Josu Jon Imaz: "Barne premiengatik ahalbidetu du Batasunak Ibarretxeren Plana onartzea"

2004ko abenduaren 31
14:19
Entzun
EAJko lehendakari Josu Jon Imazen iduriko "barne premiengatik" ahalbidetu du Batasunak Jaurlaritzaren Estatutu proposamena Eusko Legebiltzarrean aurrera ateratzea. Jarrera hori hartu ezean ezker abertzalearen barruan "gatazka" piztuko zela uste du Imazek eta hori saihestearren eman zutela SA Sozialista Abertzaleak taldeko hiru legebiltzarkidek ekimenaren aldeko botoa. Erabakia "harrituta baina pozik" hartu duela erantsi du jeltzaleen buruak, eta behin Ibarretxeren Plana onartuta "egoera konplexu baina aukeraz betea" zabaltzen dela.

Batasunak ez zeukan beste aukerarik, kontrako norabidea hartuz gero baseen erreakzioa oso txarra izango baitzen", adierazi du Imazek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

Behin Plana onartuta, "egoera konplexua baina aukeraz betea" zabaltzen dela iritzi dio, eta "arazo historikoak" konpontzeko abagunea sor daitekeela. "Garai politiko berri baterako urratsa egin dezakegu, pairatu ditugun arazo historikoak konpontzeko balio dezakeen garai historikoa", nabarmendu du.

Orain proiektua ez dela Jaurlaritzak hirukoarena esan du Imazek, baizik eta Eusko Legebiltzarrarena, eta hortik abiatuta Espainiako Gobernuarekin negoziatzea dela hurrengo urratsa. "Estatuarekin negoziazioa erdietsi behar dugu proposamena Espainiako Kongresuan onar dadin. Ez da erraza izango", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.