Ez dira susmo eta pertzepzioak bakarrik. Udalerri euskaldunen UEMA mankomunitatean aspalditxotik dute kezka herri euskaldunenetan euskara atzentzen ari ote diren, baina bertako koordinatzaile Miren Segurolak gogoratu nahi du ikerketa soziolinguistikoetan ere argi azaltzen ari dela errealitate hori, berretsita. Ateratzen diren ikerketa «ofizial» guztiak aztertzen dituzte horretarako, azterketa «propioak» ere egiten dituzte, eta kezkarako motiboak badira. «VII. Inkesta Soziolinguistikoa bera hartzen baduzu, eta hiru adierazle nagusiak aztertzen badituzu, ematen du datuak ez direla hain txarrak, baina xehetasunetan sartzen bazara, eta hirugarren guneko eta laugarren guneko datuak ikusten badituzu, edo alderatzen badituzu zentsuko datuekin, guretzat badaude adierazgarriak diren kontuak».
Segurolaren adierazpenean bada egoera bere konplexutasun osoan ulertzeko ezinbestekoa den ñabardura bat; hirugarren eta laugarren guneak aipatu ditu; alegia, gune euskaldunak, eta euskaldunetan euskaldunenak.Izan ere, euskararen trinkotasun galera eremu euskaldunenetan gertatzen ari da batez ere, eta tankerako sailkapenei ondo erreparatu behar zaie egoera doi aztertzeko. Inkesta Soziolinguistikoak erabiltzen dituen irizpideen arabera, hirugarren gune deituan herritarren %50-%80 artean dira euskaldunak; laugarren gune deituan, %80tik gora. Baina zona bakoitzean euskarak duen trinkotasunari erreparatzeko, badira sailkapen gehiago ere. «Udalerri euskaldunak eta arnasguneak». Bereizketa hori egiten dute, adibidez, UEMAn bertan. Lehena zedarritzeko, ezagutza bakarrik hartzen dute aintzakotzat; euskararen ezagutza %70 gainditzen duten udalerriek dute udalerri euskaldun izendapena. Arnasgune bat zer den zehazteko, erabilerari ere erreparatzen diote.
Azterketa demografikoei ere tentu handiz begiratzen diete mankomunitatean, eta aldaketa demografikoek izaten dituzten ondorioei. «Azken urteotan argi ikusi da, esate baterako, udalerri euskaldunetan jaiotzen diren umeen %30ek guraso atzerritarrak dituztela», esplikatu du Segurolak. Horrek eragina du hizkuntzaren bilakaeran. «Ikastetxeetan, gaitasun erlatibora begira, asko antzematen da».
Horra argitzea komeni den beste kontzeptu ezinbestekoa: gaitasun erlatiboa. «Pertsona bat errazago zer hizkuntzatan moldatzen den: hori da», zehaztu du Segurolak. Eta ugaritzen ari dira, herri euskaldunenetako eskoletan ere, euskara etxean jaso ez duten haurrak, eta, ondorioz, eskolan hastean usu euskara hizkuntza gaitasun urria dutenak.
Deman
Hori ez da ikusten ari diren aldaketa bakarra. «Gaur egun, zera ere gertatzen ari zaigu: lehen, arnasguneetan ume batek 10 urtera arte erdaraz oso ondo hitz egiteko gaitasunik ez bazuen, gaur egun beste hizkuntzetan duten gaitasuna ere pila bat aurreratzen ari da, adibidez, ditugun kontsumoengatik; pantailetatik zurrupatzen dute umeek», azaldu du Segurolak: «Lehen, 3 urtekoen gela batean umeek ez zekiten erdaraz hitz egiten. Egun, gero eta ohikoagoa da jakitea». Etxean euskara jaso ez duten haurren euskalduntzea atzeratzen du horrek. «Lehen, euskaldun ez zen edozein oso erraz asimilatzen zen eskola horietan». Euskarak aise irabazten zuen: «Baina, gaur egun, ume gehienek dakite gaztelaniaz». Eta gero eta aiseago irabazten du hizkuntza horrek hizkuntzen arteko dema.
Iazko azarokoa da UEMAren ikerlanetako bat. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errealitatera begirakoa da, 1981-2021 urteetako zentsuak aztertuz egindakoa, eta horra bertan adierazi zuten ondorio nagusietako bat: «Euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoa nabarmen jaitsi da azken hamarkadetan, eta bide hori ez da eten oraindik». Eta zehaztapena ere egin zuten: «Jaitsiera hori nabarmenagoa da udalerri euskaldunetan». Paradoxa betean daudela onartu du Segurolak. «Udalerri euskaldunak gero eta gehiago dira. Alegia, ezagutza %70etik gorakoa duten udalerriak gero eta gehiago dira». Mankomunitateak, hain justu, ehun udalerriren langa gainditu du aurten. «Eta gehiago izatea espero dugu, baina arnasguneak gero eta gutxiago dira; politika jakin batzuk eta neurri zehatz batzuk hartzen ez badira, gero eta gutxiago izango dira».
Segurolak argi du gune horien garrantzia nabarmendu eta gizartean jakinarazi egin behar dela. «Azkenean, horiek dira guretzat erreferentzia diren udalerriak:arnasguneak. Hizkuntzaren normalizaziora begira, garrantzi berezia daukate. Noski, udalerri euskaldunek ere bai, baina arnasguneek bereziki». Birikak dira. «Zenbat eta euskaldun dentsitate handiagoa izan, gero eta gehiago erabiltzen da euskara, eta biziberritu egiten da». Solasaldi bakoitzean, herritarren artean euskaraz ernaltzen den erlazio bakoitzean: «Hizkuntza modu natural batean sortzen da».
«Behaketan» oinarritutako ikerketetan ikusi dute, batez ere, euskara trinkotasuna galtzen ari dela. «Arnasguneetan beherakada egon da;orokorra da». Datuek erakusten dute, eta udalerri txikietako eskolekin-eta dituzten kontaktu jorietan ere kezka gero eta usuago agertzen dela esan du Segurolak. «Umeei, txikitatik, erdaraz hizketan entzuten diete».
Neurriak
Hortik UEMAren aldarria. «Aitortza bat egin behar zaie udalerri euskaldunei eta, bereziki, arnasguneei. Lege babes bat behar dute, eta babes juridikoa eman behar zaie hizkuntza politika jakin batzuei. Eta bitartekoak ere bai». Egin dira urratsak bidean. Baina udalerri euskaldunetatik eta arnasguneetatik «normalizazio prozesurako benetan indar handia» egin daitekeela sinesten bada, Segurolak argi du harago egin behar dela. «Udalez gaindiko» politikak eskatu ditu, gainera, osoak: «Zeharkakoak».
Administrazioaren antolaketa zurrunean, ordea, hizkuntza politiketako sailetara mugatutaikusten dute sarri gaia. Horregatik, beste ikuskera bat nahi dutela nabarmendu du Segurolak: «Lurralde politikak egitean, hezkuntza legeak egitean, plangintza demografikoak egitean... Esparru guztietara eraman behar da gaia. Euskara zerbitzuetatik soilik ezin dugu hau aurrera atera».
UDAKO SERIEA. Euskarak irabazteko auziak (IV). Arnasguneen ahultzea.
Arnasguneak indartsu jagoteko bideen bila
Urteak dira lehen zantzuak agertu zirela, eta ordutik hainbat datuk berretsi dituzte arnasguneetan dauden zenbait arazo. UEMA da eremu horien defendatzaile irmoenetarikoa, eta egiturazko neurriak eskatzen ari da. Zeharkako politika batzuekin bideratu behar dira neurri horiek: arazoaren osotasunari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu