UDAKO SERIEA. Abortua (eta IV). Latinoamerika.

Abortuaren mugak Latinoamerikan

Nazio Batuen Populazio Gaietarako Funtsaren arabera, nahi gabeko haurdunaldietan munduko tasarik handienetakoa dute Latinoamerikak eta Karibek. Askotariko egoerak daude herrialde horietan abortatzeko eskubideari dagokionez; zazpi estatutan baino ez dago modu librean abortatzerik.

Emakume bat Caracasen, 2021ean, abortua despenalizatzeko eskatu zuten protesta batean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Abortuari dagokionez, askotariko egoerak daude Latinoamerikan: herrialde batzuek jada ez dute zigortzen abortatzea; beste batzuek, aldiz, erabat debekatuta daukate; baina, legez zigortuta ez dagoen herrialdeetan ere, abortatzeko zailtasunak hesi dira oraindik. Hiru oztopo nagusik eragotzi ohi dute legea betearaztea: kontzientzia eragozleek, abortuak egiten dituzten ospitaleetara iristeko distantziak eta informazio faltak. Amnesty Internationalek iaz argitaratutako txosten baten arabera, horren erakusgarri ona da Argentinako Salta probintzia: 1,3 milioi biztanle ditu, eta berrogei mediku baino ez daude han abortuaren alde. Miranda Ruiz da horietako bat, eta, haren kasua artxibatua badago ere, 2021eko abuztuan zigortu egin zuten —baita atxilo eduki ere ordu batzuetan—, zergatik-eta legeak dioen bezala abortatzeko eskubidea bermatzeagatik.

Gaur-gaurkoz, Erdialdeko Amerikan eta Kariben bost herrialdetan dago kasu guztietan debekatuta abortatzea: El Salvadorren, Haitin, Hondurasen, Nikaraguan eta Dominikar Errepublikan. Latinoamerikako beste hamar herrialdetan, kasu jakin batzuetan bakarrik ez da legez zigortzen abortatzea: emakumea bortxatu badute, edo haren bizia salbatzeko nahitaezkoa bada abortatzea —Costa Rica, Guatemala, Paraguai, Peru, Venezuela, Bolivia, Txile, Panama eta Ekuador—. Bi kasu horietaz landa, hala haurdun dagoen emakumeak nola abortua egin dioten mediku eta laguntzaileek kartzelara joateko arriskua izaten dute.

Aitzitik, herrialde hauetan baino ez dago modu librean abortatzerik: Kuban 1961etik, Puerto Ricon 1973tik, Guyana Frantsesean 1975etik, Guyanan 1995etik, Uruguain 2012tik, Argentinan 2020tik eta Kolonbian 2022tik. Eskubide hori, beraz, Kolonbian onartu dute berrikien, eta segur aski guztiz legeztatzear daudenen artean, berriz, Mexiko dago. Gaur egun, Mexikon egoera oso ezberdina da estatu batetik bestera.

Argentinan, Haurdunaldia Norberaren Borondatez Eteteko Legeak bi urte eta erdi darama indarrean, baina gaur egun oraindik, non bizi eta zenbat informazio eduki eskura, asko aldatzen da abortatzeko aukera, nahiz eta legea onartu zenetik gero eta zentro gehiagok bermatzen duten eskubide hori baliatzeko aukera. Alejandra Coll Agudelo abokatua eta intzidentzia aholkularia da Ugalketa Eskubideen Latinoamerikarako eta Kariberako Zentroan, eta, dioenez, eskualde hartako zenbait herrialdetan gertatzen da hori: «Abortatzea baimenduta egon arren, legea baliatu nahi dutenek mugak dauzkate. Adibidez, Kolonbiako emakume askok ez dakite beren herrialdean abortatzea ez dagoela zigortuta duela urtebetetik».

Nazio Batuen Populazio Gaietarako Funtsaren arabera, nahi gabeko haurdunaldietan munduko tasarik handienetakoa dute Latinoamerikak eta Karibek. Era berean, 15 eta 19 urte bitarteko nerabeen artean, haurdunaldia da hiru heriotza kausa nagusietako bat eskualde hartan, eta, 15 urtetik beherako nerabeetan, 20 urtetik gorakoena halako hiru da haurdunaldiari lotutako kausengatik hiltzeko arriskua.

2022an, Latinoamerikan 670.000 abortu inguru egin ziren segurtasunik gabe 15 eta 19 urte bitarteko nesken artean. Gainerakoan, haurdunen heriotza tasa handiagoa da munduko lekurik pobreenetan eta gatazka eremuetan, eta modu arriskutsuan abortatzeak dakartzan konplikazioak dira heriotza kausa printzipaletako bat. Diru sarrerekin, heziketarekin eta jatorri etnikoarekin lotutako desorekek, gainera, handitu egiten dute arrisku hori.

«Latinoamerika desoreka handiko kontinente bat da; hori dela eta, emakumerik arrazializatuenentzat, edo pobretuenentzat, neskatila eta neska nerabeentzat, zailagoa da abortatzea», azaldu du Coll Agudelok. «Eta, hain zuzen, informazioa lortzeko eta osasun zerbitzuez baliatzeko aukera berberak ez daudelako da hori. Gainera, hor dago kontzientzia eragozpenaren kontua ere. Gure kontinentean, zigor zuzenbideak erabat baldintzatzen du; horren beldurrak desinformazioa eta estigmak sortzen ditu, baita osasun langileen artean ere, eta langile horiek nahiago izaten dute kontzientzia eragozle direla esan, lege arazorik ez izateko».

Zera ere aipatu du abokatuak: «Bestelako estigmek ere eragiten diote abortuaren auziari, eta, horren ondorioz, jendeak ez du ikusten benetan den bezala, hots, osasun prozedura gisa. Hori dela medio, azkenean osasun langileek esaten dute kontzientzia eragozleak direla, edo salaketak jartzen dituzte, nahiz eta, berez, babesten dituen sekretu profesional hori gorde beharko luketen».

Mespretxatua izateko beldurra eta norberaren komunitateak gaitzetsia izateko beldurra dela eta, emakume askok erabakitzen dute beren kabuz abortatzea, ingurukoen laguntzarik gabe. Marta Lamasek, Entre el estigma y la ley: La interrupción legal del embarazo en el DF liburuaren idazleak (Estigmaren eta legearen artean: haurdunaldia legez etetea DFn), uste du gauzak gehiegi sinplifikatzearen ondorioz sortzen direla estigmak, eta abortua ez dela salbuespena alde horretatik. «Nahi gabeko haurdunaldi bat eteten duten emakumeak eta haiek artatzen dituzten profesionalak kriminalizatzea, hain zuzen, estrategietako bat da abortuari legitimitatea kentzeko; Eliza katolikoaren irakaspen dogmatikoetan gerizatzen diren talde fundamentalistek baliatzen dute estrategia hori».

Manuelaren kasua

Manuelaren kasua, ordea, mundu guztian zabaldu zen, eta mugarri bat ezarri zuen: larrialdi obstetriko bat izan zuen, eta 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, giza hilketa leporatuta. 2021aren bukaeran, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak erruduntzat jo zuen El Salvadorko Estatua, Manuelari eskubide hauek urratzeagatik: askatasun pertsonalerako eskubidea, berme judizialak edukitzekoa, legearen aurrean besteen berdina izatekoa, bizitzekoa, eta osotasun pertsonala, bizimodu pribatua eta osasuna izateko eskubideak. Eta haren familiari osotasun pertsonalerako eskubidea urratzeagatik ere jo zuten erruduntzat estatua. Epaian, esan zuten Manuelak baliabide ekonomiko apalak zituela, analfabetoa zela, eta landa eremuan bizi zela familiarekin batera.

2008ko otsailaren 27an, larrialdi obstetriko bat izan zuen, eta San Francisco Gotera ospitalean artatu zuten. Medikuek ondorioztatu zuten erditu osteko preeklanpsia larri bat izan zuela, baita anemia ere, odol ugari galdu izanaren ondorioz; hortaz, Poliziari deitu, eta abortatzeagatik salatu zuten Manuela. Atxilotuta zeukatela, berriz, Hodgkinen linfoma diagnostikatu zioten, baina berandu eta modu irregularrean tratatu zioten; horren ondorioz, hil egin zen azkenean, 2010eko apirilaren 30ean.

Sententzian, batzordeak argi utzi zuen sekretu profesionalak nagusitu behar duela, baita abortua erabat zigortzen den lekuetan ere, El Salvador barne; eta, horrez gainera, El Salvadorri agindu zion «bere arauak moldatzeko, sekretu profesionala gailendu dadin», Coll Agudelok dioenez. «Horrek egoera juridikoetan pentsatu beharraren zamaz libratzen ditu profesionalak, hartara ez baitute pentsatzen ibili beharrik salaketa jarri edo Poliziari deitu behar ote dioten. Abortua kasu guztietan zigortuta dagoen lekuetan, emakume batek galera obstetriko bat izanez gero —hori edozein emakumeri gerta dakioke—, eta susmoa pizten bada abortatu egin duela, orduan kartzelatua izateko arriskuan egongo da emakume hori».

Legea onartuta, estatuek hura betetzen dela bermatu behar dute, sexu eta ugalketa osasunerako zerbitzuen parte diren baliabide jakin batzuk erabiliz; baliabide horietaz baliatu ahal izateko, ordea, estatuak inbertsio handia egin behar du, batez ere hiriguneetatik urrunen dauden lekuetara iristeko. Argentinako Salta probintzian, hogeigarren astera arte baizik ez dira onartzen haurdunaldia legez eteteko kausak —bosgarren hilabetera arte—; herrialdearen gainerakoan, berriz, ez dago epemugarik horrela abortatzeko, eta haurdunaldia norberaren borondatez etetea, berriz, hamalaugarren astera arte bermatuta dago. Haurdunaldia legez eteteko Saltan dagoen muga horrek, beraz, Haurdunaldia Norberaren Borondatez Eteteko 27.610 Legea urratzen du, zeren lege horrek ez baitu epemugarik ezartzen legezko abortuetarako, hau da, haurdun dagoenaren bizia edo osasuna arriskuan dagoenerako eta emakumea bortxaketa baten ondorioz haurdun geratu denerako. Bestalde, probintzia hartan hainbeste kontzientzia eragozle daudenez eta leku gutxitan egiten dituztenez abortuak, sistema gainezka dago, eta, batzuetan, horrexegatik ez dira betetzen epeak. Eta arazo hori are larriagoa da probintziaren barnealdean.

Sofia Fernandez Saltan bizi da. Legez, Modu Seguruan eta Doan Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Kanpaina Nazionalaren bultzatzaile da probintzia hartan, eta iruditzen zaio Saltan desoreka handiak daudela: «Ez baitago osasun langilerik probintzia osoan abortua bermatzeko; hortaz, non bizi zaren eta zer aukera duzun beste norabait joateko, horren mende zaude. Auzi politikoa da. Mediku gehiago trebatu eta kontratatu beharko lituzkete praktika hori bermatzeko.

Erlijioaren eragina

Latinoamerika izugarri erlijiosoa da oraindik ere —sinestunak %75 baino gehiago dira herrialde gehienetan—, eta, sinesmen askotarikoak egonagatik ere, bakar batek ere ez du onartzen abortua; hala eta guztiz, zenbait ikerlanek erakutsi dutenez, fededunek abortuaren inguruan duten jarrera ez dator beti bat erlijio hierarkien jarrerarekin.

Conicet organismoko ikertzaile batzuek (Argentina) txosten bat argitaratu dute erakusten duena ezen erlijiosotasunak —edo erlijiorik ezak— eragina izan baduela abortuaren inguruko jarreran, baina ez dela beti erabakigarria. Alde horretatik, aztertu dituzten erlijioen artean, bakar batean ere ez zuten jarraitzaileen %50ek baino gehiagok uste abortatzeak debekatuta egon beharko lukeela egoera guzti-guztietan.

Abortatu ala ez erabakitzeko garaian erlijioak duen pisuari dagokionez, egia da herrialdeko probintziarik erlijiosoenetakoa dela Salta, baina Fernandezek lehen adierazitakoa berretsi du: «Egia esan, ezusteko atsegina izan da ikustea zenbat emakumek abortatu duten 2018an kanpaina hasi genuenetik; emakume horiek, 18 eta 30 urte bitartekoak batez ere, armairutik atera dira, erlijioaren fundamentalismotik. Iruditzen zait zerikusi handiagoa duela estatuaren sistemarekin, funtzionarioekin, medikuekin eta borondate politikoarekin, probintzia honetan gizarte gisa gertatzen zaigunarekin baino, nahiz eta katolizismoak eragin handia izan hemen».

Duela aste batzuk, argitara atera zen Saltako Unibertsitate Katolikoak diplomatura bat sortu duela legezko abortuak eragozteko. «Obsesionatuta daude. Diplomatura horren helburua da jendea trebatzea haurdun dauden emakume kalteberak konbentzitzeko ez dezaten abortatu, aldi berean halako heroi karga bat ezarririk ama izatea erabakitzen dutenen gain. Erditzera bultzatzen dituzte; esaten diete dena ondo aterako dela, eta, gero, bakar-bakarrik uzten dituzte». Halako eragina daukate, ezen, duela egun batzuk, ohar bat aurkeztu behar izan zuten botere legegilearen organoan, bertan behera utz zezaten eskaera bat, diputatuen ganberak lehen onespena emana ziona; proposamenean, eskatzen zuten men egiten dieten erakunde sozialetako kideak sar zitezela —medikuak ez diren kideak— osasun sistemako haurdunaldien inguruko kontseilaritzetan, eta haien jardunak ez zezala eduki ez erantzukizun zibilik eta ez penalik.

Argentinan, nolanahi dela ere, kanpaina funtsezkoa izan da legea onesteko, baita bermatzeko ere lege hori herrialde guztian betearaziko dela. Kolektiboetako kideak oinarri-oinarrizkoak dira tartean diren eragileek elkarrekin hitz egiteko bideak urratzeko eta behar den guztietan presio egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.