UDAKO SERIEA. Sortzaileak eta genero lanketa (III). Miren Gojenola.

«Aurreiritziak daude andreek idatzitako obrez»

Aktore lanetan 18 urterekin hasi zen, eta, urteotan, zineman eta telebistan baino, oholtza gainean sumatu du parekidetasun handiagoa; batez ere, emakumeak antzezlanak idazten hasi zirenetik.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Hernani
2016ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Gizonen espaziotzat jo izan dira plazak eta, oro har, edozein espazio publiko mendeetan, eta espazio pribatura mugatu izan da emakumeen presentzia. Ordea, espazioaren banaketa ustez natural horri aspaldi egin zion kritika feminismoak, eta aspaldi hasi ziren andreak plazak hartzen, hitzaren zentzurik zabalenean. Kultura ez da iraultza horretatik kanpo geratu, eta esparru bakoitzean, lehenago edo geroago, bestelako begirada eta ahotsez joan dira betez plazak. «Behin irakurri nuen antzerkia dela emakumeak oholtza hartu zuen lehen espazioa; musika, pintura edo beste arlo batzuekin alderatuta, askoz ere arinago gainera, 300 urte lehenago agian», azaldu du Miren Gojenolak (Lekeitio, Bizkaia, 1968). «Gure lanbide modura ez dakit, baina hor aritzeko eskubidea hartu genuela bai». Gogoeta eragin zion irakurritakoak aktoreari. «Pentsatu nuen, begira... Nik behintzat sekula ez dut topatu antzerkia matxista edo feminista, ez dut sekula hori sentitu... Antzerkian diot, e? Nire kasuan, gizon nahiz emakume elkarrekin aritu izan gara beti, eta nire inguruan behintzat, sekula ez dut horren kutsurik hartu, matxismo hori nabaritu. Orokorrean badagoela? Bai, hori seguru».

Gojenola 18 urterekin hasi zen aktore, eta antzerkian, zineman eta telebistan aritu da urteotan. Antzerkia beste bietatik bereizten du genero berdintasunari dagokionez; lehenean topatu du parekidetasunik handiena, arlo askotan gainera: sorkuntzan bertan, lanerako giroan, andreentzat idazten diren roletan, zuzendarietan... Hika Teatroa taldean hasi zen, eta gogoan du hasiera. «Neskak eta mutilak ibiltzen ginen, eta taldekideok lanak banatzen genuen; horretan ez genuen desberdintasunik. Ni hala hasi nintzen, gizonek eta emakumeek eskubide berak genituen mundu batean». Gogoan du obrak sortzen ere denak elkarrekin aritzen zirela. «Talde lanean aritzen ginen: geuk lantzen genuen sormena, eta, beraz, guztiok adierazten genituen geure sentimendu eta arazoak, bai mutilek, bai neskek». Hala jaio ziren Eta ohea egin gabe eta beste hainbat lan. Denborarekin, Agurtzane Intxaurraga taldekidea zuzendari lanetan eta obrak idazten hasi zen, «eta bide horretan segitzen du».

Horretan bai sumatu du garapena Gojenolak aktore moduan daramatzan urteetan: garai batean baino emakume gehiago dabiltzala orain antzezlanak idazten, eta horrek aldatu egin duela emakumearen presentzia lanetan. Jokatzen dituzten roletan, esaterako. «Lehen, gizonek idazten zituzten obrak batez ere; horietan, gizonezkoentzat rol gehiago izaten ziren, eta gu, berriz, beti inguruan, rol txikitxoekin edo norbaiten emazte gisa, edo... Baina orain nabaritzen da desberdintasuna. Egun, badaude antzerkia idazten duten emakumeak, eta haien lanetan rol gehiago ematen zaizkie emakumeei; protagonistak ere badira, eta mota askotako emakumeak agertzen dira gainera, adin ezberdinetakoak, norberaren sentimenduak agertzen dituztenak... Nik ikusi dudanagatik, behintzat, halakoak emakume batek idatziak izan ohi dira». Intxaurraga bera, Arantxa Iturbe, Garbi Losada, Teresa Calo eta Nagore Aranburu jarri ditu adibide modura, baina gehiago ere badirela nabarmendu du.

Gojenolak uste du haiek ere ez zutela erraza izango. Badaki leku guztietan ez dela izaten berak hastapenetan izandako giro bera, eta maiz entzun die lankideei bestelako bizipenak kontatzen. «Ezer idatzi aurretik jada klixe bat daukatela entzun izan diet, gizon batek idazten badu ez duela inork lan hori aurrez sailkatzen, baina emakume batek idazten badu eta lehenagotik beste batzuk idatzi baditu jada denek estilo batean sartzen zaituztela, ikusi aurretik aurreiritziekin jokatzen dutela. Emakumea da; beraz, antzezlana poetikoa da, sentsiblea, biguna... Hor sartzen zaituzte. Aldez aurretik esaten da: 'Hau da? A, bada, honek hau egingo du', emakumea izatearren bakarrik. Hori gizon bati ez zaio gertatzen: ez da aurrez pentsatzen zer egingo duen». Gizon batek idatzitako obra batek «indar edo dinamismo handiagoa» izango duela pentsatzen dela dio, «horretara ohitu gaituztelako», baina uste du emakumeen lanek ez dutela zertan horregatik atzean geratu, «ikusleentzat indar eta interes berbera izan dezakete eta».

Rolak, fisikoak eta adinak

Askotariko emakumeak agertzen dira antzezlan, film eta telebista saioetan, gero eta askotarikoagoak. Baina badira pertsonaia estereotipatuak oraindik ere, baita andrazkoek jokatu beharreko roletan ere. Gojenolak dio berari ez zaiola inoiz egokitu emakume irreal baten azalean sartzea. «Niri, normalean, emakume... nola esan... arrunten rolak eskaini izan dizkidate». Fisikoak, dena den, aktore lanbidean baduela zeresanik uste du. «Ez dut gustukoa emakumeak sailkatzea, baina, normalean, 20-30 urte inguruko emakume bat bazara, itxura onekoa, guapatxoa, eta zure lana ongi egiten baduzu, lan asko edukiko duzu; aktore ona izateaz gain, uste dut ezaugarri horiek edukita aukera gehiago izango dituzula; hori gaur egun horrela da». Gizonezko aktoreak aukeratzeko ere fisikoari garrantzia ematen zaiola gehitu du. Baina emakumeen kasuan, berezitasunak ikusten ditu. «Gizonek idatzitako obretan batez ere, protagonista edo haren emaztea beti izango da neska guapa bat: hori horrela da. Ez dugu esango gu ez garenik guapak, e! [barrez] Baina ez gara sartzen neurri horietan; ni, behintzat, sekula ez naiz sartu».

Horren harira, zenbait lan ikustean, galdera etorri izan zaio burura: «Zenbat emakumeri ez ote zaie eman aukera rol hori egiteko, ez dutelako fisiko jakin hori...? Agian gertatuko zitzaidan...». Aldiz, zuzendari batek «neurri horietatik, klixe horretatik kanpora dagoen emakume bat aukeratzean arriskatu» egin duela ere pentsatu izan du, zentzu onean bada ere. «Zeren, hala esan behar da, ikusleen begietara badakigu zer den normalena; hala hezi gaituzte, eta hala bonbardatzen gaituzte egunero telebistan».

Fisikoaren pisua zineman are handiagoa dela uste du aktoreak. Eta, hemen ere, adinaren faktorea aipatu du. «Hala ere, uste dut zinema independente bat badagoela hori bazter batera utzi edo garrantzia beste kontu batzuei ematen diena. Baina telebistan, esaterako, arratsaldeko telebista saioak ikusten dituzu, eta zenbat emakume daude 40 urtetik gorakoak? Eta 50 urtetik gorakoak? Horiek ez al dute ezer kontatzeko edo? Gainera, gazte-gazteak zahartu egiten dituzte, eta 28 urteko bat izan daiteke 18 urteko baten ama! Baina zer da hori? Non sartuko gara beste guztiok? Izugarria da. Bizitza aurrera doa, baina 40-50 urteko zimurrik gabeko emakumeak jartzen dituzte».

Dena den, bai zineman eta bai telebistan beti esperientzia onak izan dituela dio. Hainbat film laburretan ez ezik, bi film luzetan ere parte hartu du: Arantxa Lazkanoren Urte ilunak (1994) eta Aizpea Goenagaren Zorion perfektua (2009) lanetan. Eriz Alberdiren Brunilda (2016) film laburrean jardun du orain gutxi.

Aktoreak zuzentzeko lanaz

Hikan ez ezik, beste hainbat konpainiatan ere jardun du Gojenolak aktore moduan —Pok, Txalo, Ados...—. Zenbait obratan, zuzendari laguntzaile ere jardun du—Hikaren Hitzak (2012) eta Adosen Ladydi (2016) antzezlanetan, kasurako—, baita aktoreen zuzendari lanetan ere. Goenkale da horren adibide. Bost denboraldiz Amaiaren rolean jardun ondotik hartu zuen aktoreak zuzentzeko ardura, eta hamar urtetik gora egin zituen horretan. Azaldu du ez zuela inoiz emakume izateagatik aktoreekin arazorik izan kameraren aurrean egoteari utzi eta atzera pasatzean, nolabait inoren aginduetara aritzeari utzi eta agintzen hastean. «Begira, nik beti gauza bera esan izan dut: ni aktorea naiz, eta niri erakutsi didatena edo nik erakutsi ahal dudana emango diot besteari. Nik neure esperientziatik pertsonaia edo eszena hori nola bideratuko nukeen azaltzen dut beti. Nik nola lagundu dezakedan pentsatzea da nire lan egiteko modua, bai emakume bati, bai gizon bati».

Laguntzea da bere lana ulertzeko modua, baina, batzuetan, agindu zehatzagoak-edo eman beharra ere izaten da zuzendari lanetan. «Bai, eta horretarako ere badut... malaletxe ona [barrez], edo garboa, bai. Izan naiteke goxo-goxoa, baina, atera behar denean, atera egiten da. Eta, egia esan, ez dut inoiz arazorik izan». Oraintxe, Urnietako hainbat herritar prestatzen ari diren Gabon, Txirrita lana zuzentzen dabil, Mikel Laskurainekin batera.

Duela sei urtetik, antzerki tailerrak ere ematen ditu Gojenolak. Gipuzkoako hiru udalerritan aritzen da horretan, 30 urtetik gorako lagunekin oro har, eta talde guztietan gehienak emakumeak izaten direla dio. «Kulturan, gaur egun, uste dut askoz ere gehiago mugitzen garela emakumeak; ez dakit, gauza gehiago probatzeko jakin-mina edo gogo bat ikusten da hor. Agian, hamabi laguneko talde batean bi baino ez dira gizonak, eta eskerrak horiek dauden, inprobisazio edo jolas bat egitean haien ekarpena ezberdina da eta. Osagarria da, beharrezkoa».

Neurri batean beldurrak eta lotsak bazter uztea eskatzen duen heinean, antzerkia pertsonen ahalduntzean laguntzeko tresna egokia izan daitekeela esan izan da. Eta hala izan daitekeelakoan dago Gojenola ere. «Tailerretatik kanpo egitera ausartzen ez zaren gauzak egitera ausartzen zara hor, sekula pentsatuko ez zenituenak. 'Ni hau egiteko gauza naiz?', pentsatzen duzu. Bada, bai, azkenean ateratzen dira. Gainera, normalean, taldeak ez dira jende askokoak izaten, eta orduan gauza gehiago egitera ausartzen zara, konfiantza hartuz joaten zara, besteengandik ikasten... Nik, behintzat, edozeini esango nioke parte hartzeko». Gizon zein emakume.

Gazteak eta kulturgintza

Tailerretan nagusiagoekin jarduten bada ere, gazteekin ere badu harremanik, eta, generoaren lanketari dagokionez, badu itxaropenik haiengan. «Ez dakit, agian gure garaian kontzientziatuago geunden zenbait gauzarekin; nire inguruan horrela zen. Baina, orduan, agian ez zeuden gaur egun gazteek eskoletan gai honi buruz dituzten hitzaldi eta solasaldiak. Sinesmenetik azaldutakoa eta erakutsitakoa itsatsita geratuko zaiela konbentzituta nago. Gure gazteengan konfiantza dut».

Kultur arloan, oro har, sumatu du aldaketarik, onerako. «Ikusi besterik ez dago kulturan zenbat emakume dabiltzan lanean, gehienak esango nuke; beraz, hor zer edo zer aldatu da». Agian, haien lanak ikusgarriago egitea da falta dena, haren ustez: «Besteen begien aurrean jartzea». Elkarrizketa osoan hizpide izandako auziaz berak obra bat egin beharko balu, antzezlan bat izango litzatekeela dio, «oso fisikoa eta oso bisuala», eta zein istorio kontatu nahiko lukeen ere azaldu du: «Hesiak eta oztopoak gaindituz, aurrera egin nahi duen pertsona batena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.