Gasa, CO2-a eta argia, denak garesti

Irune Lasa.
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Gas naturala inoiz ikusi gabeko prezioetan dabil Europan. Herbehereetako TFF gerokoetan megawatt-ordua 36,8 euroan salerosi zen atzo, inoiz baino garestiago. Eta berdin gertatzen ari da karbono eskubideen gerokoekin; CO2 tona 58 euroren inguruan ibili da aste honetan.

Aditu eta merkatuek ez dute espero prezioak laster apalduko direnik, ez gasarenak, ezta karbono eskubideenak ere. Berotegi gasaren kasuan, Europako Batasuneko isuri helburuak betetzen joango badira, kutsatzea zamatzeko, prezioak igotzen jarraitu beharko du datozen hilabete eta urteetan.

Gas eta CO2 garestiak biak lotuta daude, ez da kasualitatea: karbono garestiarekin, energia konpainiek nahiago dute CO2 isuri gutxiagoko gasa erabili ikatza baino;horrek handitu egiten du gasaren eskaria; eta hain zuzen eskaria da gasaren salneurriaren igoeraren arrazoi nagusia.

Hemen ere, nola ez, Txinaren eskaria da protagonista nagusia. Indar betean dagoen bere industriarako eta etxebizitzentzat gasa behar du Asiako erraldoiak, baina, horrez gain, erreserbak betetzen ere ari da, inbentarioak handitu nahi dituelako negura begira. Asiako beste herrialde asko ere antzera dabiltza, joan den neguan hustutako gordailuak atzera betetzen.

Adituen arabera, Asiara eta Hego Amerikara ari da joaten ia gas natural guztia, baita AEBetako ustiategietakoa ere. Eta Estatu Batuetan ere gas eskaria handia da, behar dutelako bero handiei aurre egiteko aire girotuentzako argindarra sortzeko. Eta Europan azken hamar urteetako maila apalenean daude gas erreserbak.

Gas eta karbono eskubide garestiek argindarra sekulako prezioetara eraman du kontinente osoan. Horiek horrela, Espainiako handizkako merkatuan gaurko megawatt-ordua batez beste 99,8 euroan salerosi zen atzo. OMIEren arabera, gaur goizeko bederatzietan 110 euro kostako da Mwh-a, eta batez besteko prezioa 99,8 euroan ibiliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.