Hiru funts sortu ditu Espainiako Gobernuak zorpetutako enpresen porrota eragozteko.
Autonomoen eta enpresa txikien funtsa. 7.000 milioi euro izango ditu funtsak, eta haren bidez laguntza zuzenak emango dizkiete COVID-19aren ondorioak zuzen-zuzenean jasan dituzten langile autonomoei eta enpresa txikiei. Gutxienez 3.000 euro izango dira, eta gehienez 200.000. Dirua zorrak eta gastu finkoak ordaintzeko erabili beharko dute. Autonomia erkidegoek kudeatuko dute funtsa.
Kredituen berregituraketarako funtsa. Koronabirusaren krisia hasi zenetik, ICO kreditu ofizialen institutu publikoak bermeak eman dizkie bankuetara diru bila joan behar izan duten enpresei. Guztira, 120.000 milioi euroren maileguak bermatu ditu ICOk. Mailegu horietako batzuk itzultzen hasi behar dute orain, eta horretarako dirurik ez dute enpresa askok. Haiei laguntzea da xedea. 3.000 milioi izango dira funts horretan, eta erabiliko dira zor hori berregituratzeko, zati bat mailegu parte-hartzaile bihurtzeko, eta, beste aukerarik ez balego, zorraren zenbatekoa gutxitzeko.
Kapitalizazio funtsa. Neurri erdiko enpresen kapitala indartzeko funts bat sortuko du Espainiako Gobernuak. Mila milioi euro izango dira horretan, eta mailegu gisa edo kapital gisa iritsiko da enpresetara.