Euskal Herriak egunen batean erabaki nahi badu Bilbo eta ingurua aintzat hartu beharko direla ohartarazi du Gure Esku Dago (GED) dinamikaren Bizkaiko arduradun Alex Zenarruzabeitiak (1978, Markina-Xemein); Euskal Herriaren herena han bizi denez, hari begira jarri beharko dela. Bertan, ekitaldi handia egingo du bihar arratsaldean GEDek. Aurrera begirako norabidea marraztuko duen Herritarren Ituna ere aurkeztuko dutela eta, parte hartzeko eskatu die herritarrei.
Herri askotan egin diren galdeketen ondoren, bihar Bilbon egingo den ekitaldia “mugarria” izango dela diozue. Zergatik?
Herriak erabakitzen hasita daude. 142 herrik sortu eta gauzatu dute, dagoeneko, aukera hori. Beste batzuk bidean daude, eta beste herri batzuek ezin izango diote herritarrei galdetu, oraingoz. Hori guztia irudikatu nahi dugu Bilbon. Galdera ikurraren inguruan dauden sentsibilitate eta aniztasun guztiak batuko dira. Beste alde batetik, herrietan jada lortu diren adostasun txiki horiek bide emango diote adostasun nazional bati. Adostasun handiagoa duen Herritarren Ituna tresna moduan aurkeztuko dugu. Horregatik izango da mugarria.
142 herritan egin dira galdeketak orain arte. Zein ondorio atera daiteke galdeketa horietatik?
Hainbat ondorio daude, baina guztiak positiboak. Alde batetik, Gure Esku Dago-k planteatzen dituen galdeketak jada normaltasunez ikusten eta gauzatzen dira. Herrietan zabaltzen diren prozesuek parte hartzea bultzatzen dute, eta herritarrek eskertzen dute gauzak hain argi azaldu eta lantzea. Gero, galdeketa egunean bertan, herri guztia jartzen da hautetsontziaren inguruan dantzan. Balorazioa positiboa da guztiz. Bizkaian 60 bat herrik egin dute galdeketa, eta normaltasunez landu da orain arte gatazkatsua zen gai hau. Eztabaida sanoak egiten ari dira, ikuspuntu desberdinak topatzen dira, eta lortutako emaitza denak dira oso positiboak. Herri galdeketak egin diren herrietan bikoiztu egin da aurrez Gure Esku Dago-k egindako giza katean edo oihalen dinamikan parte hartu zuten herritarren kopurua. Adibidez, Euskal Herri mailan egin zen giza kate arrakastatsuan hiru milioi herritarrengana zuzendu ginen, eta 150.000 pertsonak parte hartu zuten. Bada, oraingoz, 540.000 biztanlerengana zuzendu gara galdeketetan, eta, dagoeneko, giza katean parte hartu zuen adina jendek parte hartu du. Gure dinamikara batzen den jende kopurua gehituz doa, eta oso-oso arrakastatsua da hori.
Bilboko ekitaldia bestelakoa izango da. Zer izango da?
Ekimena bera berritzailea izango da. Mosaiko bat egitea proposatzen dugu, eta ez da ekimen tradizional bat izango. Denok dugu buruan Donostiako mosaikoa, baina Bilbokoak izango duen berezitasuna da hiriburu barruan egingo dela; kasu honetan, Bilboren erdi-erdian, Bilbok duen esanahi guztiarekin. Bestetik, erabakitze eskubidearen inguruan gaur egun dauden errealitate desberdinak biltzea nahi dugu.
Prest gaude, diozue lelo gisara. Euskal Herriko hiri handiena ere prest dago erabakitzeko?
Bilbo eta Bilbo inguruan Euskal Herriko heren bat bizi da, horrek duen dimentsio guztiarekin. Hasieran, galdera moduan proposatzen genuen prest hitza: prest al dago Euskal Herria bere buruari buruz erabakitzeko? Bidea egin ahala ikusten ari gara herritarrak prest daudela, prozesu horietan guztietan heldutasun handia hartzen ari dela. Bilboren kasuan, hirigunerik handiena da populazioz, eta aniztasun handiena duena; zentzu onenean, eta duen konplexutasunean ere bai. Hiri horrek ematen digun aniztasuna ona da ikuspuntu desberdinak lantzeko, gure prozesura jende desberdina batzeko… baina sortzen dituen konplexutasunak ere tamainakoak dira. Ate asko jo behar dira, ikuspuntu guztiak norabide berean jartzeko lana nekeza da…
Edozein kasutan, Bilbok egingo du Bilbok erabakitzen duena. Guk sekula ez dugu ipintzen inolako derrigortasunik. Beraz, egunen batean herri honek esaten badu erabakitzeko prest dagoela, Bilbo erabaki hori ahalik eta hobekien hartzeko ahalik eta baldintza onenetan egotea da helburua. Geografikoki ere, Bizkaiaren kasuan, galdeketak Bilbo inguratzen ari dira pixkanaka. Mapari begiratzen badiogu, eskuin aldetik ezkerrera doan prozesu bat izaten ari da. Azaroaren 5ean Leioak, Erandiok, Getxok eta beste herri batzuek galdeketa egingo dutela jakinarazi dute, eta Bilboren atarian jartzen gaitu horrek.
2018ko udaberrian beste olatu handi bat egon daitekeela sumatzen dugu, eta, kasu horretan, Bilbo inguruko herri eta hiriak izango dira galdeketa egingo dutenak. Nahi gabe, halako abordatze egoera batean utzi gaitu galdeketen prozesuak; Bilboren atarian. Bilbora begira jarriko gara denak. Lanketak egiten ari dira, eta, galdeketa helburu ipini gabe ere, ikusiko dugu zer gertatzen den.
Herritarren Ituna aurkeztuko da bihar. Zer da hori?
Tresna bat izango da. Beti esan dugu herritarrok etorkizuna erabakitzeko bideak adostasunez beteriko bidea izan behar duela. Itunaren helburua ere hori da: herrietako adostasunak jaso eta Euskal Herriko gizartea osatzen dugun eragile, elkarte, alderdi desberdinen adostasun zabal bat jasotzeko tresna izatea. Bilbon Herritarron Ituna aurkeztuko dugu, eta, horren ostean, metodologia jakin batekin lanketa zehatzak egingo ditugu herrietan eta beste plano batzuetan. Etorkizunean Herritarren Itun hori herri itun bihurtzea da helburua, eta hori izatea aurrera begira Gure Esku Dago-k uzten duen legatua.
Hemendik aurrerako lana, beraz, itun horren ingurura bideratuko da?
Bai. Azken batean, herrietan lortzen ari garena plano nazionalean lortzea da helburua. Herri galdeketak egiteko, elkarte eta eragile desberdinen arteko adostasunak lortzen ari dira: galdeketa noiz egin, zer galdetu, nola antolatu… 142 herri horietan lortutako adostasun horiek nazio mailan lortu nahi ditugu; Euskal Herri osoan. Itun hori gizarteratu eta elikatu nahi dugu, adostasun nazionala lortuko duen zoru komunaren aurrekaria izan dadin.
Beraz, bide bat izango da orain arte herrietan egin dena oinarri hartuta jauzi egiteko eta adostasuna nazio mailan gauzatzeko?
Hori da. Ekainaren 8an lau urte bete ditu Gure Esku Dago-k eta egin dituen dinamika guztietan lortu dena nonbait jasota geratu behar da. Horregatik dauka garrantzia itun horrek. Herriz herri lortutako guztia nonbait kanalizatu behar dugu, eta kanalizazio horretarako izan behar du itun horrek. Azken batean, adostasun hori gorpuztu egin behar da. Eta gorpuzte horretan izugarrizko garrantzia du itunak.
Zergatik da garrantzitsua bihar Bilbora joatea?
Bilbon irudikatu nahi duguna da gai garela etorkizuna denon artean erabakitzeko, prest gaudela desberdinen artean bakoitzak bere ikuspuntuak izanda mahai baten inguruan hitz egiteko. Eta benetan nahi badugu azken porturaino iritsi, Bilboko egunak handia izan behar du. Eman behar dugun pausoa erraldoia delako prestatu dugu ekitaldi erraldoia.