Azken urteetan Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Trianoko mendietako abeltzain talde baten artean gatazka gogorra egon da, foru jabetzakoak diren lursail batzuetako bazka eskubidearen inguruan. Diputazioaren enkarguz Gorosti topografia enpresak egindako ikerketaren arabera, eskubide hori XIX. mendean bukatu zen, meatzaritzarako desjabetu zirenean. Hala, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Babesteko Sailak amaitutzat jo du gatazka.
Lursail horiek komunalak izan dira Erdi Arotik, eta inguruko kontsejuetako abeltzainek zuten haiek erabiltzeko eskubidea. Ikerketaren arabera, 1880an udalei lursail horien jabetza kendu zitzaien, meatzaritzarako. «Desjabetzean bazkaren eskubideengatik ordaindu zuten meatzaritza enpresek; beraz, eskubide hori indarrik gabe geratu zen», azaldu du Gorostiko Bernardo Murillok.