SOSLAIA: "Quiroga ere, Aznarren kutuna"

2009ko apirilaren 3a
12:30
Entzun
2009-04-01

Gazte zela sartu zen politikan, eta 15 urteko bidea egin ondoren gaztea da oraindik. Arantza Quiroga Zia (Irun, 1973) hautatu du PPk Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidente izateko. Joan den hauteskundeetan Gipuzkoako zerrendaburua izan zen, eta heldu den legealdian orain arteko kargurik garrantzitsuena beteko du.

Nuevas Generaciones PPko gazte taldeko kide egin orduko 1995eko Udal hauteskundeetan parte hartu zuen, Irunen, jaioterrian. Hurrengo hiru urteetan Irungo Udaleko zinegotzia izan zen. Garai hartan ezagutu zuen Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu ohia. 24 urterekin PPk Madrilen egin zuen kongresu batean parte hartu zuen, eta eskainitako hitzaldiak Aznarren interesa piztu zuen. Basagoitik duela ez asko haren «kutuna» bihurtu zela esan zuen. Maria San Gil bezala.

1998ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Gipuzkoatik aurkeztu eta hautatu egin zuten. Azken hiru legealdietan legebiltzarkidea izan da. San Gilen agurraren ondoren, Basagoitik EAEko PPko lehendakariorde nagusi izendatu zuen.

Azken egunetan, Quiroga denen ahotan ibili da preserbatiboen aurka eta Aita Santuak esandakoen alde agertu delako. Opus Deiko eskola batean ikasi zuen, eta bere lau semeak ere halako eskola batean ari dira ikasketak egiten. PPko alor kontserbadorekoa dela aitortu du. Bere amaren aldeko familia euskalduna izan arren, berak ez du euskaraz hitz egiten, baina ulertzen omen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.