Michelin multinazionalak ekoiztutako pneumatikoek milaka autoren mugikortasuna ahalbidetzen dute. Eta gurpilek asfaltoan arrastoa uzten duten bezala, enpresak ere inportantzia eta balioa irabazten du kokatuta dagoen tokietan, eta arrastoa uzten du langileen bizipenetan. Bertan, momentu onak eta txarrak, gatazkak eta elkartasuna batera uztartu dira lan egindako urteetan. Aurten, Michelin enpresak Gasteizen duen fabrikak 50 urte bete ditu. Gaur egun, enpresak 3.500 langileri ematen die lana era zuzenean. Baina, horiez gain, asko dira Michelin hornitzeko lan egiten duten tailer eta negozio txikiak Gasteizen. Esan daiteke hiriko ekonomiaren bizkarrezurra dela, Mercedes Benz multinazionalarekin batera.
Era berean, urte hauetan guztietan, enpresak zenbait belaunaldiren ekarpenak ezagutu ditu. Hara lanera goiz sartu eta erretiroa hartu arte bertan egon direnek lantegiaren bilakaera ikusi dute. Gaur egun lanean ari diren beste asko, berriz, gazteak dira, eta ez dute aldaketa askorik ikusi. Horren erakusle dira Juanjo Crespo (Kodes, Nafarroa, 1949) eta Jon Saenz de Camara (Gasteiz, 1988). Crespok erretiroa hartu zuen orain bost urte, 40 urtez enpresan lan egin eta gero. Saenz de Camara, berriz, orain bost urte sartu zen, eta, geroztik, Michelineko langile gisa dihardu.
Mende erdian, enpresak eraldaketa sakonak izan ditu alor askotan. Ekoizpen sistema asko modernizatu da azken lau hamarkadetan. Esan daiteke iraultza teknologiko etengabean bizi direla industriako sektore asko, eta fenomeno horrek oso nabarmen eragiten dio autogintzari.
Crespo horren lekuko izan da hamarkada hauetan. «Iraganean, lana fisikoagoa zen. Bost-sei langile birbobinagailuan goma sartu eta atera ibiltzen ginen», azaldu du Crespok, eta zehaztu du bera fabrikatik atera zenerako ekoizpen fasea askoz ere «sofistikatuagoa» zela. Berak lantegia utzi zuenerako prozesua mekanizatua zegoela oroitu du. «Orain, operadore bat egoten da prozesu guztia ondo doala ikuskatzen». Operadoreak makinari aginduak eman, eta horrek informazioa prozesatzen du; hala, «eraginkorragoa» egiten da fasea. Crespok nabarmendu du orain langile batek lehenago seik ekoizten zutena baino «gehiago» produzitzen duela makina bat zuzenduz. Horrela, gomaren kalitatea hobetu egin da, eta enpresa, lehiakorragoa bihurtu.
Saenz de Camarak ez du ikusi bilakaera hori guztia. Bera enpresan sartu zenerako, teknika horiek denak instalatuta zeuden. «Guk makina desberdinak gomaz hornitzen ditugu. Makina bakoitzak goma mota bat sortzen du». Ondoren, goma mota bakoitza sailkatu, eta tailer desberdinetara eramaten dute, han gurpila landu dezaten. Saenz de Camarak azaldu du egunero lan jardunaldiarekin hasi aurretik arduradun batek aurreko egunean egon zitezkeen akatsak azaltzen dituela. Prozesu eraginkorragoa lortzeko, eguneko plangintza egiten dute. Bertan, produkzio helburu batzuk jartzen dituzte. Hain zuzen, Crespok ardura horiek izan zituen bere azken urteetan.
Langileen «batasun falta»
Prestakuntza eta kualifikazioari dagokionez, biek adierazi dute ikasketa prozesua enpresan egiten dela gehienbat. Crespok dio enpresak maisu industrialak izendatu izan dituela sartu berriek oinarrizko ezagutzak ahalik eta azkarren barneratzeko. Saenz de Camarak Crespok esandakoa berretsi du, eta nabarmendu du enpresak ez ziola kualifikazio handirik eskatu. «Eskola gradua eskatu zidaten, eta, horrez gain, titulu osagarriren bat, baldin baneukan. Ondoren, azterketa psikoteknikoa eta medikoa egin, eta lanean hasi nintzen».
Michelin ospe handiko marka da munduan. Pneumatikoen salmentan bigarren enpresa da, Bridgestonen atzetik. Kontinente guztietan ditu fabrikak, eta herrialde askotako merkatuak betetzen ditu. Crespok esplikatu du gurpil erraldoia saltzen duela Michelinek gehien. «Michelinek kiloen arabera saltzen du dena. Hau da, produkturik baliotsuena gurpil erraldoia da, autoetarako gurpilen aurretik».
Bestalde, Saenz de Camarak gaineratu du Michelinek gurpil mota ugari ekoizten eta saltzen dituela. «Ibilgailuen bereizitasuna handia den heinean, Michelin auto berrien eskaeretara egokitzen da». Gurpil motak asko dibertsifikatu dira.
Biek uste dute Michelinentzat ez dela errentagarria produkzioaren zati gehiena garatzeko bidean diren herrialdeetan kokatzea. «Enpresak kalitatea lehenesten du merke ekoiztearen aurretik», esan du Saenz de Camarak. Crespo ere iritzi berekoa da. «Kapitalizazio eskaseko eskulana da hangoa. Atzerapen teknologiko handia dute, ez baitago kultura industrialik». Crespok dio Michelinek Afrika iparraldean ezarri zuela plantaren bat baina ez ziola zukurik atera. «Nik entzun dut langileak otzanak eta esanekoak zirela, baina ez zirela gauza enpresaren produkzio eskaerak garaiz betetzeko». Planta horiek «galera putzu bat» direlakoan dago.
Michelinen lan gatazka ugari egon dira. 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren aurretik, Michelineko langileak grebaren euskarrietako bat izan ziren. Crespok garai gatazkatsu asko bizi izan ditu, eta langileen arteko elkartasun gabezia asko ikusi ditu. «Enpresak goxoki asko banatu ditu langileen batasuna hausteko». Azaldu du gehien «makurtzen» ziren langileak postuz igo zituztela, eta erantzukizun goreneko lanpostuak eman zizkietela , eta horrek beharginen aldarrikapenak modu bateratuan bultzatzea eragotzi duela askotan.
Hala ere, Crespok aitortu du aurrerapen «positiboak» egon direla langileen baldintzetan. «Sinaturiko hitzarmenik onuragarriena soldatak inflazioaren arabera eguneratzea izan zen». Nabarmendu du lorpen horrekin soldatek %23ko igoera izan zutela. «Lorpen horrekin, hipoteka segituan ordaindu nuen». Nolanahi ere, enpresan emandako azken urteen oroitzapen txarra du Crespok.
Sindikatuen zatiketa
Izan ere, 30 urte zeramatzala, astegunetako lan orduetatik postuz aldatu, eta bosgarren txandan kokatu zuten. Lan eredu horretan ardura handiagoa da, eta ordutegiak aldakorragoak dira. Enpresak jaiegun gehiagorekin konpentsatzen du lanaren gogortasuna. Hala ere, Crespo ez zen ohitu sistemara. «Lana eta familia behar bezala uztartzea zailtzen zidaten, larunbatetan lan eginaraziz». Horregatik, enpresa salatu zuen, eta epaiketetan ibili zen.
Saenz de Camara bosgarren txandan dabil egun lanean, eta ez du Cresporen iritzi ezkorrik. «Asteburuak asko sakrifikatzen dituzu, baina trukean jaiegun gehiago dituzu». Gustura dago, baina aitortu du postu horretan lan egiteko ez dela gauza bera gaztea edo heldua izatea. «Ulertzen dut Juanjoren ezinegona: familia ardurak badituzu, ordutegi horrek arazoak sortzen dizkizu».
Ordezkaritza sindikalari dagokionez, langile batzorde bat dago, eta, bertan, sindikatu guztiek bere ordezkaritza dute. Baina Crespok azaldu du zatiketa dela nagusi. «Alde batean, CCOO eta UGT daude, eta bestean, ELA, LAB eta CGT». Hala, hitzarmen kolektiboari begira ez dago eskaera bateraturik. Saenz de Camarak nabarmendu du aurten ez dela egon hitzarmenak sinatzeko adostasunik, eta eraginkortasun mugatuko ituna sinatu behar izan dutela. «Sindikatuen bitartekaritzak huts egin zuenez, enpresak berak proposatu zigun hitzarmena». Langileek banaka erabaki behar izan dute ituna sinatu ala ez.
Bien esanetan, ordea, Michelinen lanpostua izateak segurtasun ekonomikoa ematen du. «Soldata normalaz gain, enpresak sari batzuk ordaintzen ditu lan osagarriak egitegatik», Crespok dioenez. Lan osagarri horiek bosgarren fakzioa, ordutegi jarraitua eta antzinatasuna dira. «Enpresan emandako urte kopuruak ere igoera batzuk ekartzen ditu soldatan», azpimarratu du. Saenz de Camarak, Crespok esandakoa berretsi, eta baieztatu du soldata «nahiko duina» dela.
Crespok enpresa ez atzera eta ez aurrera geratu den garaiak ezagutu ditu, baita atzeraldiak ere. Haren esanetan, pneumatikoen eskaerak beheraldi bat baldin badu, enpresak doikuntzak egin eta lan osagarriak ezabatzeko ohitura izaten du. Ondorioz, ordainsari gehigarri horiek kendu egiten dira.
Azpikontratatuak
Bestelakoa da egoera Michelinek azpikontratatuta dauzkan enpresetan. Funtzio batzuk transferitzen dizkio zerbitzu espezializatuak emateaz arduratzen den entitate bati. Cresporen esanetan, inork egin nahi ez dituen lan gogorrak kanpora ateratzen ditu, mekanika eta konponketa lanak bereziki. «Lan horiek egiteaz ABLE bat arduratzen da [aldi baterako laneko enpresa bat]». Azaldu duenez, langile horiek segurtasun gutxi dute, eta ziurgabetasunean murgildurik daude: «Michelinek zerbitzu horiengatik ordaintzeari uko egiten badio, lanpostu horiek suntsitu egiten dira». Ziurtasun gutxiko lanpostuak dira beraienekin alderatuz gero. Biek diote langile «pribilegiatuak» direla azpikontratatuen aldean.
Bien iritziz, Gasteizek halako multinazional baten menpekotasun handia du. «Ez dira bertako langileak bakarrik: zeharka Michelinentzat lanean dauden hornitzaileak ere hor daude». Jundizko poligonoan enpresa asko itxi direla gaineratu du Crespok, eta beste askok oso justu irauten dutela. Michelin eta Mercedesen oparotasunak Gasteizko enpresa txiki askoren gainbehera ezkutatzen duela uste du langile erretiratuak.
UDAKO SERIEA. Lanbide bat, bi belaunalditatik begiratua (IV). Michelinen lantegia.
50 urteko bidaia Gasteizko langileentzat
Gasteizko Michelinen fabrikak 50 urte bete ditu aurten. Mende erdian, Gasteizko enpresarik garrantzitsuenetakoa bihurtu da, eta bilakaera handia eduki du azken hamarkadetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu