sortu zuten, komikia euskaraz eta genero ikuspegiz lantzea xede duena, eta Tupust! Ni (Txalaparta, 2019) komiki bildumarekin ezagutzera eman zutena —oraintsu jarri dute martxan Tupust! Zu bigarren lanaren aurresalmenta, autoediziorako dirua biltzeko—. Autoeditatutako hainbat argitalpen ere sortu ditu —Hijos Acabados esaterako, Mikel Larraiozekin eta Maite Caballerorekin batera—, eta beste zenbait fanzine eta aldizkaritan ere eman ditu bere lanak —Berlin Scrawling, So International Zine, Cáñamo...—. Hain zuzen ere, autoekoizpenean arreta berezia jarri izan du bere ibilbidean, eta jartzen jarraitzen du gaur egun ere. Horren adibide da, Berlindik itzulita, eta Larraiozekin eta Caballerorekin batera, Guillotina Fest Donostiako autoedizio topaketa sortu izana, sortzaileak biltzeko eta fanzineak zein autoeditatutako bestelako materialak zabaltzeko.
Musikan ere bide beretik jo du Oki Mokirekin, taldeak autoekoitzi egin baititu orain arteko bere bi lanak: Ocean Breeze (2017) eta Working Class Pop (2020). Eta bi munduak behin baino gehiagotan elkartu izan zaizkio, sarritan egin izan baititu kontzertuetarako kartelak nahiz hainbat talderen diskoen azalak —bai Oki Mokirenak, baita Arrotzak, Melenas zein The Grace of Dionysus taldeenak ere, besteak beste—.
Berlinen erositako baxua bere kabuz ikasi zuen jotzen, eta Aritz Aranbururekin sortu zuen Oki Moki. «Berak taldeak zituen lehendik, Arrotzak taldean ibiltzen da, eta musika etxean egiten hasi ginen, ondo pasatzeko; ez zen asko pentsatutako zerbait izan, abestiak egiten hasi ginen etxeko saloian, eta aurrera jarraitu genuen». 2017an, kasete bat grabatu zuten, etxean, eta kontzertuak ematen hasi ziren. «Gu kontzertu askotara joaten gara, Aritzek antolatu ere egiten ditu Getariako gaztetxean... Sare bat badugu, eta nahiko erraza izan zen kontzertuak lotzen hastea». Pixkanaka, eta kontzertuak egin ahala, taldea handituz joan zen. «Oso gutxirekin hasi ginen: gitarra eta baxua ginen bakarrik, eta erritmo kaxa bat genuen bateria gisa, eta gerora hasi gara bateria batekin».
Bizipenak eta sorkuntzak
Pop-punk lofi terminoekin definitu izan dute Oki Mokiren musika. Popetik zein punketik edaten dutelako, eta beren lanak etxean grabatzen dituztelako. Ilustrazioan, berriz, enkarguen araberako askotariko lanak egin ohi ditu, baina baita bereak ere. Eta bateko zein besteko lanetan nabaritzen ditu ezberdintasunak, baina baita antzekotasunak ere. Gaietan eta estetikan, adibidez. «Musikan, gure eguneroko bizitzaren inguruan hitz egiten dugu gehienbat. Gure abestiak pertsonalak dira, baina politikoak ere bai, nolabait. Eta ilustrazioan, betiere bezeroentzat lan egiten ez dudanean eta nire lanak egiten ditudanean, pixka bat fikziora jotzen dut; gustatzen zait fikziozko munduak sortzea, eta pertsonaiak ere bereziak izatea; punk munduaren eragina badute igual, pertsonaia desobedienteak edo gizartetik pixka bat out daudenak irudikatzea gustatzen zait, betiere fikziozko ikuspuntutik».
Egunerokoaz dihardu kantuetan, eta fikzioa maite du marraztean, beraz. Baina bietan dago nolabait punkaren eragina. «Punka dago nire pertsonan, nire inguruan; azkenean, gu mugitzen garen leku gehienak autogestionatutako lekuak dira, taldeak ere mundu horretatik datozenak dira asko... eta hori nire pertsonan barneratuta bezala dago. Autoedizioan ere ibili naiz fanzineak egiten, eta musika ere guk autoeditatzen dugu, etxean grabatuz, gure baliabideekin; orduan, hori beti dago presente nire bizitzan, izan musikan, izan ilustrazioan... guztian».
Irudiak beste norbaitentzat sortu behar baditu, eta ez badator proposatutako gaiaren harira, azaldu du ohikoan bere mundu pertsonal hori ez duela sartu izan. «Hor egongo dira nonbait zure bizitza edo zure bizipen pertsonalak sartuta, baina ez daude begi bistan. Aldiz, nik nire kontura marrazten ditudan horietan bai aurkitzen direla txertatuta gauza horiek. Badago zerbait estetikoki, baina gehienbat irudikatzen ditudan pertsonaietan eta haien munduan, nire ustez».
Bakoitzari bere denbora
Bakarrik aritzen da Estevez irudiak ontzerakoan, baina ez guztiz. «Ilustrazioan bakarka aritzen naiz lanean, baina normalean zerbaiti erantzun behar diot; enkarguak egiten ditut normalean, eta beste aldean norbait egoten da. Orduan, badago elkarlana, baina ez da fisikoki leku berean batera lanean aritzea; nor bere ordenagailuaren beste aldean dago». Eskakizun batzuei erantzun behar izaten diela, eta hartu-eman bat egoten dela azaldu du. Baina hortik aurrera, irudiak sortu, bakardadean sortzen ditu.
Desberdin da musikan. «Kantuak normalean etxean sortzen ditugu, eta, beraz, elkarrekin aritzen gara lanean; ez da ilustratzean bezala, hartu-emana badagoen arren bakoitza leku batean dagoela eta ez dela une berekoa. Kantuak sortzerakoan bai». Halere, bakoitzaren denbora libreak ere baldintzatzen du kantuen sorkuntza. «Askotan ez dugu denbora askorik, eta orduan batek ateratzen du melodia bat, eta gero elkartzean hasten gara melodia horretatik tiraka, edo hitzak falta badira, batak edo besteak egiten du, denbora dugunean. Gure lanetatik aparte ditugun zirrikitu horietan, denbora tarte horietan osatzen ditugu abestiak, eta beti sortzen ditugu etxean. Astean behin edo bitan joaten gara lokalera entseatzera, baina konposizio lana beti etxean egiten dugu».
Ilustrazioa, musika, bestelako lanbideetan ere aritzea... Antolatzea eskatzen du horrek. Eta egunaren araberakoa izaten bada ere, jardun bakoitzak bere denbora izaten du Estevezen egunerokoan. «Ez naiz bakarrik ilustrazioan eta musikan aritzen; beraz, agenda oso ondo antolatu behar izaten dut; denbora libre gutxi daukat». Marraztean, sarri, proiektuaren epe mugek eragina dute. «Baina goizetik hasten naiz, eta arratsaldera arte jarraitu dezaket marrazten. Musika, berriz, hartzen dut pixka bat denbora librean egiten dudan zerbait bezala, eta goizetan ez, normalean beti arratsalde-gaualdean egiten dut, Aritzek ere bere lana duelako; entseguak ere zazpietatik aurrera izaten dira, gaualdean».
Edonola ere, askotan sartzen da mundu bat bestean. «Ez beti, baina batzuetan, marraztean musika entzuten dut; lehen gehiago, orain nahiago dut isiltasunean lan egin. Igual epe mugen estres hori dudalako orain, eta lehen ez, eta estres hori duzunean isiltasuna behar duzulako lan egiteko. Baina bai, inspiratu izan naute abestiek, letrek, musikariek...».
Askeen, sortze prozesuan
Bi diziplinak ditu maite, eta gauza ezberdinak ematen dizkio bakoitzak. «Argi daukat musikak ematen didana jendearekin elkartzea dela, harreman sozialak sendotzea». Pandemia garaian, kontzertuak urriagoak izanik, jabetu zen jende ugari ez zuela urtebetean ikusi, kontzertuetan elkartu ohi zirelako. «Lagunak dira, kontzertuetan beti hor dagoen jendea da, baina gero, egunerokoan, ez garenak egoten. Badago sare bat mundu horretan, gehienbat autogestioaren, gaztetxeen munduan, eta harreman oso sendoak daude, baina kontzertuei lotutakoak dira, eta hori etetean, harreman sozialen parte handi bat eten zen».
Marrazkigintzak ematen diona, berriz, hitz bakarrera ekarri du: «Plazera. Gustuko dudan zerbait egitea da. Beti ez dugu nahi duguna egiten, edo ez nahi dugun bezala. Baina asko gozatzen dut».
Bai musikan, bai irudigintzan, sortze prozesuan sentitzen da askeen, bere lana jendaurrean aurkeztean baino gehiago. Askeago, musika egitean aritzen dela dio, eta ilustratzean, beste inorentzat lan egiten ez duenean. Maite du, halere, besterentzat marratzea, bere «konfort eremutik» aterarazten duten lanak ere izaten dituelako. «Adibidez, Argia-rentzat iritzi ilustrazioak egiten ditut bi astetik behin; txikiak dira, eta nahiko azkarrak. Baina gustatzen zait hori; idazle batek emandako testu bati erantzun behar diot, eta zeure burua horretara jartzea, gai horiez pentsatzea... Ariketa interesgarria da norberarentzat ere».
Bi munduak beregan batzen jarraitzen du Estevezek; arkatza esku batean, eta baxua bestean.
Bihar: Ane Pikaza.
UDAKO SERIEA. Han eta hemen (IV). Paula Estevez.
Autoekoizpenetik, irudiz eta doinuz
Arkatza esku batean, baxua bestean. Aspalditik du marrazkigintza lanbidetzat Estevezek; musika sortzen, berriz, geroago hasi zen, Oki Moki taldearekin. Jardun oso desberdinak izanagatik, autogestioaren ideiaren eragina suma daiteke arlo bateko zein besteko haren sorkuntza gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu