Iraupenaren kakoa merkatuaren oin azpian

2008ko urtarrilaren 31
09:53
Entzun
Kako etxaldearen kasua ez da gertaera bakana, espekulazioari buru egiteko hamarkadetan garatu den eredu xumea baizik.

A.R.

Kako etxaldekoa ez da gertakari bakana Ipar Euskal Herriko laborantzaren historian. Orain arteko kanpainen ondorioz, Lurraren ekimenen bidez hemeretzi etxalderen segida bermatu eta laborari gazteak plantatzeko xedeak gauzatu dira. Lehen kanpaina 1979an egin zen, eta garaian, kapitala osatzeko, 1.019 parte ezarri zituzten salgai, orduan ere 60 euroan.

Abantzu 30 urtez egin lanak emaitzak ditu, eta Lurraren ekimena laborantzaren segidaren bermea da. Berme horrek aurpegiak eta lekukotasunak ditu. Funtsean, arlo batean zein bertzean, sistemaren inposaketaren aurka jende xumeak eraikitako tresnari bizia eman diote. Gazteek ez dute etxaldean plantatzeko dirurik eta laborari zaharrek ez dute segidarik.

Ez da gertakari bakana. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako laborarien laurdenak arazoak dituzte segida bermatzeko. Neurririk hartu ezean, ondoko urteotan gaur egungo laborantzaren iraupena jokoan dago.

Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganberak bertze arazo bat azpimarratu zuen 2005eko irailaren 20an argitaratu txostenean. «Bigarren egoitzen garapenak eragin zuzena dauka Nafarroa Beherean eta Zuberoan, herri gehienek ez dutelako lurraren erabilpen planik eta laborantza lurrak ez daudelako laborantza lur gisa sailkaturik». Etxalde bateko segida kolokan jartzen delarik, eredu bat jartzen da zalantzan, laborantzaren biziraupena.

Laborariek zailtasunak dituzte lurrak erosteko, hirigintzaren zurrunbiloak lur horiek bereganatu nahi dituelako. Errealitate horren aitzinean pario bikoitza da Lurra egiturarena. Batetik laborantza lurrak laborantzarako atxiki eta horrez gain etxaldeen neurria atxiki, laborari handien eskuetan erortzea ekidinez. Ildo horren bidez kalitatezko laborantza bultzatzea bilatzen du Lurrak eta horrela erakutsi du orain artean osatu dituen hemeretzi egitasmoetan.

Etxalde handiek lur eremu berriak eskuratzeko joera dute. Horren aitzinean, Lurrak etxalde txikien iraupena ahalbideratzen du. «Etxalde txikiak atxikiz, ekiditen dugu dena esku bakarrean gelditzea, eta prezioak goratzea ondoren». Landatzeko zailtasunak dituztenei tresnak eman eta espekulazioaren aurkako baliabidea ere eraiki du Lurrak. Hautetsiek ere airotzen dute etxegintzaren presioa, baina ez dute arazoa gelditzeko tresna eraginkorrik eraiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.