Araba esan, eta hari lotutako ekoizpen bategatik galdera eginez gero, erantzun gehienetan nabarmenduko zen: ardoa. Mahastietatik ateratzen den produktu horrek Arabaren izena mundu osora zabaldu du, eta esan daiteke ardoak berak ere eman diola izaera Arabari. Ez dira alferrik egindako baieztapenak, ardogintzaren sektoreak lurraldearen ekonomiaren ia %3 ordezkatzen duelako, eta 4.500 pertsona ingururi ematen diolako lana. Arabako Errioxan 13.149 hektarea mahasti daude, eta horietatik 120 milioi botila ardo ateratzen dira. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera 80 milioi litroko ekoizpena duela. Agian horregatik aipatuko lukete askok produktu hori Arabari lotutako produktu batez galdetzerakoan.
Baina Arabak ez dauka ardoaren usain eta zaporea bakarrik, hori baino gehiago ere bada. Zabala da lurraldea, eta badaude, ardoaz gain, sagardoa, garagardoa eta vodka ekoizten duten upategiak ere. Ardoaren erresuman bestelako ardoek ere beren txokoa baitaukate. «Araba ez da Errioxa bakarrik, eta hortaz, Araba ez da ardoa soilik; horretaz aparte badago leku gehiago». Trebiñu Sagardotegiko Koldo Markinezen hitzak dira horiek, euren hautuaren inguruan hitz egiterakoan. Koldo Vesga Olbea Pilsner garagardoaren sortzaileetako batekin eta Jose Luis Navarro Basque Moonshiners vodkaren kideetako batekin ere hitz egin du BERRIA egunkariak ardotik harago dagoen Arabako produktuei buruz aritzeko.
2007tik daukate Trebiñu sagardotegia, baina sagardoa lehenagotik egiten zuten han. / Juanan Ruiz, Foku
TREBIÑU SAGARDOTEGIA
«Lurra bageneukan, eta landatzeko sagarrondoak ere bagenituen; produktua eman zuten, eta behin produktua edukita zer egin ikusten duzu». Jateko sagarrak saldu ala sagardoa egitearen artean pentsatzen egon ondoren, sagardotegi bat martxan jartzea pentsatu zuen Markinezek. «Lehen beti zegoen sagarra baserrian, beraz, zergatik ez jarri sagarra? Araban badago garia, garagarra eta zerealak, baina bada beste irtenbide bat hortik aparte». Eta sagardotegiak apenas. Sagardoa ekoizten duten gutxienetako bat da Askartzako sagardotegia, Aramaion eta Kuartangon daudenekin batera. Hiruen artean 50.000 litro sagardo inguru ekoizten dituzte. «Sagardotegiaren kultura zabaltzen ari da apurka».
«Araba ez da Errioxa soilik, eta, hortaz, Araba ez da ardoa soilik: horretaz gain, badago leku gehiago»
Koldo Martinez
Bide hori urratzen aitzindarietako bat izan zen, gainera, Trebiñuko herrian. Hogei urte inguru badira Markinezek lehen sagarrondoak landatu zituenetik, eta 2007an zabaldu zuten sagardotegia. Ordutik jasotako emaitzak positibotzat jo ditu, eta gustura dago jendearen erantzunarekin. Jakin badakielako sagardotegien erresuma Gipuzkoako Beterrin dagoela, hau da, Trebiñutik 100 kilometrotara. Eta horrekin lehiatzea zaila den arren, inguruko askok gertutasunaren faktorea baliatzen dute Trebiñu sagardotegira joateko. Hogei kilometro besterik ez baitaude Gasteiztik hurbiltzen den batentzat. «Hiriburutik jende asko etortzen da, baina baita Bizkaitik edo Miranda Ebrotik ere».
Gainera, ez dute eskaintzen Gipuzkoako sagardotegietan egon ohi den girorik, bestelakoa baizik. Sagardotegiko jabeak dioenez, eurenean familia giroa gailentzen da, Astigarragan eta Hernanin biltzen den jendetza eta festa girotik aparte. «Herri txiki batean gaude, eta automobilak apenas pasatzen dira hemendik; horregatik, lasai egoteko leku aparta da, haurrek jolasten duten bitartean». Hala ere, hiriburutik autobusak ere antolatzen dituzte, eta sumatzen du, denborarekin, gero eta jende gehiagorengana iristen ari direla.
Une honetan datorren txotx denboraldiari begira jarrita daude Trebiñu sagardotegian. 2.000 sagarrondotik gora dauzkate euren lurretan, eta aurtengo zukua horien fruituekin egitea aurreikusten du Markinezek. «Asmoa hori izaten da, beti bertako sagarrekin egitea sagardoa, beste kalitate bat edukitzen baitu edariak halakoetan; baina hori urteko ekoizpenaren arabera izaten da». Datoen asteotan jakingo du hala izango den ala ez.
Olbea Pilsnerren sortzaileetako bat da Koldo Vesga. /Marisol Ramirez, Foku
OLBEA PILSNER
Halako arazorik ez daukate Olbea Pilsner garagardo ekoizleek Aguraingo egoitzan. Sagardoa edo ardoa ez bezala, garagardoa edozein garaitan egin daitekeelako. Lupulua eta garagarra Alemaniatik erosten dute, eta ekoizpena urte osoan zehar mantendu dezakete horrela. Hala ere, lanean ari dira etorkizunean lehengaiak Euskal Herrikoak izan daitezen, eta Euskal Garagardo Elkartearen ekimena aipatu du Vesgak: garagarra eta lupulua bertatik bertara ekoiztea, era horretan bertako garagardo artisauek horiekin lan egin dezaten. Bide hori urratzea litzateke Olbea Pilsnerrekoen asmoa, baina aukera hori oraindik urrun dagoela dio bertako kideak. Gaur gaurkoz, bertako zerealak edukitzeko baliabide gutxi daudelak, nahiz eta urte osoan zehar ekoiztu daitekeen.
Modan dagoen produktua da, gainera, artisau garagardoarena. Proiektuaren oinarrian produktu hori gustatzen zaien hiru lagun daude. Non eta ardoaren lurraldean: «Egia da Araba ardoarena dela, eta hori ikusi besterik ez dago Gasteizera poteo ordura joanez gero; adin batetik gorako ia denek ardoa edaten dute, eta gazteek garagardoa». Alegia, ardoaren erresuman garagardoa gazteekin eta gau giroarekin lotzen dela batez ere. Baina garagardo arruntekin alderatuz gero, euren produktua garestiagoa da, «kopuru txikiagoan ekoizten delako», eta horrek mugak ezartzen dizkielako. Are gehiago, elementu kimikorik gabe eta pasteurizatu gabe egindako garagardoa ekoizten dute, eta onartu du beti mugan ibiltzen direla, «produktua galtzeko arriskua» izaten dutelako askotan. Horregatik guztiagatik da euren garagardoa garestiagoa. Halere, «beti daude apur bat gehiago pagatzeko prest dauden kontsumitzaileak», eta horiek dira euren erosleak.
«Tabernetara iristea zaila da, banatzaileen bidez zoazelako; ezezaguna bazara, kosta egiten da zirkuituen sartzea»
Koldo Vesga
2013an abiatutako proiektua da Olbea Pilsnerrena, eta nahiz eta gustura egon jasotzen ari diren emaitzekin, arazo handienak banaketarekin dauzkate une honetan. «Ekoizpen prozesua luzea da, baina behin produktua edukita saldu egin behar da, eta askotan zaila da salmenta puntuetara iristea, banatzaileen bidez egiten delako, eta ezaguna ez bazara, kosta egiten delako zirkuitu horretan sartzea». Eurak tabernetara banan-banan joaten hasi ziren, apurka ezagunak eginez, eta Vesga gustura azaldu da lortu duten zabalpenarekin.
BASQUE MOONSHINERS
Zailtasun horrekin topo egin zuen Navarrok ere vodka ekoizten hasi eta euren produktua zabaltzen hasi zirenean. «Hemengo ostalariak itxita daude gauza berrietara, eta nahiago izaten dute ohiko Absolut marka erosi». Hala ere, bidea urratzen joan dira. Hainbeste, euskal merkatua euren salmenten %5 besterik ez dela. AEBetan, Panaman, Txilen, Alemanian, Italian, Erresuma Batuan, Herbehereetan eta Polonian saltzen dituzten Basque Moonshiners destilategiak ekoiztutako vodka ezberdinak. «Gure merkatua oso globala da, eta vodka mundu mailan edari destilatu nagusia da». Horregatik jo dute batez ere nazioarteko merkatura. «Pentsa, bertako ostalari batengana joan ginen gure produktua eskaintzera, eta ez zuen hartu nahi izan, ezagutzen ez zuelako; joan zen Poloniara, eta han ikusi gintuenean, bueltarakoan gurekin jarri zen harremanetan».
Jose Luis Navarro Basque Moonshinerseko destilategian./ Jaizki Fontaneda, Foku
Badu berezitasunik, gainera, bertako tabernetan saldu ahal izateko. Izan ere, Gasteizen daukaten destilategian Basmoon vodka ekoizten dute, Arabako patatekin egindako edaria bere osotasunean. «Gurean ez da alkohol industrialik sartzen, halako destilategietan oso ohikoa den zerbait da hori; guk bertako materialekin egiten dugu dena, Arabako patatarekin, eta Nafarroako garagarrarekin». Horrek berezi egiten ditu, eta Europako vodka artisau nagusiena bihurtu dira dagoeneko. 2015ean hasi ziren edari hori ekoizten, eta aurten 20.000 botilatik gora merkaturatzea aurreikusten dute. Denbora gutxian merkatu zabal batean kokatzen lagundu die filosofia horrek.
«Askok uste du parkean edan eta mozkortzeko edari bat dela [vodka], baina ikuspegi hori aldatu nahi dugu»
Jose Luis Navarro
«Hasieratik esan izan digute erotuta geundela; baina gure filosofia hori da, sinesten duzun horretan jarraitzea», dio Navarrok. Uste du artisaua denak bere bidea egin behar duela, vodka industrialari aurre eginda, eta kontzientzia lana egiten ari dira hori lortzeko. Destilategira bisita gidatuak antolatzen dituzte, «eta jendea harrituta geratzen da». Izan ere, bere talaiatik ikusten du badagoela irudi konkretu bat vodkaren inguruan: «Jende askok pentsatzen du parkean edateko eta mozkortzeko edaria dela, baina ikuspegi hori aldatu nahi dugu; koktelgintzarekin lotu nahi dugu produktua, eta bide horretan ere ikastaroak eskaintzen hasiak gara». Ardoaren lurraldean bertako lehengaiarekin egindako beste edari bat sortu da, beraz: «Ardoari ez diogu lekurik kenduko, hori garbi daukagu, baina bakoitzak bere lekua egin dezake».
Bihar:Kalitatezko oliba olioa, Gipuzkoan.