Irudizko mundu oso bat du eraikia dagoeneko Maite Gurrutxaga ilustratzaileak (Amezketa, Gipuzkoa, 1983). Urteotan plazaratu dituen dozenaka liburuetan bisitatu dezake irakurleak mundu hori. Baina ikusten ez diren irudi gehiago daude horien atzean. Arkatzez landutako zirriborroetan jaio zaizkio mundu horren pusketa asko, boligrafoz zirriborratzen dituen koadernoetan beste asko, eta zaborrontzian amaitu dute azkenean puska ere izan ez diren askok. Batzuk nahiz besteak, denak izan zaizkio ezinbestekoak bere sormen lanean.
Jaioterrian bertan du lanerako lekua ilustratzaileak. Mahaia, ordenagailua eta lanerako materialak jartzeko adina leku dauka. Alboan izaten ditu bere akuarelak, ura, arkatzak, paperak, boligrafoak, pintzelak, isipuak... Eskuz aritzen da; behin bukatuta, irudiak «garbitu» eta eskaneatzeko, edo bestelako lan oso zehatzetarako baino ez du erabiltzen ordenagailua. «Nire lana paperetik eta arkatzetik hasten da. Bozeto liburuetan, berriz, boligrafoak-eta ibiltzen ditut, baita akuarelak ere, neure burua arkatzetik aldentzera behartzeko eta pixka bat istripua onartzen ikasteko. Ariketa bat dira niretzat, baina gero gauza asko hortik sortzen dira, hor aritzen bainaiz libreen lanean».
Artistak bere praktikan bi zirriborro mota bereizten dituela esan daiteke, hortaz: proiektu jakin baterako sortzen dituenak batetik, eta ariketa modura bere koadernoetan marrazten dituenak bestetik. Langintza desberdinak izaten dira. Enkarguz jasotzen ditu proiektu asko. «Ideia edo testu bat jasotzean, irakurtzen dut behin edo bitan, edo behar dudan guztietan, eta buruari buelta batzuk ematen aritzen naiz, baina papera hartu gabe; saiatzen naiz hala egoten ahal dudan denbora gehiena, marraztu gabe». Horrek badu esplikazioa bat: bururatzen zaion lehen ideia ez da beti egokiena izaten, baina bai tematiena sarri. «Burutik pasatzen zaidan lehen ideia hori harrapatu eta marrazten hasten banaiz, batzuetan hortxe trabatuta geratzen zait, eta gero asko kostatzen zait alde batera uztea. Horregatik, saiatzen naiz denbora bat pasatu arte marrazten ez jartzen; hobe izaten da ideiei barrenean hazten uztea».
Behin ideia batzuk zehaztu dituenean —«baina igual oraindik oso ondo jakin gabe ere»—, paperean hasten da lanean. «Bozetoan jada pentsatzen ari naiz nora iritsi nahi dudan, eta horri arkatzarekin ematen diot forma». Hasierako horiek oso irudi txikiak izaten direla azaldu du. «Aurrena, bineta txiki-txiki batekin hasten naiz, ideia paperera eramateko, bisualizatzeko, eta proiektuan joango diren irudi guztiak bata bestearen ondoan narratiboki funtzionarazteko». Irudi txiki horiek baliagarriak zaizkiola ikusiz gero, zirriborrorako papera prestatzen du. Izan ere, aldez aurretik zehaztua izaten du lanaren formatua, eta haren araberako neurria duen papera erabiltzen du zirriborrorako. «Laguntzen du, horren gainean egiten duzulako lan; konposizio bat egiteko, jakin behar duzu zein neurritan mugitu behar duzun».
Bozeto horiek egiteko, orrialde solteetan aritzen da normalean.«Ahal dudala, liburu osorako bozetoak egiten ditut; igual bat geratzen zait kolokan, oraindik ez dudalako ondo ikusten edo... baina, behin betikoaren aurretik, saiatzen naiz paperean dena ondo kokatzen». Orrialde horietan sortzen dira xehetasunez betetako lehen irudiak, eszena bakoitzeko elementuak, objektuen nolakotasunak, pertsonaien gorpuzkera eta keinuak... Zehaztasun osoz marraztu ohi ditu Gurrutxagak. «Bozetoan, irudiak asko lantzen saiatzen naiz. Bestela, ez badago aurrez ondo planteatuta, bukaeran emango dizkit arazoak, bukaerakoa izango da behin eta berriz borratu eta marraztu beharko dudana». Akuarelaren txanda izaten baita, normalean, hurrengoa. Akuarela papera behar duen neurrirako moztu, ertzak prestatu, eta pintzelak hartzen ditu orduan eskuetan, «zikintzen hasteko», arkatzezko trazuak berregiteko, irudiak kolorez betetzeko.
Erabakiak, aurrez
Denbora asko eskaintzen dio Gurrutxagak zirriborro lanari. «Garrantzitsua da hori ondo lotzea, baldin eta gero teknika aplikatzeko garaian ondo joan dadin nahi baduzu. Nik ondo landutako marrazkia behar izaten dut; hori da nire lan egiteko era». Zer eta nola kontatuko duen erabakitzeko unea horixe izaten du sortze prozesuan. «Azkenean, hori da narratibitatea lantzen duzun partea, baita konposizioa lantzen duzuna ere; irudien arteko narrazioa eta bakoitzak zer eta nola kontatzen duen, ondo iristen zaren hori kontatzera... Hori guztia zirriborroan ari da gertatzen».
Zirriborroak kontatzen duena akuarelak kontatuko du geroago. Baina aldaketa nabarmenik ez da izaten batetik bestera, Gurrutxagaren kasuan. «Estetikoki aldatzen da, baina kontatzen duzuna, funtsean, jada erabakita dago bozetoan. Akuarelaren prozesua ere garrantzitsua da, baina gauzatze bat bezalakoa da jada; erabaki guztiek aurrez hartuta egon behar dute». Inprobisaziorako tarte handirik ez du uzten ordurako oro har; zirriborroak dira horretarako lekua ilustratzailearentzat.
Lan egiteko modu horren adibide on bat izan daiteke Martin album ilustratua (Elkar, 2016), Alaine Agirre idazlearekin batera ondu zuena. Liburuaren azala, hura sortzeko arkatzez egindako zirriborroak eta akuarela lana lerroan jartzea besterik ez dago prozesuaz jabetzeko. Azalak erakusten duen eszenako xehetasun guztiak ageri dira arkatzez landutako orrietan. Bestelako abiapuntua izan zuen Habiak lanak (Txalaparta, 2013), Dejabu Panpin Laborategiaren izen bereko antzezlana izan baitzen Gurrutxagak album bihurtu zuena. Obra behin ikustea nahikoa izan zuen ilustratzaileak zein elementu behar zituen jakiteko. Gidoia irakurri zuen gero. «Testua zugandik pasatzen saiatzen zara, zeure egiten. Metafora bisual bat bilatu behar izatekotan, agian ez da antzezlanaren berdina izango, beste lengoaia bat erabiltzen dudalako. Baina kontatzen dena gauza bera da, beste estrategia narratibo batzuk erabilita». Kasu horretan ere, «nahiz eta gero denak akuarelak diren, storyboard-a» izan zen garrantzitsuena.
Koadernoetan, aske
Gidoi, ideia edo istorio zehatzik ez du izaten, aldiz, bozeto koadernoetan aritzen denean. Irudiz betetako koaderno ugari ditu gordeak, hainbat neurritakoak, eta horietako bat ireki du azalpenak ematen dituen bitartean. «Horietan, orban batetik has naiteke lanean, edo paper ebakin batetik, adibidez. Eta beste azkartasun bat nabaritzen da. Eguneroko lana da, gehiago dauka nire eguneroko baten antza; proiektuetatik kanpo dago, baina hazitegi bat da, eta gero hemendik ere ateratzen dira ideia berriak». Norabait bidaiatzen duenean, aldean eramaten du koadernoa, eta bidean aurkitzen dituen gauzak ere itsatsi ohi dizkio: txotx baten papera, azukre zorro batena, hostoak... eta irudiak sortzen ditu horien inguruan ere, boligrafoz. Etxe ingurura, Txindokiren magalean dauden bazterretara ere koadernoekin joaten da tarteka. «Marraztera kanpora ateratzeak perspektiba desberdinak ematen dizkizu; niri mesedegarria zait».
Oso bestelako ariketa dira harentzat bozeto liburuak. Libreagoa. «Ilobak nahi badu, adibidez, esku hartzen uzten diot, eta gauzak sortzen dira hor; gustuko dut hori. Eguneroko baten moduko zerbait da, esperimentatzeko toki bat, eta inkontzienteki lan egitekoa ere bai. Askotan, hor aritzen naiz, askorik pentsatu gabe, baina gero, atzera bueltatzean, gauzak gertatzen hasten dira; pertsonaia bat gustatzea, beste bat hurrengo lanerako erabiltzea...».
Ez baitio istorio jakin bati jarraitzen hala aritzean, baina gero koadernoetatik istorio jakinetarako pertsonaiak sortu izan baitzaizkio tarteka. «Uste dut batzuk liburuetan agertu izan direla gero. Begira, hemengo betaurrekodun honek izango du zerbait beste honetatik...», eta Martin liburuan kamiseta marradun batekin ageri den neska koadernoko beste batekin alderatzen du. «Uste dut hemen dagoena ondorengo lanetan aplikatzen dudala. Igual ez teknika berberekin edo ez modu berean, baina agertzen da. Begira: beste hau esango nuke Besarkada-ko aita dela, ez dakit...», dio, beste irudi bat seinalatuz.
«Badut dilema moduko bat», jarraitu du azaltzen. «Askotan, bozeto liburuan egiten dudana gehiago gustatzen zait edo freskoagoa ikusten dut beste lanetakoa baino. Erosoago ibiltzen naiz hemen, agian pretentsioak ere ez direlako hainbestekoak, edo ez dudalako inoren aurrean erantzun behar», gehitu du, barrez.
Bozeto liburu bat argitaratu zuen Gurrutxagak 2012an, Alderik alde izenburupean; Edo argitaletxeak Begikoak sailean plazaratu zuen. Edo-ko kide batek haren bozeto koadernoak ikusi, eta publikatzeko proposatu zioten. «Goxoki bat da; nola esan ezetz? Nik baiezkoa esan nuen». Hainbat koaderno zituen beteak ordurako, eta batetik zein bestetik pusketak hartuta osatu zuen lana. «Gertukoei esaten nien: 'Luxu bat da halako lan bat argitaratu ahal izatea!'. Autorretratu bat da: hor daude zeu eta zeure mundua, liburuxka batean gordeta. Nitaz gehien hitz egiten duen lana da, seguru asko». Ez da ohikoa halako lanak argitaratzea, eta bozetoaren aldarrikapen gisa ere har daiteke, nolabait, liburua. «Niri ikaragarri gustatzen zait besteen bozeto lanak ikustea; gauza asko ikusten dira. Xehetasunak ikusteko sudurra bertan sartzen duten horietakoa naiz, zein boligrafo erabili duen ere jakin nahi duten horietakoa», dio, barrez.
Zaborrontzira, errukirik gabe
Sortzeko ohiko bide bat izatea gauza bat da, eta beste bat, bide hori beti lineala dela pentsatzea. Ideia batean trabatuta geratzea, adierazi nahi den hori irudiz azaltzen ez asmatzea... ohiko osagaiak izaten dira sormen prozesuetan. Halakoetan, nola atera zurrunbilotik? «Batzuetan, kosta egiten zait», aitortu du Gurrutxagak. Hitzetara itzuli, bidaiatu, argazkiak ikusi, mendialdera igo koadernoarekin eta han marraztu, testuaren egilearekin hitz egin... Asko izan daitezke korapiloa askatzeko moduak.
Bideak aurkitzen dira batzuetan, baina beste batzuetan ez. Eta, halakoetan, hor daude zaborrontziak. «Batzuetan, lehen bineta txiki horretatik jada badakit ez duela funtzionatuko. Baina gertatu zait bineta egin, gero bozetoa, garbira pasatu, akuarela egin... eta baztertzea, prozesu guztia egin eta gero ikustea ez duela funtzionatzen». Ideia baztertzea kostako zaio batzuetan, baina, behin erabakia hartuta, ez du errukirik izaten: «Zakarretara». Halakoetan, ez du pentsatzen ea eginiko lana beste baterako baliagarria izango zaion. «Balio izan dit ideiak kokatzeko, zalantza asko argitu dizkit... bada, kito».
Aurrera atera diren proiektuetan ere, akuarela lanak bai, baina ez du zirriborro askorik gordetzen. «Prozesuaren parte bat izan dira, iritsi nahi nuen lekura iristeko oso garrantzitsua, baina iruditzen zait gauzak botatzea buruarentzat mesedegarri ere badela». Hala, proiektua ixtean, jatorrizko akuarelak «karpeta batean txukun-txukun gorde, bozetoren bat ere bai agian, eta hortxe geratzen dira. Eta beste gauza batera».
Bozeto liburuak bai, horiek ongi gordetzen ditu. Eta, tarteka, horietara itzultzen da lanen baterako ideia bila. Hari buruz gehien esaten duten zirriborro horietara.
UDAKO SERIEA Zirriborroak eta zaborrontziak (eta VI). Maite Gurrutxaga.
Arkatzezko ñabardurak
Akuarelak hartu aurretik, bere ideiak zirriborroetan irudikatzen ditu ilustratzaileak, zehaztasun handiz. Behin proiektua bukatuta, ordea, ez du erreparorik izaten haiek zaborrontzira botatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu