Ikuspegi behatokiko zuzendaritzak talaia ona ematen dio Gorka Morenori (Irun, Gipuzkoa, 1977)etorkin heldu direnen kezkei erreparatzeko. Familia horietako adingabeen premien inguruan egin dituzten ikerketen artean, nabarmentzekoa da Haur eta gazteen aniztasuna EAEn. (Oker izendatutako) bigarren belaunaldiak, aurten plazaratua.
Ikerketan plazaratzen dituzuen arazoak etorkinenak dira edo, oro har, egoera ekonomiko zailean dauden sendietako adingaberik gehientsuenenak?
Argi nabarmendu dugu hezkuntzan, oro har, arazoa ez dela immigrante kategoria, baizik eta ahultasun egoera, gizarte bazterketa; azkenean, estratifikazio kontu bat da; hori kontuan hartuta askoz ere hobeto uler ditzakegu gure gizarteko hainbat eztabaida. Adibidez, adingabe horien eskolatzea gehiagotan egiten da sare publikoan, ez horrenbeste itunpekoan.
Usu, gehiagotan agerian geratu den segregazioa ekartzeraino...
Bai, klase sozialaren araberako segregazio bat. Etorkinak etorri aurretik ere jada izaten zen segregazio era hori. Orduan ez zeukan konponbide errazik; orain ere ez.Denok dakigu gizarte honetan estratifikazio sozialak zer-nolako garrantzia daukan: eskolan ere oso nabarmen agertzen zaigu.
Etorkinek zer moduzko informazioa eta argibideak jasotzen dituzte seme-alaben eskolatzeaz?
Bueno, hor nik uste orain arte gabezia batzuk egon direla. Askotan, eskolen esku geratu da gurasoei aholku ematea, eta eskola askotan jaso izan ohi duten aholkua ez da oso erakargarria izan: ia-ia bota egin dituzte eskoletatik... Hori ematen du aldatuko dela Jaurlaritzak ikasle etorkinei arreta emateko ondu duen bigarren planean: lurralde historiko bakoitzeko hezkuntza ordezkaritzak emango du aholkua...
Eskolek ez dezaten jarraitu familia horiek uxatzen.
Bai, izan ere, detektatu izan ohi dira horrelakoak; eskola publikoetan, eta, nagusiki, itunpekoetan. Honelakoak esan izan ohi zaizkie: «Hemen pagatu egin behar da», «arazoak izango ditugu»...
D ereduan errazagoa da euskalduntzea, baina umeak koxkortuta datozenean, zer egin?
Orain gutxi, txosten hau dela eta, Eusko Legebiltzarrean izan nintzen, eta zalaparta sortu zuen han esan nuenak... Baina, niretzat, Hondurastik edo Kolonbiatik badator neska edo mutil bat 13-14 urterekin, D eredua malgutasunez ulertu behar da. Zergatik? Aditurik gehienek onartzen dutelako hizkuntza berri batean gutxieneko eskumenak lortzeko 4-5 urte behar direla... Nolanahi ere, Hezkuntza Sailean bada malgutasuna halakoetarako.
Etorkizuneko kezkak zein dira?
Gaiari betaurreko bifokal batzuekin begiratu behar zaio; gertuko premiak dira, esaterako, ezohiko matrikulazio premiak dituzten ikasleak. Baina, gerora begira, gero eta gehiago agertuko dira hemen jaiotako etorkinen seme-alabak, euskaraz txikitatik ikasi dutenak, baina, esaterako, buruko zapia jantzita eskolara joan nahiko dutenak, edo eskatuko dutenak txerrikirik ez jatea eskolan... Epe ertain-luzera begira, hausnarketa egin behar dugu aniztasunaren kudeaketaren inguruan. Eta iruditzen zait gogoeta handirik ez dugula egin horri buruz: ez arlo akademikoan, ez instituzionalean... Sarri, arazoei hala moduz erantzuten zaie. Esaterako, zapia jantzita eraman nahi duten ikasleen kasuan, eskola bakoitzaren arautegiaren arabera utzi dira horren gaineko neurriak, eta hor, segur aski, Jaurlaritzak neurriak hartu beharko ditu, eta neurri orokor batzuk jarri beharko ditu aniztasunaren kudeaketari begira, eta neurri argiak.
Eta, oro har, oinarriak jartzen laguntze aldera, harrera ona egiten zaie etorkinei?
Oso erraza da, ni eserita nagoen tokian egonda, gauzak gaizki egiten direla esatea. Garrantzitsua da arlo instituzionaletik, Jaurlaritzatik, Hezkuntza Sailetik hainbat urrats egitea. Txostenean, praktika on gisara proposatzen dugu, adibidez, aurrez etorritako ikasleek egitea harrera ikasle berriei: harrera hori parekoen artean egitea, alegia. Garrantzitsua da guraso etorkinek guraso elkarteetan-eta parte hartzea ere. Gauzak egin daitezke. Baina harrera oso garrantzitsua da. Eta adinaren kontuak ere eragin handia du. Magrebtar jatorriko familiek, esaterako, umeak hemen izaten dituzte askotan. Latinoamerikarren kasuan, aldiz, askotan emakumea da aurrena etortzen dena; pixkanaka doa familia batuz...
Eta nerabetuta datoz umeak...
Bai, eta nerabezaroa sarri gogorra da. Gazte horiek, gainera, ingurukoen artean jaun eta jabe sentitzera ohitu dira askotan sorterrian, amak bidalitako diruarekin. Hona etorritakoan, berriz, bazterrekoak direla sentitzen dute, matxupitxua, ez dakit zer... Jakina, horrek arazoak sortzen ditu. Ez da bide erraza izaten askotan. Harrera elementu garrantzitsua da, baina ea nork eta nola egiten duen halako egoeretan; zaila izaten da usu. Eta, seguruenera, 13-14 urterekin heltzen den neska edo mutikoa gehiago izango da etorkina, etorkinen seme edo alaba baino. Ez da horrenbeste bigarren belaunaldia; seguruenik, 1,5. belaunaldia da, nolabait ere esateko; etorkinek izan dituzten arazoak izango ditu, eta akaso ez ditu izango bigarren belaunaldiek izan ditzaketen aukerak.
«Oker izendatutako» bigarren belaunaldiei buruz ari zarete...
Jende askok dio bigarren belaunaldiaren kontzeptua desegokia dela, estigma kronifikatzen duelako. Guk ere hori argi genuen. Era berean, errebisio bibliografikoak-eta ikertuta, ikusi genuen kontzeptu hori nagusitzen dela. Horregatik, tituluan egin genuen erakutsi ez gaudela erabat ados definizio horrekin, baina barneratu egin behar genuela...
Hezkuntzako profesionalek gaiaz duten ezagutza hobetzea beharrezkoa dela diozue...
Berritzeguneetan-eta jaso dugu kezka hori. Esaterako, irakasle gaitasun-agiria lortzeko ez dagoelako ikasgairik interkulturalitatearen inguruan, eta masterrikez dagoelako bigarren hizkuntzako didaktikari buruz... Horrelako gauzen gabezia atzematen da; horren gaineko gogoeta egin beharko litzateke. Huhezin badago interkulturalitatearen inguruko master bat, baina EHUk ez dauka ezer ere, eta uste dut zerbait egin beharko litzatekeela... Edo, adibidez, badira euskara eskolak indartzeko irakasleak, eta horiei ez zaie eskatzen trebakuntza berezirik. Usu desitxuratu egin da figura hori, eta, esaterako, soinketako irakaslea lanaldi erdian badago, osatu egin zaio beste erdia postu horrekin... Horri ere buelta bat eman beharko litzaioke. Baina gauza horiek ez dira egiten ari.
Bihar: Iheslarien egoera.
UDAKO SERIEA Familiak migrazio prozesuen amaraunean (V). Gorka Moreno. Ikuspegiko zuzendaria
«Arazoa ez da immigrante kategoria, baizik bazterkeria»
Ikasturte erdialdean eskolatu beharra, gizarteko sektore apalenetan bizitzera ohitu beharra... Migrazio prozesuetan dauden familietako adingabeentzat ohiko zailtasunak dira. Morenok ikertu egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu