Ifrentzuen jauna

Harkaitz Cano.
2017ko ekainaren 9a
12:50
Entzun

[youtube]https://youtu.be/G__ZyWe1kNs[/youtube]

Kazetari on bat, bere lana entregatzeko epe-muga estua duen poeta besterik ez da, agian. Poeta on bat, honenbestez, bere lana entregatzeko epe-mugarik ez lukeen kazetaria besterik ez litzateke. Zer da, ordea, diziplinari egindako gorazarre nabarmenaz gain, hamalau urtez egunero zutabe bat idazten duen norbait? Mirari bat ez bada, mirari erdia. Zutabeak idaztea, zeure garuna koilarakadaka saltzea zela irakurri nion behin norbaiti. Baina gustuko zutabea koilarakada bat baino askoz gehiago da irakurlearentzat: gosari osoa ez bada, gosari erdi. Anjel Lertxundi irakurtzea da egunkaria zabaldu eta Parisko kafetxe batean sentitzea goizero, Albert Camus atetik noiz sartuko zain.

Gustuko telesailetako pertsonaiak bezala, etxekotu egiten du irakurleak zutabegilea. Eguneroko zutabegileari gehien eskertzen zaiona horixe da, hain zuzen: egunero hor egotea. Hor egotea, baita huts egiteko bada ere. Ez dugu harengandik erregulartasun linealik espero –denbora errukigabea arduratuko da horretaz–; ez dugu espero dianaren erdian geziarekin asmatzerik beti, ez epatatzerik ere, baizik eta ohitura bilakatzea, norbere ajeak eta kezkak, ikuspuntuak eta jo-puntuak partekatu edo kontraesatea. Haren obsesioak eta setak mamurtzea, ahulguneak eta hausnarketak xehatu eta behatzea. Zutabe bat behaketa konpartitua baita, kontrastea eta ispilua. Zutabe bat izan liteke diario zati, norbere minari kendutako puska, liburu bati tarratatutako orri, postal zirriborratu, analisi telegrafiko, hausnarketa txoko, erreklamazio koaderno, bizi-errezeta, aldarri, salmahai, iragarki, bederatzi puntuko bertso, hitz lauz idatzitako poema, entziklopedia handi bati lapurtutako definizio ttipi... Hainbeste gauza izan da Hitz beste.

Aurki esan dezadan: Ifrentzu da Anjelen bigarren deitura. Argitasuna eta umorea ekarri dizkigu. Errebeldia eta erne egoteko grina piztu. Agintekeriaren kontra, boterearekiko mesfidati sentitu dugu maiz. Gure barne kontzientzian somatu bai baina adierazten nekez asmatzen genuen zerbaiten isil-mandatari.

Idazle adi eta adeitsua, ezagutu dizkiogu noizean behin irribarre erdi eszeptikoarekin idatzitako pentsamenduak, kopeta beztuta edo zimur, sekula ez ozpin, errespetuz beti. Askoz gehiago izan dira, ordea, koplaka dabilena bezain jostakin idatzitakoak; irakurri baino gehiago entzun egin dizkiogunak, idazlea bere buruarekin ofiziotan aritu izan balitz bezala. Ofizio askoko eta ofizio askotako baita Lertxundi. Bertsogintza mozorrotuaren adibide, kasu, aterki hitzari eskaini zion zutabetxoa: “Ez dakit nork asmatuko zuen aterki hitza. Joan zen mende hasierako norbaitek behar du. Ateri hitzetik, aterki. Euri denean, aterki; ateri zaude ederki. Sena zeukan lagunak, ederra atera zitzaion: zerua mehatxu-jasaka hasten denean, aterkia zabaldu, eta aterian zaude zu, aterpean daukazu zure ingurutxoa”. Zutabe bat, beraz, ingurutxo bat da. Galtzetan gordetzeko kopla haien bidetik, galtzetan gorde edo ahotan hartzeko moduko zutabeak.

Komunitatea eta hizkuntza dira bere bi behatoki nagusiak, modu ia bana ezinean. Saussure hizkuntzalariaren aipamena ekarri zigun behin: "Komunitate batek hizkuntza du erakunde nagusi. Hizkuntzak komunitate gisako kohesioa ematen digu, etxean sentiarazten gaituen eraikina da. Bertan gaude, bertan gara. Hizkuntzaren dekadentziarekin, aldiz, komunitatearena dator. Eta, demagun, futbol-talde bat ere erakundeago –etxeago– sentitzen hasten gara hizkuntza baino”.

Anjel Lertxundiren kezka nagusienetakoa, esaten denaren eta esan uste dugunaren arteko koska dela esango nuke. Euskaraz eta euskaratik esan nahiaren eta esan ezinaren arteko tentsioa da bere lanaren erregaietako bat. Sinonimia jostalaria, errepikapen txinpartatsua eta aldarte zirtolaria bere estiloaren sor marka dira. Gai da zerrenda soil bat argumentazio teknika bihurtzeko. Euskara batuaren malgutasuna aldarrikatzeko idatzi zituen hitz hauek lekuko: “nago batuaren noranahikoa ukatzen duenak ez duela tutik, izpirik, mistik, fitsik ulertu zer den batua. Ez du zipitzik aditu, piperrik konprenitu, koskorrik jaso, zakilik usaindu zer den estandarra. Gaixo koittaduak ez ditu euskararen bazter eta zokondoak miatu, bihotzaren txoko gozoenak eta gorrotoaren zulo beltzenak hizketan jarri, isiltasuna ozendu eta burrundara itzali, ez da saiatu esan ezin omen zena esaten… Ez, ez du asuntuaren motzaren laburra ere harrapatu, ez dio astoari bere antzik hartu, asta-arrantzari ere ez bere jardunarena”.

Hausnarketaren errota martxan jartzeko hiru erpin: egunero irakurritako hiru egunkari horiek, jakina; baina baita bere bibliotekaren aterpea eta kalean ikusi eta entzundakoak ere. Bere garaiko trenpua, tenperatura eta presio atmosferikoa jasotzen ditu horiekin zutabegileak. Eta baita memoria ere. Ditxosozko errelatoaz zerbait ikasi nahi duenak, irakur bitza Lertxundirenak. Ez dago zutaberik errelato ez denik.

Eruditoa denaren eta herrikoia denaren arteko oreka etengabea da bere zutabegintza. Kostunbrismoarekin talka egiteko arriskuaren aurrean, literaturaren makulua, pentsalarien laguntza. Honela dio beste zutabe batean: “Irakurri berri dut biblioteka bat ia hatz-markak bezain pertsonala dela, eta brastakoan atera zait: pertsonalagoa, konpai!, hatz-markak baino askoz ere pertsonalagoa! Hatz-markek nor naizen esaten dute. Ez naizela beste hura. Baina ez dute esaten zer naizen, are gutxiago nolakoa. (...) bizitzan zehar egin ditudan irakurketa-aukerek zenbat kontatzen duten nire bizitzaz. Hatz-markek gaizkilea bilatzeko balio dute, baina ez gaizkilearen ibilbidea eta gaizkia egiteko motiboak”. Zutabe bat, krimenaren konfesioa dateke, edota idazleak maleziaz eta espreski aukeratutako orrialdean guk irakur dezagun zabalik utzi duen bitakora kaiera.

Literaturari dion fedea ez da pentsamenduetan hasi eta bukatzen, ordea: Anjeli ikasi genion Charles Dickensek Oliver Twist idatzi ostean hainbat lege aldatu behar izan zituela Erresuma Batuko gobernuak, entretenitze hutsaz haratago, haurren esplotazioa modu lazgarrian salatzen zuelako liburu hark.

Hizkuntzaren tranpak, klixeak eta txikleak maisuki aletu dizkigu urteotan Lertxundik. On Quixote errotekin bezala ikusi dugu bera Xuxen zuzentzaile gorriarekin borrokan. Zenbat hitz ez ote dizkiogu ikasi edo berrikasi. Izorrante zaizkion berbak deseraikitzeaz bat, Sarrionandiak gomendatu bezala, bere hiztegi propioa ekarri digu eta idatziaren ereinotza eman die herriaren belarriak bere egin dituen gaztelaniazko hitz eta esamoldeei. Zenbat lokuzio erreskatatu eta zenbat hitztripu oparitu: berri onak dakartzatelako “poztari” bihurtzen diren postariak aurkeztu dizkigu, boterea duenak “kotatik zirin” egitea zer den azaldu, “euli-mediku” batek inor senda ote lezakeen galdegin dio bere buruari... Anjeli ikasi diogu “Punta de París” dagoela guk “puntapaxa” deitzen diogun iltzearen jatorrian. Malamentean, zikinbrillo, konpontxo egin, danborrontzio, talkakrak... Alaja-sorta galanta.

Europako humanisten sokakoa izaki, ez da bakarrik egon bere zutabean, asko izan dira hara etengabe gonbidatu dituenak. Honela zioen aspaldi ez dela: “Cartarescu idazlearen testu batekin nator, opari bat niretzat, opari bat izango ahal da irakurlearentzat ere: «Modernitateak esan nahi zuen zibilizazio bat kulturan zentratua, kultura bat artean zentratua, arte bat literaturan zentratua, literatura bat poesian zentratua». Alegia, poesia zela oraintsu arte gure munduaren, gure gurdiaren ardatza. (...) Ordutik gaurko egunetaraino zer gertatu den? Deszentralizazio postmodernoak kulturarik gabeko zibilizazioa ekarri du, arterik gabeko kultura, literaturarik gabeko artea, poesiarik gabeko literatura, (...) Gurdiaren ardatza lapurtu digute”.

Zutabeetara eta gosaritara estimatzen dituen idazleak ekartzeaz gain, urruntze-gerturatze estrategia asko erabili ditu Lertxundik: noiz mikroskopioz, noiz teleskopioz. Politika zaharraren jardun zabarrak lausotzen dituen baldarkeriak enfokatzea, kasu,✪ edo mira laburreko iritzi akartonatu eta akartolatuen aurrean atlas historikoa zabaltzea, ironiaren bakteria sendagarria neurri-neurrian txertatzea, erregea biluzik dagoela esatean ispilu aurrean norbere burua seinalatzea, eta batez ere, zutabe eroalea izatea; entzundakoa eta irakurritakoa iragazi eta irakurleari arrazoi sendoz helaraztea. Belarri bistan beti. Zutabegile on bat, etxeko zapatilak jantzita idazten duen intelektuala delako. Eta erudizioak ez duelako tutik, izpirik, mistik, fitsik balio entzuten ez badakizu.

Ez dakit garunaren moldagarritasuna eta neuroplastizitatea goresten duten neurologoek zer esango ote duten honetaz, baina burua egunero zutabeak idaztera jartzen duen idazle batek idatz ditzake aldi berean eleberriak? Ez ote zaizkio nobelak zutabe-gisako aterako, edo egunkarietako albisteek kutsatuak, edo mundu konfesionalaren pudore doi eta autofikzionalak gidatuak? Egia al da, Anjel, goizean goiz jaikitakoan bizpahiru zutabe idazten dituzula oraindik ere mentalki buru barruan, errealitateak edo kontzientziak gai-jartzaile lanak egiten dizkion bertsolari mutuaren gisan, burua martxan jarri aitzin, garuna horretara jarrita duzulako oraindik eta betirako?

Hala balitz ere bost axolako litzaiguke: bai baitakigu zutabegilearen eta idazlearen artean ez dagoela apenas alderik, “zutabe” hitza hitz xaloa dela, eta egiaz ez dagoela zutabe irmorik; harea mugikorrak edo hondar lasterrak baino ez dauden lekuan idazten dugula, badaezpadako zingiraren gainean. Eta poeta ona epe-mugarik gabeko kazetaria den ber gisan dela kazetaria epe-muga estua duen poeta.

Mila esker, Anjel, ifrentzuak aurkitzen laguntzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.