Probarako banku» gisa definitu izan dute Gasteiz, etxebizitza politikez hitz egitean. Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, han eraiki da gehien azken hamarkadetan. INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, etxebizitza parkea %26,7 handitu zen hamar urtean: 2001etik 2011ra arte, ia 23.500 etxe eraiki zituzten. Epe horretan, Bilbon, Donostian eta Iruñean guztira 34.500 etxe inguru eraiki zituzten. Batetik, ondorio onak izan zituen etxebizitza sustapen handi hark. Baina, bestetik, hirigintza planifikazio ezegoki batzuk utzi ditu agerian, eta ezbaian jarri du hiriaren kohesioa. Horien artean bat nabarmendu dute: hiria zabalean gehiegi hazi izana.
2011n Gasteizko hiriak 2.691 hektarea hartzen zituen, INEren arabera, eta 111.403 etxebizitza zeuzkan: alegia, hektarea bakoitzeko 41. Urte hartan bertan, Donostiak 67 etxebizitza zituen hektareako, Iruñeak 79 eta Bilbok 143. Unai Fernandez de Betoño EHUko irakasle eta hirigintza eta lurralde antolaketan adituak azaldu du dentsitatea alda daitekeela, hiriaren ezaugarrien araberakoa dela; hala ere, gaineratu du auzo bat iraunkorra izan dadin gutxieneko dentsitate bat behar duela. «Gaur egun, esaten da hektareako gutxienez 100 etxebizitza izatea komeni dela; agian, 90 edo 80, hiriaren arabera, baina ez hori baino askoz gutxiago».
Familia bakarreko etxebizitzak, Gasteizen. Raul Bogajo, Foku
Fernandez de Betoñok zehaztu du hirigitza politikak modu askotan izan daitezkeela okerrak; Gasteizko «proba bankuaren» kasuan, akatsa gehiegi zabaldu izana dela uste du. Horrek hainbat arazo ekarri ditu, eta, konpondu ezean, areagotu egingo direla ohartarazi dute adituek. «Arkaiatetik ibilaldi bat eginez gero, erraz ikus daiteke zein izan den hirigintza planifikazio oker baten eragina», hausnartu du Fernandez de Betoñok. Salburuko eremu horretan azpiegitura guztiak eginda daude: errepideak, argiztapena, estolderia... Baina orube gehienak hutsik daude, sastrakaz beteta, kasu batzuetan hesituta, eta horien artean daude etxebizitzak, han-hemenka.
Ekonomiko eta soziala
Horrela eraiki izanaren kalteak maila askoan geratzen dira agerian, Itziar Aguado EHUko irakaslearen eta giza-geografian eta hirigintzan adituaren ustez. Batetik, kostu ekonomikoa aipatu du: «Zenbat balio du eremu horretara argindarra eramatea? Estolderia? Garraio publikoa? Hondaki bilketa? Garbiketa?». Ekonomikoaz gain, denbora gastua ere badela erantsi du: hango bizilagunek egunero erdigunera, lanera, erosketetara joateko behar duten denbora. «Kostu guztiak gehituko bagenitu, agian errentagarriagoa litzateke bizilagunak beste etxe batzuetara mugitzea».
Fernandez de Betoñok zein Aguadok «kalte soziala» ere aipatu dute. Betoñok egonkortuta ez dauden auzoetako bizilagunengan jarri du arreta: «Eremu horietan bizi direnen bizi kalitatean eragiten du, zuzenean». Aguadok eragin eremua zabaldu du, eta ezbaian jarri du hirigintza politikaren oinarrietako bat: etxebizitza berrien ehuneko handi bat babes ofizialekoa izan behar izatea. «Etxebizitza eskubidea bermatzen laguntzeko neurria izan daiteke, baina segregazioa ari da sortzen».
"Egun, esaten da hektareako gutxienez 100 etxebizitza izatea komeni dela; ez 90 edo 80 baino askoz gutxiago"
"Dentsitatea handitzea ondo dago, baina eraiki ez diren orubeen izendapena aldatzea falta da, bertan ez eraikitzeko"
Unai Fernandez de Betoño. EHUko irakaslea
Gogora ekarri du, oro har, hiriaren kanpoko aldean baino ez direla eraikin berriak egin. Bada, horrek hiru segregazio mota eragiten dituela, maila batean edo bestean. Bat: segregazio ekonomikoa, auzo berrietan dagoelako alokairu sozial gehiena. Bi: adinaren araberakoa, jende gaztea mugitzen delako hara. Hiru: hein handi batean aurrekoekin lotua, «migratzaile estatusaren araberako segregazioa». «Jasangarritasuna nahasketarekin lotuta dago: espazioaren erabilerak, herritarren nahasketak... Eraikin oso bat etxebizitza sozialetara bideratuz, segregazioa sustatzen da».
Gasteizko ezaugarri nagusietako baten gainean ere eztabaidatu beharko litzatekeela hausnartu dute bi adituek: berdeguneak. «Pertsonen neurrikoa ez den eskala batean eraiki da. Horren parke handiak behar ditugu auzoen barruan? Edo txikiagoak izan beharko lirateke?», hausnartu du Aguadok. Fernandez de Betoñok eztabaida hori zilegi dela gaineratu du, aukera guztiak argudiatu badaitezke ere: «Gozamena da espazio berdeak egotea, baina hausnartu behar da beste zer eragin izan ditzaketen: segurtasuna, auzoaren trinkotasuna baldintzatzea...».
Aurreko hausnarketa «hirigintza inklusiboarekin» eta «genero ikuspegia garatzen ari den hirigintzarekin» lotuta dagoela azaldu du Aguadok. Espazioen arteko distantziak handitzeakmugikortasunean eragiten du zuzenean. «Askotan sustatzen ari da gizonek antolatutako hirigintza bat, gizonentzat pentsatua».
Iraganetik, etorkizunera
Fernandez de Betoñok gogora ekarri du dentsitate txikiko auzoak ez direla berriak. Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate zen garaian, Lakua auzoa eraiki zuten, eta, han ere, dentsitate txikia izan zen hasieratik. Auzo hori astiro eraiki zuten, ordea. Alfonso Alonso alkate zenean, hirigintza plan orokorra aldatu zuten. Salburuan eta Zabalganan aurreikusita zegoen etxebizitza kopurua eta hedadura handitu zituzten. Auzo horiek, Lakua ez bezala, urte gutxian eraiki zituzten, egonkortzeko aukera eman gabe.
"Iraunkortasuna eta nahasketa lotuta daude; eraikin oso batean etxe sozialak jarriz, segregazioa sustatzen da"
"Pertsonen neurrikoa ez den eskala batean eraiki da; horren parke handiak behar ditugu auzoen barruan"
Itziar Aguado. EHUko irakaslea
Agintari politikoek aitortu dute auzo berrietan arazo bat dagoela. Dentsitate txikia zuzentzeko plangintzan aldaketak egin dituzte: familia bakarreko eraikinak plangintzatik kendu, solairu gehiagoko eraikinekin ordezkatu... Itziar Aguadoren ustez, ez da nahikoa. «Dentsitatea igotzea ondo dago, baina ez litzateke beste lekuetan eraiki behar hutsik dauden orubeak betetzen diren arte». Fernandez de Betoñok gaineratu du hori egiteko bideak mahai gainean daudela. «Eraiki gabeko orubeen izendapena aldatzea falta da, horietan ez eraikitzeko».
Lurren deskalifikazioa eztabaidagai dago egun. 2018an hori egiteko proposamen bat egin zen, udalak eskatutako ikerketa batean. Ikerlanean proposatu zuten 26 eremutako lur urbanizagarrien kalifikazioa moldatzea; eremu horietan 1.978 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen aurreko planean. Proposamen horrek talka egin du orube horien jabe batzuen asmoekin. Gasteizko hegoaldean dago eremu horietako bat, Mendiza
bala eta Armentia artean, hiriko auzor aberatsenetako batzuen ondoan.
Hori eztabaidatu bitartean, Gasteiz hegoaldean, Aretxabaleta herriaren inguruan, eraikuntza lanak suspertu dira. Orube gehienetan ez dago garabirik, baina errepideak eta espaloiak eraikita daude jada.
Etxebizitza berriak, hutsik dauden hainbat oruberen alboan, Lezkairun (Iruñea). Jagoba Manterola, Foku
Deszentralizazioarekin, garraioa jomugan
Azken bi hamarkadetan gero eta pertsona gehiago mugitu da hirietatik udalerri txikiagoetara, lurraldea antolatzeko gidalerroen babesarekin, neurri batean. Horrek zuzeneko eragina izan du mugikortasunean.
Industrializazio garaian, herri txikiak hustu egin ziren, horitako herritarrak hirietara joan zirelako; 1990etik, kontrako prozesua gertatzen ari da». Roberto Torres EHUko Geografia irakaslearen arabera, prozesu hori nabarmen aldatu da eskualde batetik bestera. Zenbait eremu aipatu ditu errenkadan: Bizkaian Txorierri, Uribe Kosta eta Mungialdea; Araban, Lautadako herri jakin batzuk; Gipuzkoan, Zumaian, Hondarribian eta Tolosaldean. «Dentsitate handiko hirien inguruko udalerri txiki batzuek populazioa irabazi dute», azaldu du. Halaber, gaineratu du herrietara mugitu diren askok garai bateko lana mantentzen dutela hirietan, eta horrek mugikortasunaren inguruko hausnarketa eragin duela.
«Egunero egiten diren joan-etorriak areagotu egin dira», esplikatu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak bildutako datuen arabera,%22,7 igo dira lan egunetan egindako bidaiak 2003tik 2016ra: %57 Araban, %20,6 Bizkaian eta %12,1 Gipuzkoan. Lanari dagokionez ere, lekualdatzeak ez ezik, bidaian egindako denbora ere areagotu egin dela azaldu du Torresek. «Lantokia etxetik zenbat eta urrunago egon, orduan eta denbora gehiago erabiltzen da lekualdatzeko, eta gehiago erabiltzen da autoa».
Garraio publikoaren eraginkortasun falta antzeman daiteke datu horien atzean, Torresek iradokitzen duenaren arabera. Udalerria zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta erabiltzaile gutxiago izango ditu, eta, ondorioz, garraio publiko eraginkorra eskaintzeko aukera txikiagoa izango du: ordutegi maiztasun mugatuagoak, herrian geltoki gutxiago...
Udalerri txikietan biztanle kopurua handitzeak, garraio publikoan ez ezik, bestelako zailtasunak ere ekarri dituela azaldu du EHUko Geografia saileko irakasleak. Herritar berriekin batera udalen diru sarrerak igo baziren ere, eskaini beharreko zerbitzuek hein berean egin zuten gora. Ordea, eraikitzeko moduak ez zuen antolakuntza hori erraztu, adibidez, familia bakarreko etxebizitzak egin zirenetan.
Lurralde antolaketak eragin
Deszentralizazio prozesua lurraldea antolatzeko gidalerroek ahalbidetuta gertatu da, Roberto Torresen ustez. Azaldu du 1997ko gidalerroek populazioaren banaketa orekatuagoa bilatu zutela, eta, horretarako, herri batzuk «deskontzentrazio habitat» izendatu zituztela. «Horrela izendatuta ez zeuden udalerriek baino etxebizitza gehiago eraikitzeko baimena zuten».
Hortaz, hirigintzaren gaineko gogoeta beste maila batera eraman daitekeela nabarmendu du Torresek: «Lurralde antolaketak zerikusi handia du mugikortasunarekin, eta horrek, aldi berean, beste hainbat gairekin: ingurumena...».
Bihar: Prezioen gorakada.