Probarako banku» gisa definitu izan dute Gasteiz, etxebizitza politikez hitz egitean. Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, han eraiki da gehien azken hamarkadetan. INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, etxebizitza parkea %26,7 handitu zen hamar urtean: 2001etik 2011ra arte, ia 23.500 etxe eraiki zituzten. Epe horretan, Bilbon, Donostian eta Iruñean guztira 34.500 etxe inguru eraiki zituzten. Batetik, ondorio onak izan zituen etxebizitza sustapen handi hark. Baina, bestetik, hirigintza planifikazio ezegoki batzuk utzi ditu agerian, eta ezbaian jarri du hiriaren kohesioa. Horien artean bat nabarmendu dute: hiria zabalean gehiegi hazi izana.
2011n Gasteizko hiriak 2.691 hektarea hartzen zituen, INEren arabera, eta 111.403 etxebizitza zeuzkan: alegia, hektarea bakoitzeko 41. Urte hartan bertan, Donostiak 67 etxebizitza zituen hektareako, Iruñeak 79 eta Bilbok 143. Unai Fernandez de Betoño EHUko irakasle eta hirigintza eta lurralde antolaketan adituak azaldu du dentsitatea alda daitekeela, hiriaren ezaugarrien araberakoa dela; hala ere, gaineratu du auzo bat iraunkorra izan dadin gutxieneko dentsitate bat behar duela. «Gaur egun, esaten da hektareako gutxienez 100 etxebizitza izatea komeni dela; agian, 90 edo 80, hiriaren arabera, baina ez hori baino askoz gutxiago».
Fernandez de Betoñok zehaztu du hirigintza politikak modu askotan izan daitezkeela okerrak; Gasteizko «proba bankuaren» kasuan, akatsa gehiegi zabaldu izana dela uste du. Horrek hainbat arazo ekarri ditu, eta, konpondu ezean, areagotu egingo direla ohartarazi dute adituek. «Arkaiatetik ibilaldi bat eginez gero, erraz ikus daiteke zein izan den hirigintza planifikazio oker baten eragina», hausnartu du Fernandez de Betoñok. Salburuko eremu horretan azpiegitura guztiak eginda daude: errepideak, argiztapena, estolderia... Baina orube gehienak hutsik daude, sastrakaz beteta, kasu batzuetan hesituta, eta horien artean daude etxebizitzak, han-hemenka.
Ekonomiko eta soziala
Horrela eraiki izanaren kalteak maila askoan geratzen dira agerian, Itziar Aguado EHUko irakaslearen eta giza-geografian eta hirigintzan adituaren ustez. Batetik, kostu ekonomikoa aipatu du: «Zenbat balio du eremu horretara argindarra eramatea? Estolderia? Garraio publikoa? Hondakin bilketa? Garbiketa?». Ekonomikoaz gain, denbora gastua ere badela erantsi du: hango bizilagunek egunero erdigunera, lanera, erosketetara joateko behar duten denbora. «Kostu guztiak gehituko bagenitu, agian errentagarriagoa litzateke bizilagunak beste etxe batzuetara mugitzea».
Fernandez de Betoñok zein Aguadok «kalte soziala» ere aipatu dute. Betoñok egonkortuta ez dauden auzoetako bizilagunengan jarri du arreta: «Eremu horietan bizi direnen bizi kalitatean eragiten du, zuzenean». Aguadok eragin eremua zabaldu du, eta ezbaian jarri du hirigintza politikaren oinarrietako bat: etxebizitza berrien ehuneko handi bat babes ofizialekoa izan behar izatea. «Etxebizitza eskubidea bermatzen laguntzeko neurria izan daiteke, baina segregazioa ari da sortzen».
Gogora ekarri du, oro har, hiriaren kanpoko aldean baino ez direla eraikin berriak egin. Bada, horrek hiru segregazio mota eragiten dituela, maila batean edo bestean. Bat: segregazio ekonomikoa, auzo berrietan dagoelako alokairu sozial gehiena. Bi: adinaren araberakoa, jende gaztea mugitzen delako hara. Hiru: hein handi batean aurrekoekin lotua, «migratzaile estatusaren araberako segregazioa». «Jasangarritasuna nahasketarekin lotuta dago: espazioaren erabilerak, herritarren nahasketak... Eraikin oso bat etxebizitza sozialetara bideratuz, segregazioa sustatzen da».
Gasteizko ezaugarri nagusietako baten gainean ere eztabaidatu beharko litzatekeela hausnartu dute bi adituek: berdeguneak. «Pertsonen neurrikoa ez den eskala batean eraiki da. Horren parke handiak behar ditugu auzoen barruan? Edo txikiagoak izan beharko lirateke?», hausnartu du Aguadok. Fernandez de Betoñok eztabaida hori zilegi dela gaineratu du, aukera guztiak argudiatu badaitezke ere: «Gozamena da espazio berdeak egotea, baina hausnartu behar da beste zer eragin izan ditzaketen: segurtasuna, auzoaren trinkotasuna baldintzatzea...».
Aurreko hausnarketa «hirigintza inklusiboarekin» eta «genero ikuspegia garatzen ari den hirigintzarekin» lotuta dagoela azaldu du Aguadok. Espazioen arteko distantziak handitzeak mugikortasunean eragiten du zuzenean. «Askotan sustatzen ari da gizonek antolatutako hirigintza bat, gizonentzat pentsatua».
Iraganetik, etorkizunera
Fernandez de Betoñok gogora ekarri du dentsitate txikiko auzoak ez direla berriak. Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate zen garaian, Lakua auzoa eraiki zuten, eta, han ere, dentsitate txikia izan zen hasieratik. Auzo hori astiro eraiki zuten, ordea. Alfonso Alonso alkate zenean, hirigintza plan orokorra aldatu zuten. Salburuan eta Zabalganan aurreikusita zegoen etxebizitza kopurua eta hedadura handitu zituzten. Auzo horiek, Lakua ez bezala, urte gutxian eraiki zituzten, egonkortzeko aukera eman gabe.
Agintari politikoek aitortu dute auzo berrietan arazo bat dagoela. Dentsitate txikia zuzentzeko plangintzan aldaketak egin dituzte: familia bakarreko eraikinak plangintzatik kendu, solairu gehiagoko eraikinekin ordezkatu... Itziar Aguadoren ustez, ez da nahikoa. «Dentsitatea igotzea ondo dago, baina ez litzateke beste lekuetan eraiki behar hutsik dauden orubeak betetzen diren arte». Fernandez de Betoñok gaineratu du hori egiteko bideak mahai gainean daudela. «Eraiki gabeko orubeen izendapena aldatzea falta da, horietan ez eraikitzeko».
Lurren deskalifikazioa eztabaidagai dago egun. 2018an hori egiteko proposamen bat egin zen, udalak eskatutako ikerketa batean. Ikerlanean proposatu zuten 26 eremutako lur urbanizagarrien kalifikazioa moldatzea; eremu horietan 1.978 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen aurreko planean. Proposamen horrek talka egin du orube horien jabe batzuen asmoekin. Gasteizko hegoaldean dago eremu horietako bat, Mendizabala eta Armentia artean, hiriko auzo aberatsenetako batzuen ondoan.
Hori eztabaidatu bitartean, Gasteiz hegoaldean, Aretxabaleta herriaren inguruan, eraikuntza lanak suspertu dira. Orube gehienetan ez dago garabirik, baina errepideak eta espaloiak eraikita daude jada.
Bihar: Prezioen gorakada.
UDAKO SERIEA. Etxebizitzaren zimenduak (IV). Hirigintza plan okerrak.
Asko ez da beti ona
Gasteizen Hego Euskal Herri osoan baino etxe gehiago eraiki ziren urte gutxian, krisi ekonomikoaren atarian... Prozesu azkar horrek arazo batzuk sortu ditu, eta urteetan manten daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu