Iruzur egiteko modu bat dira bahiketa birtualak. Bahitzaileek pertsona bat bahitua dutela sinetsarazten diete senideei, telefono dei batean. Askotan, zoriz hautatzen dituzte telefono zenbakiak. Senideen urduritasuna aprobetxatuta, ustez bahitua duten pertsonari buruzko datuak eskuratzen dituzte iruzurgileek, eta erreskatea eskatzen diete hura askatzearen truke; 2.000 eta 10.000 euro artean.
Bahitzaileek ez dute bahituari buruzko informazio askorik izaten; maiz, izena ere ez. Horregatik saiatzen dira senideei egindako lehen telefono deia datuak eskuratzeko erabiltzen. Estutasunean senideek emandako informazioa baliatzen dute bahitzaileek, eta baita sare sozialetan lortutakoa ere. Batzuetan ahots grabazio faltsuak erabili ohi dituzte, bahiketa egiazkoa dela pentsa dezaten ustezko bahituaren gertukoek. Deia ez eteteko esaten diete bahitzaileek senideei, ez dezaten aukerarik izan ustez bahituta daukaten pertsonarekin kontaktuan jartzeko eta iruzurraz jabetzeko.
Delorean taldearen bahiketa birtuala
2013an, Delorean taldeko musikariak eduki zituzten era honetan bahituta, Mexikon bira bat egiten ari zirela. Polizia jantzitako gizon batzuek hoteletik aterarazi zituzten, han arriskuan zeudela esanez, eta beste hotel batera eraman. Han esan zieten bahituta zeudela. Bahiketa birtuala izan zen Poliziaren arabera: bahitzaileek ez zuten indarrik erabili, ez zituzten erabat zaintzapean eduki, baina sinetsarazi zieten kontrolpean zeudela. Mehatxu egin zieten, eta dirua eskatu zieten senideei.