UDAKO SERIEA. Iparragirre. Mito bat tiraderan (III). Errepartoa.

Absentziaren balada

Soldadu, musikari poeta, bohemio, erbesteratu, artzain, erromantiko peto. Mito bat. 'Gernikako arbola' kantaren sortzailea baino gehiago. Jose Mari Iparragirre (1820-1881). Jaio zela bi mende, asteon. Hari buruzko film bat iragarria zuten negurako, baina tiraderan geratu da proiektua; ez da hala gertatzen den lehena. Tiradera hori zabaltzeko eta mitoa egurasteko saio bat da sail hau.

Anjela Kerexeta, 1877an, bardoarekin izan zituen zortzi umeekin. KEINU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Proiektu honi heldu nion arte, ez nekien ezer Jose Mari Iparragirreri buruz», Adriana Hernandez historialariak. Atlantikoaz bestaldetik etorri zen duela hamabost urte, Venezuelatik; urte eta erdi pasa daramatza Urretxuko Udalak bardoaren jaiotza mendeurrenaren harira abiarazitako webgunea prestatzen, datuak kontrastatzen, hemerotekak arakatzen, irudiak bilatzen... Duela mende eta erdiko artikulu baten argazkia klikatu du ordenagailuko pantailan; beste bi ireki ditu segidan. Iparragirrez ari dira denak, baina pertsona desberdinaz ari direla dirudi. «Iparragirre asko daude. Hari buruzko bertsio asko bai, behintzat». Bertsioaren arabera, aldatu egiten dira haren bizitzako errepartoko aktoreak.

Ohikoa da, esaterako, Ramon Cabrera jeneral karlista aipatzea, gerran izenpetutako itun idatzigabe baten ondorioz edo, haren bitartez hasi baitzituen artistak 1839tik 1851ra bitartean Europan zehar eginiko ibileretako asko. Are gehiago haizatu izan da Pedro Egañaren rola, Iparragirreren sona zabaltzen: Madrilen zuzentzen zuen La España egunkariak beti jarraitu zien musikariaren emanaldiei, eta goratu egiten zituen; politikari gisa ere, beti hauspotu zuen haren ibilbidea. Beste hainbeste egin zuten, geroago, Fermin Herran, Ricardo Becerro de Bengoa eta Gasteizko ateneoko beste hainbat kidek: Euskal Herrira itzul zedin, lehenik; haren ekarpena goratzeko, zendu ostean.

«Nicolas Soraluze Zubizarreta idazle eta historialaria da ahaztu ezin den beste bat», Adriana Hernandezen esanetan. Soraluzek umetatik zuen adiskide Iparragirre, eta artikulu bat argitaratu zuen El Anunciador Vitoriano egunkarian, hura hil eta gutxira, eta haren biografiari buruzko datu ezezagun ugari eman. «Bardoaren bizipenak testuinguruan kokatu zituen Soraluzek, eta haren defentsan ere atera zen, familia Ameriketan abandonatu zuen zoro abenturazale bat zela zioen irudiaren kontra». Soraluzek behin eta berriz errepikatu zuen Iparragirrek sekula ez ziola uko egin Uruguain utzitako familia hona ekartzeko ametsari.

Uruguai. Amerika. Beste klik bat egin du historialariak saguarekin, letra larriz idatzi beharreko izenaren bila. Emakume baten argazkia ordenagailuaren pantailan. Ondoko fitxan: «Anjela Kerexeta Aizpurua. Alegia (Gipuzkoa), 1838Mercedes (Uruguai), 1921». Iparragirreri buruzko bertsio guztietan ageri da erretratuko andre ileurdina.

Martxoaren 11n Arriaga antzokian estreinatu zuten Iparragirre, bihotzeko Jose Mari kontzertu eszenikoan ere ageri da, bardoaren bizitzan garrantzia izan zuten zenbait emakumerekin batera: bizia eman zion Francisca Manuela Balerdi; indiferentzia oparitu zion Manuela Francisca Zubiaurre Zugana Manuela kantako protagonista; Caroline Duprez sopranoa... Ikuskizun horretan aktore eta abeslari ari den Ainara Ortegarentzat, ezezagunak ziren emakume horiek denak: «Iparragirreren musika asko ezagutzen dut, etxetik, baina ezer gutxi dakit haren bizitzaz. Txikitandik jotzen ditut haren piezak, eta haren kantetako askoren letrak badakizkit, baina, pertsona gisa, misterio hutsa da niretzat». Misterioaren parte bat argitzeko leiho berezia ireki zuen Anjela Kerexetak, bada, ahots propioz.

Nota bat gora

La Vasconia aldizkariaren egoitza, Buenos Airesen, 1897an. Jo dute atea, ireki du Francisco Grandmontagne kazetariak, ikusi du emakume txiki bat aurrean. Iparragirreren alarguna dela, miseria gorrian bizi dela, aldizkariak bere aldeko diru bilketa bat antolatzea nahi lukeela. Ahalegina egingo duela, kazetariak. Eta bardoari buruz hizketan hasi dira. Tolosan (Gipuzkoa) ezagutu zutela elkar, Kerexeta 17 urte bete gabea artean, ostatu batean lanean ari zenean. «Bertsotan kortejatu ninduen. (...) Gurasoek ez zidaten harekin ezkontzen uzten. (...) Buru gainetik hanka orporaino nuen gustuko. Gizon ederra zen, izan ere. Bizarra ere ederra zuen; eta bihotza, onbera. Inork ez bezala egiten zuen euskaraz, eta bertso politak kantatzen zituen».

36 urte zituen bardoak «baina gutxiago izateko itxura zeukan», eta herriz herriko emanaldi sokan jarraitu zuen hark. Neska gazteak harrituta jaso zuen berehala bidali zion gutuna, bazetozten Donostiako abuztuko festetan berriz ikusteko eskean. «Lehengusina baten etxean eduki ninduen festek iraun bitartean, eta, bukatu zirenean, berarekin Ameriketara joango al nintzen galdetu zidan. Buenos Airesen ezkonduko ginela esan zidan, euskal probintzietan apaizek paper asko eskatzen zigutelako ezkondu ahal izateko». Iparragirreren atzerriko ibileren gaineko kontrolik ezak errezelo ugari sortzen zituen zenbaitengan; Kerexetarengan, ez. «Fede itsua nuen Jose Marirengan».

Fedearen neurri bat: Ameriketara abiatu bezperan, parrandaz parranda, ez diru eta ez aterpe geratu zen Iparragirre. Kerexetak ordaindu zion azken egunetako ostatua, Tolosan zerbitzatzen bildutako sosekin. 1.150 errealeko bidaia-txartelaren 800 bakarrik ordaindu ahal izan zituen azkenean; 350 zorretan utzi zituen. Horiek eta Iparragirreren txartelaren 1.300 errealak ordaintzeko, bi hilabeteko epea eman zieten.

Zorretan abiatu zen Kerexeta Ameriketara, 1858ko udan. Bidaia osoa kantuan eman zuten berak eta maiteak. Gernikako arbola, batez ere. Buenos Airesera heldu berritako sentsazioak: «Euskaldun asko genituen zain nasan. Tira... haren zain zeuden. Nire zain ez zegoen inor. (...) Ni isilik, kantari eta builaka ari zen hainbeste gizonen artean erdi zorabiatuta». Han ezkondu ziren, azkenean, San Inazio elizan, 1859ko otsailaren 26an. Ordurako, bardoaren antzokietako porrota gertatua zen, eta Uruguairako bidea hartu zuten berehala. Mercedesera. Lerro arteko zertzeladak: «Oso artzain txarra zen [Iparragirre]. Ardiak galtzen zitzaizkion, ebasten uzten zuen, beste artaldeetakoekin nahasten zitzaizkion. (...) 'Ardiek ere maite dute askatasuna, eta ardiek ere foruak izan ditzaten nahi dut', esaten zidan hark. Ze atarramentu izango genuen, ba, guk gizon harekin? Ene Jesus, zenbat negar egin nuen!». Eguna joan eta eguna etorri, hiru urtez: «Horrela ematen genuen bizitza, zortzikoak kantatzen eta ardiak zenbatzen. (...) Hura sosengatik sesioan hasi? Tira, tira!».

Montevideon taberna irekitzea izan zuten hurrengo aukera. Café del Guernikako-arbola, beti jendez beteta; beti hutsik nagusien sakela. «Ni desesperatu egiten nintzen, baina hark ezta kasurik ere. Gau osoa parrandan, denekin kantuan, inori kobratu gabe». Taberna itxi eta Mercedesera berriz, artzain. «Gitarra eskuan hura: bi haur besoetan ni. (...) Aurrekoan bezain gaizki. Jose Marik bertso eginean segitzen zuen, belazean etzanda». Euskal Herriaren berri jasotzen hasi zen musikaria, egunkarien bitartez. Bueltatu beharraz mintzatzen hasi zen, eta Kerexetaren eskaera: «Ez zaitez joan, Jose Mari!». Alferrik. «Gizon ona zen, jauna».

Iparragirrerekin izandako zortzi seme-alabekin geratu zen Kerexeta, itsasoaz bestaldean. Gizonezko bakartientzat latza eta gizonik gabeko emakumeentzat jasangaitza izan ohi zen mundu batean. «Mercedesen esan genion agur elkarri, eta ez nuen gehiago ikusi. (...) Bizpahiru gutun bidali zizkidan gero, eta ez nuen gehiago jakin hartaz, hila zelako berria jaso nuen arte». Mezu hori jaso zuenerako, beste bi umez erditua zen Kerexeta, Domingo Elutchauz auzoarekin. Bigarrengoz alargundu, eta arropa garbiketa, jostea eta emagin lanak izan zituen ogibide. 83 urterekin hil zen, Iparragirreren aurpegirik intimoena agerian utzi zuena; haren ametsei segika Ameriketaraino joan eta sekula itzuli ez zen emakumea. Nota bat gora, ahots grabeen munduan, absentziaren balada kontari.

Bihar: Soinu banda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.