(2004-04-30)

Iñaki Uria: "Erotu egin al dira?"

Bere errugabetasuna aldarrikatu du Iñaki Uriak Aranjuezko espetxetik, eta 600.000 euroko bermea eskatu izana «'Egunkaria'-ren aurkako bidegabekerian beste urrats onartezin bat» dela adierazi du

2004ko maiatzaren 20a
13:28
Entzun
Imanol Murua Uria / Donostia

Amorruz hartu zuen Iñaki Uriak 600.000 euroko bermearen albistea. Herenegun gauean izan zuen lehen berria beste preso batzuen bidez, eta xehetasunak Enekoitz Etxeberria abokatuak eman zizkion atzo goizean, Aranjuezko kartzelan bertan. «Erotu egin al dira?» izan zen Egunkaria-ko kontseilari ordezkariaren lehen erreakzioa, ez berak eta ez bere inguruak diru kopuru horri aurre egiteko ahalbiderik ez duela jakitun.

Behin-behineko askatasuna lortu ahal izateko diru kopuru hori ordaindu behar izatea «astakeria» dela adierazi zuen Uriak, abokatuarekin goizean izandako elkarrizketan, baita arratsaldean etxera egindako telefono deian ere. Errugabea izanik «atxilotua, torturatua eta espetxeratua» izan ondoren, orain «diru zigorra gehitzea Egunkaria-ren aurkako bidegabekerian beste urrats onartezin bat egitea» dela nabarmendu zuen.Auzi judizialen logikaren arabera, zenbat eta delitu handiagoa leporatu, orduan eta berme handiagoa jarri ohi dutela gogoratu zuen Uriak, eta Egunkaria-ren auzian neurri honetako dirutza jartzeak ez duela ez hankarik ez bururik, are gutxiago «argi eta garbi dagoenean errugabe garela».Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Salak eskatutako kopuruaren harira, Euskaldunon Egunkaria sortzeko behar izan zena baino diru gehiago dela ohartarazi zuen Egunkaria-ko kontseilari ordezkariak, berrogeita hamar milioi pezetako kapitalarekin (300.000 euro inguru) hasi baitzen euskarazko egunkaria argitaratzen, 1990. urteko abenduan.Uriaren iritziz, ahalegin nagusia «bidegabekeria hau behingoz geldiarazteko» urratsetan egin behar da, auzia irekita dagoenez oraindik ere zigor erabaki gehiago etor daitezkeela kontuan izanik. «Auzia politikoa denez, erantzuna ere parametro horietan eman beharrekoa da» Uriaren ustez, eta ildo horretan arduradun politikoek zer esana eta zer egina badaukate.

Helegite aukerak aztertzen

Iñaki Uriaren abokatuak Auzitegi Nazionaleko Salaren erabakiari nola erantzun aztertzen ari dira. Salako epaimahaiak hartutako erabakiari erregu helegitea aurkezteko biderik ez du ematen legeak eta, beraz, bermeko diru kopurua jaisteko eskaerarik ezingo zaio egin Salari. Egitekotan, argitze helegitea baino ezin zaio egin Salari zuzenean. Bide hori aukeratuz gero, kopurua jaisteko eskatu baino, diru hori abaletan ordaintzeko aukera zergatik ukatu dion galdetu ahal izango die salako magistratuei abokatuak.

Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea aurkeztea da beste aukera bat. Helduleku argia lukeela uste du Joxe Mari Elosua abokatuak, «bete ezinezko baldintza ezartzean askatasunerako eskubidea urratu zaiolako Iñaki Uriari, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak adierazia daukalako bermea jartzeko orduan kontuan hartu behar direla inputatuaren ahalbideak, diru kopurua ordaintzeko modukoa izan dadin». Babes helegitearen arazoa denbora da, Auzitegi Konstituzionalean auziek luze jotzen baitute erabaki arte. Hirugarren aukera Juan del Olmo epaile instruktoreari berriro askatasun eskaera egitea da, horrek bermea jaistea eskatzeko aukera ere zabalduko lukeelako. Baina epe laburrean bederen, zaila litzateke Del Olmok hierarkian gainetik duen epaimahaiaren erabakia aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.