'Elsa Scheelen'

'Elsa Scheelen' (Txillardegi, 1969)

'Elsa Scheelen' eta 'Egunero hasten delako' nobelak 1969an atera zituzten argitara. Euskal nobelagintza modernoko lehen emakume protagonistak dira Elsa, lehenean, eta Gisele, bigarrenean. Txillardegik idatzi zuen 'Elsa Scheelen'. Liburu horren historia da segidakoa.

jarraia170374.jpg
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abuztuaren 27a
10:27
Entzun

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren (Donostia, 1929 - 2012) hirugarren nobela da Elsa Scheelen. Idatzi zuen lehena, hain zuzen ere —Leturiaren egunkari ezkutua (1957)—, euskal literaturako aurreneko eleberri modernotzat jo ohi dute. Txillardegi 1961ean joan zen erbestera, eta, horren ondorioz, Waterloon (Belgika) idatzi zuen Elsa Scheelen, 1967ko udan eta udazkenean, sei hilabetean.

ETA utzi berria zuen, 1967 hartako apirilean. «Euskal Herrira inoiz itzultzeko esperantza izpirik gabe, buruaz eta bihotza ernetutako mogimendua utzirik, zinez antzeman nuen neure burua ukaturik, deserriturik eta frakasaturik. Inoiz baino azkarkiago. Eta bapatean, nobela bat idazteko gogoa piztu zen nigan. Ez, ordea, urte lantsu haietako gorabeherak azaltzekotan; gertakari haietaz nolabait ahaztu, eta sortzezko mundu harrigarrian murgiltzekotan baizik», idatzi zuen Txillardegik berak 1985ean, liburuari buruz.

Elsa Scheelen
'Elsa Scheelen'-en lehen edizioko azaleko irudiaren moldaketa bat. BERRIA-KO DISEINU TALDEA

27 ataletan banatutako nobela izan zen emaitza. Elsa Scheelen protagonistaren bakardadea azaltzeko. Hamazortzigarren ataletik aurrera, emakume protagonista bere bakardade tragikoan hondoratu bitartean, Pierre Mounier izeneko apaiz meatzariak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du testuan.

Euskal Herritik kanpo kokatuta dago —Belgikan batez ere, baina baita Herbehereetan ere—, eta, artean euskara batuaren inguruko Arantzazuko Biltzarrik egin gabea zegoenez, Baionako 1964ko euskarari buruzko erabakien arabera idatzi zuen Txillardegik, narratzaile orojakile bat erabiliz eta garaian pil-pilean zeuden hainbat gai eta eztabaida politikori plaza eskainiz.

1968ko urrian, Domingo Agirre saria eman zion Euskaltzaindiak nobelari. Hainbat hilabete pasatu arte ez zuten argitaratu, baina. Lur argitaletxe sortu berriak zabaldu zuen liburua. Berehala sumatu omen zuen Txillardegik bere lana ez zela gustagarri gertatu errespetatzen zituen irakurleentzat. «Atzerako urratsa» zela aipatu zion batek; «nobelagintza berritik urrun» zebilela, besteak; 1967an hirugarren pertsonan eta kontatzaile orojakilearen ikuspuntutik idaztea deskalabrua zela ere esan zion norbaitek. Ideologiaren gehiegia salatu zion beste batek. Arestik berak ere «poeta» zela esan zion, poesia idatzi behar lukeela. «Luzaz pentsarazi zidaten kritika horiek, eta nobelagintzarako osotara hoztu ere bai; eta nobelagintzari uztera deliberatu nintzen».

GIZON GALERIA

Gizonen desira objektu gisa ageri da Elsa nobela osoan. Zenbaitek ehizaki huts gisa tratatzen du. Dibortziatua dela jakitean, are nabarmenago. Elsa nazkatzeraino. «Gizonekin kupidarik ez, eta mespretxua gidari. Eta haiek urrunago eta hobe», dio Elsak berak liburuko hamabigarren atalean.

Luc de Potter. Elsaren senarra. Antwerpen jaiotako elebidun flandriarra, independentista eskuindarren seme diruduna. Moderne automobil saltokiaren jabea 1956tik. Burgesa. Itxurakeria zalea. Elsarekin ezkondu eta urtebetera hasi zen lehen maitalearekin, Annie Dupontekin; 1961eko udaberrian bigarrenarekin, Martherekin; gero etorri ziren Micheline, Olga... eta Porte de Namur inguruko kabaretetako prostitutak: horien artean maiteena, Suzanne Duvignaud, nobela hasierako gutunaren hartzailea.

Jean Vanden Brocke. Lucen gezurren berri jakin osteko mendeku tresna Elsarentzat, hasieran; maitemin eragile gero. 35 urteko herbeheretarra, tresna elektrikoen etxe bateko komertziala. Ehizaki gisa ikusten du Elsa. Berarekin oheratzea lortu orduko desagertuko da.

De Rijke. Sona handiko dentista. Elsaren nagusia 1961eko urritik. Alarguna. 50 urteetan dezente aurreratua. Zakar samarra hitzez, baina bihotz onekoa. Elsa alabatzat dauka, itxura batean, baina ez dio alaba gisa begiratzen.

Antoine Vanhamme. Arkitektoa. 37 urte. Ezkongabea. Anglofiloa. Klasista eta arrazista nabarmena. Emakumeen ezetza onartzera ohitu gabeko (beste) gizon bat.

Pierre Meunier. 1964ko udan Flandriako nekazari herrixka batera bidali zuten apaiz. Hango bizimoduak asaldatuta, aldaketa eskatu zuen, eta urte eta erdi daramatza meatzari lanetan. Erlijio fedea gutxitu ahala, marxismora lerratua da, baina azken horrekin ere sinesgogor. Krisi betean bizi da. 32 urte ditu Elsa ezagutu duenean, eta erabat maiteminduko da harekin.

ATMOSFERA

Argitaratu zuten garaian ohikoa ez zen euskara mailarekin idatzita dago Elsa Scheelen. Euskal narratibagintzan ohikoak ez ziren gaiak ere agertzen dira bertan: NATOren eta Europako Merkatu Batuaren interesak, Vietnamgo gerra, kolonialismoa, kapitalaren eskulan merkearen egarriak eragindako migrazioak... Izen propioak ere ez dira gutxi: Mikhail Bakunin, Lavrenti Beria, Friedrich Engels, Che Guevara, Lenin, Patrice Lumumba, Karl Marx, Mobutu Sese Seko, Leon Trotski eta beste hainbaten ideien oihartzunak aurki daitezke liburuko 248 orrialdeetan zehar. Baita Charles Baudelaire, Simone de Beauvoir, Andre Gide, Julien Green, Martin Heidegger, Friedrich Nietzsche, Charles Peguy, Bertrand Russell eta beste batzuen aipuak ere, Bela Bartok, Ludwig van Beethoven, Claude Debussy, Antonin Dvoraken eta Edvard Griegen konposizioen doinupean.

BARBITURIKOAK

Elsaren eta pilulen arteko lotura nabarmena da nobela osoan. Denbora da hartzen dituela, baina Lucekin lo egiteari utzi eta gela propioa hartu orduko, «bost miligramotako Bellergal pikorrak gero eta maizago» hasiko da kontsumitzen. Jean Vanden Broeckek alde egindakoan ere, barbiturikoen bitartez egiten du ihes lasaitasun bila. Elsaren azken gauaren kontaketa argigarri gertatzen da: «Bi 'Bellergal' hartu zituen. Handik ordubetera bi 'Valium'; eta gero beste hiru. Ezin loak har... Beste hiru hartu zituen. Alperrik. Beste bi 'Bellergal' eta bi 'Valium', batera. Lokamuts haiek piskanaka baretu ziran Elsa'ren barruan; bere oroimen nahasia azkenean pausatu zan. Eta Elsa'k ez zituen hiruetako kanpai hotsak entzun...».

ZENTSURATUA

1969ko ekainaren 17an jaso zuen Elsa Scheelen-ek Antonio Albizu zentsorearen baimena, nabarmendutako esaldiok (beltzean daudenak) kendu ostean:

«Aitaren esanez gogoratzen zan Elsa: 'Franco agintetik jausi artean Espaiñia'ra joaten danak, ez du sozialista izena merezi, ezta gizon izena ere egia esateko'».

«Administrazioan ez dago ezer flamen kirten horiek baizik».

«Por el Imperio hacia Dios —esan zuen batek doiñu txarrez».

«Garaitu duten guziek hondatu ditek Erreboluzioa. Garaitu artean egia ditek erreboluziolariek, eta garaitu ondoren iñoiz ez. Budismoaren mezua Asoka'k ihartu zian, eta usteldu; Kristo'rena Constantino'k; Mahomet'ena Ali'k, Rousseau'rena Robespierre'k, eta Marx'ena Stalin'ek. Hori duk legea. Bi gizonak ulertu bide ditek ongi lege hori azken urteetan: Mahatma Ghandi'k eta Che Guevara'k: garaitu duten une berean, Jesukristo erramuen igandean bezalaxe, ahuletara eta zorigaistokoetara jo ditek, ohoreei uko eginez itxuraz; baina sakonkiago jokatzeko: agintea berez onartu eziña dala somatu baitzuten. Eta Nehru eta Castro utzi zizkiaten irteerarik gabeko lokatzetan lohitzera. Horrek salbatu dizkit betirako, eta horrek egin dizkit betirako umant eta eredu, eta XX-gn. mendeko gizonen artean guztiz gaillen eta goragarri».

Abenduaren 31n, Ministerioetako Harreman Bulegoak «idazki guztiz erreserbatua» bidali zuen liburuen zentsuraz arduratzen zen Espainiako Informazio eta Turismo Ministeriora, pasarte hau onartzeagatik Elsa Scheelenen aitaren ahotan: «Jaungoikoa balego, putaseme bat izan beharko luke; baiña putetxeak burgesek sortu dituzte langilleen alabez ornituz. Beraz Jaungoikorik ez dago».

SEAT 850 baten truke

Gabriel Arestik editatu zuen Elsa Scheelen, Kriselu argitaletxearen zigilupean. Arestik ez zuen inprenta lanak ordaintzeko dirurik, baina, eta bilera egin zuen argitaletxea sortu asmo zuten Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Victor Suinaga eta Enrike Villarrekin, Urnietako (Gipuzkoa) taberna batean. Bilera hartan adostu zuten Lur abiaraztea, Kriseluren katalogoarekin —Elsa Scheelen eta Arestiren Harri eta Herri barne—. Trukean, Victor Suinagaren Seat 850 automobila jasoko zuen Arestik. 1969ko uztailaren 10ean, autoa Bilbora eramateko bidean, istripua izan eta hil egin zen Rikardo Arregi. Saizarbitoria zihoan gidari.

Sinopsia.

Pertsonaia nagusia. Elsa Scheelenek 28 urte ditu nobela hastean. Frantses elebakar valoniarra; guraso sozialisten alaba; Monseko Jemappeseko (Belgika) langile auzoan jaioa. Zazpi urte zaharragoa eta aberatsa den Luc De Potter flandriarrarekin 1958ko udaberrian ezkondua, edertzat daukate inguratzen duten gizon guztiek. Emakumeen artean, berriz, ohituta dago errezeloa piztera.

Bruselako Dieweg kaleko billa garesti batean bizi izan zen Lucekin ezkonberritan, baina Elsak haurrak nahi zituen —senarrak ez—, eta ginekologoak esan zionetik umerik ezingo zuela izan, handiegia bihurtu zitzaion etxea. Hala, etxe txikiago bat hartu zuten 1961eko otsailean, Moliere kalean. Hor bizi da Elsa, 1965eko urriaren 26an, nobela abiatzen denean; senarrak maitaleari idatzitako gutuna aurkitzen duenean:

1965

Urriaren 26a. Astearte euritsua. Elsa Bruselako Moliere kaleko bere etxean dago. Zazpi urte dira Lucekin ezkondu zela, eta gutun bat aurkitu du haren galtzetako atzeko poltsikoan. Suzanne izeneko maitalearentzako da gutuna, eta Elsarekiko harremana «hilik» dagoela diotso Lucek bertan.

Azaroaren 4a. Etxetik joan nahi duela esaten dio Elsak Luci, baduela Suzanne maitalearen berri. «Gure artekoa betirako bukatu da!», erantzuten dio Lucek, baina itxurak gordetzea proposatzen dio. Elsa etxeko atzeko gelan ezartzen da.

Abenduaren 31. Kafetegiz kafetegi emango du Urtezahar gaua Elsak, bakarrik; eta, etxera bueltan, Vleurgarteko hizkuntza eskolan gaztelania ikasten hastea erabakitzen du, Espainiara bakarrik bidaiatzeko asmoarekin.

1966

Otsailaren 18a. Lucekin irten da Elsa. Bere maitale guztien berri eman nahi dio senarrak, egia osoa jakinarazi nahi diola esanda, puntu sadiko batez. Suzannerekin moztu duela kontatzen dio, besteak beste. Etxeratzean, oheratu egin dira.

Otsailaren 21a. Asteartea. Etxean, Luc beste emakume batekin dago bere logelan. Elsa lur jota geratzen da. Gurasoen etxera doa, Monseko Jemappesera. Biharamunean, Bruselara bueltan, etxez eta lanez aldatzea erabakiko du Elsak.

Martxoaren 1a. Paquerettes kaleko 18.era aldatu da Elsa, beheko estaian dagoen etxe txiki batera.

Apirilaren 10a. Elsak etxe berrira gonbidatzen ditu gurasoak. Abokatu baten bitartez dibortzioa eskatzeko auziari ekingo diola jakinarazten die. Ez die esan, baina, astelehenero hizkuntz eskolan lagun duen Jean Vanden Broeckekin maitemintzen hasia dela.

Maiatzaren 30a Vanden Broeckekin irteera. Oso gustura sentitzen da Elsa harekin, baina hurrengo asteetan ez du ikusiko, gizona ez baita hizkuntz eskolara azalduko. Uztailera arte ez da agertuko berriro.

Uztailaren 22a. Ostirala. Elsa Amsterdamera joan da Venden Broeckekin, haren belaontzian, asteburua pasatzera. Han, oheratu egin dira. Handik bueltan, ez du gehiago ikusiko gizon hori; desagertu egingo da erabat. Eta pilulekin arindu nahiko duen zulo beltz batean hondoratuko da Elsa.

Irailareko egun zehaztu gabea. Posta bideko ikasketetarako Hektos akademiako bulegoan ari da lanean Elsa. Antoine Vanhamme agertuko zaio. Badaki Elsa dibortziatzeko bidean dela, eta berak diseinatutako txaletaren inaugurazio festara gonbidatu du. Baietz, Elsak. Festa horretatik bueltan, arkitektoa zirrika hasiko zaio, indarka. Elsak, haserre, ihes egingo dio. Berriro ere, bakardade erabatekoan murgilduko da.

Urri erdialdea. 1967ko otsailaren 6ra atzeratu dute Elsaren dibortzio auzia.
 

1967

Otsailaren 4a. Abokatuaren deia, dibortzio auzia berriro atzeratu diotela jakinarazteko. Ekainaren 5a da data berria. Atzerapenarekin suminduta, gurasoen etxera doa Elsa. Gonbidatuak dituzte mahaira eserita. Tartean, Pierre Meunier apaiz meatzaria. Azken hori erabat txoratuko da Elsarekin. Handik bizpahiru astera, apaiza Hektos akademian —Elsaren lantokian— hasiko da latin irakasle lanetan.

Martxoko egun zehaztu gabea. Elsak Pierrerekin jolas egitea erabaki du. Hitzordua ezarri du horretarako. Ordura artean ezagutu dituen gizonak ez bezalakoa izan daitekeela iruditzen zaio, baina. Bere buruari maitasuna onartzeko beldurrak jota-edo, gutxietsi egiten du.

Maiatzaren 24a. Asteazkena. Hainbat hilabetez gogoeta egin ondoren, apaizgoa erabat baztertu eta Elsari maite duela esatea erabakita dauka Pierrek. Hektos akademiara doa, haren bila, eta larunbat arratsalderako hitzordua jarriko dute.

Maiatzaren 27a. Elsak huts egin du Pierrerekin daukan hitzordura. Monsera joan da, gaixo dagoen aitari bisita egitera. Elsa ez dela agertuko ikustean, Pierre kabaret batera doa, asaldatuta.

Maiatzaren 28a. Etxera bueltan dator Elsa; sorterriko aspaldiko lagun batek dakar, autoz. Pierre dauka zain etxepean, eta, Elsa gizon batek lagunduta datorrela ikustean, hari hoska hasten da, zalaparta batean. Elsak ez dio etxeko aterik irekitzen, baina. Astebete bakarrik falta zaio dibortzio auzirako, izan ere, eta ez du nahi ebazpenean eraginik izan dezakeen ezer. Aldarte horrekin hartuko ditu barbiturikoak, hamaikagarren aldiz, lasaitasunari eta loari deitzearren. Ez da sekula esnatuko. 30 urte ditu.

 

Bihar: 'Egunero hasten delako' nobelaren nondik norakoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.