Israelgo Armadak beste hiru palestinar hil ditu gaur Gazan

2006ko abuztuaren 4a
16:54
Entzun
Duela hilabete ekintzaile palestinarrek soldadu israeldar bat bahitu zuten eta Israelek Gazan kontrako operazioa abiatu zuen ordun. Egunotan Libanon ezezik, Gazan ere erasoek ez dute etenik. Israelgo Armadak etxeak miatu ditu banan-banan Gazan eta hiru palestinar hil ditu tankeen tiro eta bonbardaketekin. Palestinako iturrien arabera, erasoa goizaldean izan da.

Sendagileek jakinarazi dutenez, hiru palestinar hil ditu gaur Israelgo Armadak bi erasotan. Hamasek jakinarazi du hildakoetako bi Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko kideak zirela. Gainera Israelgo Armadako hegazkinek Gaza bonbardatu dute eta misilek hainbat etxe jo dituzte.

Israelgo Armadak bestalde, ohar baten bidez jakinarazi du tankeen aurkako misilak zeramatzaten 25 ekintzaileri eraso egin dietela. Ez dute, baina, hildakoen daturik eman. Rafako kanpoaldean berrelkartu dira soldadu israeldarrak gauen, etxeak miatzen jarraitzen zuten bitartean.

Zortzi palestinar hil zituzten atzo, horien artean zortzi urteko haur bat

Israeldarrek zortzi palestinar hil zituzten atzo Gazan, tartean ustezko lau ekintzaile eta zortzi urteko haur bat. Lekukoek eta segurtasun indar palestinarrek salatu dute soldadu israeldarrak aireportuan sartu zirela atzo goizean 50 tanke ingururekin. Borroketan 26 pertsona zauritu ziren. Horien artean ustezko hamar ekintzaile. Bestalde, Rafako gobernadore Zuhdi al Kudraren arabera, soldaduek aireportuaren inguruko etxeak okupatu dituzte eta ez diete giza laguntza daramatenei hirira sartzen uzten. Israelek ukatu egin du halakorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.