Ezetza ahaztea xede

2008ko uztailaren 1a
09:49
Entzun
Allande Sokarros

Irlandak Lisboako Itunari emandako ezetza kolpe gogorra izan da Europako Batasunarentzat, baina batez ere Frantziarentzat, bera izango baita datozen sei hilabeteetan EBko txandakako presidentetza hartuko duena. Nicolas Sarkozy presidenteak amets handiak zituen sei hilabeteotarako, besteak beste, Europarako konstituzio berria indarrean jarriko zuen presidentea izan nahi zuen. Baina, orain, irlandarrek ezezko borobila esan ostean, alde batera utzi beharko ditu asmo horiek, oraingoz behintzat.

Frantziaren helburu nagusien arteko bat da, hala ere, Lisboako Ituna berrets dezaten batasuneko herrialde guztiek. Testu horrek ordezkatuko du 2005eko maiatzean eta ekainean Frantzian eta Herbehereetan antolatutako herri galdeketetan ezezkoek garaitzeak hondora eramandako Europako Konstituzioa. Orduan, frantsesen ezetzak krisia eragin zuen EBren bihotzean, eta Frantziaren irudia hobetzea da orain estatuburuaren asmoa.

EBko oraingo 27 estatu kideetatik 18k baietsi dute, 2007ko abenduaren 13an batasuneko estatu eta gobernuburuek onartutako Lisboako Ituna. Sarkozyk espero du, beraz, Frantziak EBko presidentetza bere esku izango duen aurtengo abenduaren 31rako ituna oraindik baietsi ez duten herrialdeek, egin, egingo dutela.

Lisboako Ituna Europako Batasuneko 27 herrialdeek berretsita izateak baldintzatzen du Europan egitekoak dituzten aldaketak lehenago edo geroago gauzatzea. Herrialde guztiek testua berretsiko balute urte honen amaierarako edo datorrenaren hasierarako, 2009ko ekainerako finkatuak diren bozen ostean eratuko den Europako Legebiltzarrak eskuduntza gehiago izango lituzke. Horietako bat da Europako Batzordeko presidentea Estrasburgoko Parlamentuak duela, bozketa zuzenez, aukeratuko.

Alabaina, Lisboako Itunean xedatutako aldaketen artean funtsezkoenetako bat da Europako Kontseiluko presidentea bi urte eta erdiko agintaldirako aukeratuko dutela. Europako Kontseilua da EBko instituzio gorena, estatu edo gobernuburuek eta hainbat arlotako ministroek osatzen baitute. Estatuburu edo gobernuburuen goi bilera batean da Europako Kontseiluko presidentea aukeratuko. Lisboako Itunak dioenez, berak ditu bultzatuko EBren politika ardatzak, kanpo harremanen, segurtasunaren eta defentsaren arloetan. Alabaina, Atzerri Politikarako goi ordezkari bat ere izango da eta horren eta presidentearen eskumenen arteko oreka ez da horren argi ikusten.

Dena den, Irlandako herritarrek testuari emandako ezetzarekin zer egin urte bukaeran dute erabakitzekoa, beste estatu kideek, eta erabaki horren araberakoa izango da Sarkozyren arrakasta edo porrota ere.

Dohako Erronda mahaian

Ekonomikoak izango dira, hala ere, Parisen erronka nagusiak, eta lehena eta garrantzitsuena Dohako Erronda. Uztailaren 21erako deitu ditu nazioarteko estatuburuak munduko mmerkataritza erakundeak, akordioa lortzea da helburua. Merkatuak liberalizatzea da akordioaren xedea, baina aurretik blokeoa gainditu behar dute. Herrialde garatuek eskatzen dute nekazaritza gaien gaineko muga zergak murrizteko; aldiz, horiek nekazariei ematen dizkieten laguntzak murrizteko eskatzen dute garatzeko bidean daudenek. Ez batzuk ez besteak ez daude amore emateko prest. Horiek hala, Genevako goi bilera baino egun batzuk lehenago EBko estatuetako Nekazaritza ministroekin bilduko da Sarkozy, nolabaiteko akordioa lortzeko asmoz. Bera presidente dela Dohako Erronda hitzartzea lortuko balute, Parisek historiako liburuetan ikusiko luke bere izena, eta horixe da Frantziak nahi duena.

Lisboako Ituna eta Dohako Errondarekin nahikoa ez, eta ekonomia krisiak ere buruhausteak emango dizkio Parisi. Hainbat adituk azken hilabeteetan ohartarazi dute bai oinarrizko elikagaien garestitzeak eta bai krisiak berak ere okerrera egingo dutela asteak igaro ahala. Ondorioz, energiaren gaineko akordioak lortzea Frantziaren lehentasunetako bat izango da datozen sei hilabeteetan. Hitzarmen horiek lotzerakoan oso kontuan izan beharko du Sarkozyk estatu kide berrien egoera ez dela aspalditik kide direnen parekoa eta, beraz, krisiari aurre egiteko zailtasun handiagoak izango dituztela.

Immigrazioa are neurtuagoa

Bruselak duela gutxi onartutako immigrazioaren legearen inguruko neurri berriak ere hartu nahi ditu Parisek. Gehienbat asiloei dagozkienak. Horiek zertan diren zehaztu ez duten arren, ez dirudi txandakako buruzagiaren xedea etorkinei sarrera erraztea izango denik. Frantzian bertan, Sarkozyren aginteak arauzkotzat jarri duen immigrazioa da «hautuz egindakoa», hautu hori, baina, Parisek finkatutako irizpideen araberakoa delarik. Zehazki, Frantziak sartzen utziko dituen etorkinak dira «gaitasun zehatzak» dituztenak. Hainbat herrialdek, hala nola Afrikakoek, gaitasun handieneko euren herritarrak «harrapatzeko» egitasmotzat jo dute doktrina hori.

Ildo horretatik, gaurtik hasita, Europako ekialdeko zazpi estatuetako herritarrek Frantzian lan egiterat joateko baimena izango dutela iragarri zuen Sarkozyk, maiatz amaieran Polonian egin zuen bisita ofizialean. Aukera hori izango duten herritarrak dira Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania eta Txekiakoak. Herrialde horiek 2004. urtean sartu ziren batasunean, baina Frantzian lan egiteko bideak itxi zizkien Parisko gobernuak. Erresuma Batuak, Irlandak eta Suediak, besteak beste, EBn sartu berri diren herritarrei hara lan egitera joateko bideak irekita utzi zizkieten. Frantziak, aldiz, EBn sartzeko itunean agertzen den irizpidea baliatu zuen. Horrek arauzko egiten du batasunean aurretik kidetutako herrialde batek bere lan esparrua estatu partaide berrietako herritarrei berehala ez zabaltzea. Lan merkatu bateratuaren mugatze horiek 2009ko maiatzaren 1a arte -eta kasu batzuetan 2011ra arte- dira legezkoak.

Turkia eta Kroazia EBko kide izateko elkarrizketak, kolokan

Frantzia ez da inoiz izan Turkia Europako Batasuneko kide bilakatzearen aldekoa, eta, beraz, ahal duen guztietan horren aurka egin du. Orain, Parisek EBko presidentetza hartu duenean, aukera paregabea du haren aurka egiteko. Izan ere, estatu kide batek baino gehiagok ohartarazi dute Lisboako Itunak aurrera egiten badu ez dela kide berririk sartuko batasunean. Horrek esan nahi du Kroaziak eta Turkiak Bruselarekin hasitako negoziazioak bertan behera geratuko liratekeela.

Gainera, Turkiak EBn sartzea lortuko balu indar handia izango luke, EBko estatu handienetako bat izango bailitzateke, eta ondorioz, Parisek mesfidantzaz begiratzen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.