Greba hasi dute Irungo Egoki enpresako langileek

2008ko urriaren 28a
18:11
Entzun
Bart gauerditik greba mugagabean dira Irungo (Gipuzkoa) Egoki enpresako langileak, zuzendaritzarekin izandako elkarrizketek porrot egin ostean beste aukerarik ez dutela iritzita. 200 langile inguru ditu Egokik, eta uztailetik soldatarik jaso gabe daude enpresak dituen finantza arazoak tarteko. Egoerari aurre egiteko, Langile Erregulazioko Eskaera jarri du abian enpresak eta 120 behargin kaleratzea erabaki du.

Poloniako enpresa bat Egoki erostekotan izan da, baina operazioa bertan behera geratu da. Horrenbestez, kaleratzeekin aurrera jarraitzea beste biderik ez dutela agertu die langileei zuzendaritzak.

Langile batzordea, ordea, ez dago horrekin ados. Haien iduriko egungo egoera ez da merkatu galeraren ondorio, baizik eta zuzendaritzaren kudeaketa txarrak eragin du. Horrenbestez, kaleratzerik gabeko irtenbidea eskatzen dute lana eta eskaerak badituztela argudiatuta.

Greba mugagabeari ekiteaz gain, datorren ostiral eguerdian Irunen manifestazioa egingo dutela iragarri dute.

Egokiko langileei ez ezik, haren horniduran lan egiten duten zazpi bat enpresa txikitakoei ere eragiten die arazoak.

Joan den astean Idiazabalgo (Gipuzkoa) Jaso garabia enpresako langileei ekin zioten greba mugagabeari. 48 behargin kaleratu nahi dituzte Jason, krisiarekin lana gutxitu dela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.