Biharko inbestidura saioaren zuzeneko kontakizuna egingo du BERRIA.INFOk

2009ko maiatzaren 4a
11:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko biharko inbestidura saioa zuzenean kontatuko du BERRIA.INFOk, Twitter gizarte sarea erabilita. Egunkariko Politika Saileko kazetariek kontatuko dute Eusko Legebiltzarrean gertatuko dena, webguneko lan taldeak lagunduta, 09:30etik aurrera. Irakurleek ere izango dute iruzkinak-eta egiteko aukera, BERRIA.INFOko azaletik bertatik edo Twitterretik. Mezu sistema baten antzekoa da Twitter, eta publikoa zein pribatua izan daiteke. Tuiteatzea mezuak kate batera bidaltzea da. Kanala publikoa denean mezuak denek ikus ditzakete.

Aurreneko aldiz erabiliko du sistema hori BERRIA.INFOk, eta maiatzaren 13an ere Athletic-Bartzelona Espainiako Kopako finala emango du zuzenean. Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatuko dute partida, eta handik egindako bideoak ere jarriko ditu ikusgai BERRIAren webguneak.

BERRIA.INFOk iazko udazkenean diseinu aldaketa egin zuen. Aldaketa handi samarra izan zen: diseinu berria -aurrekoa 2003ko udakoa zen-, parte-hartzeari bultzada (iruzkinak, albisteak bozkatzeko aukera, testuak bidaltzeko modua...)... Orain berritze hari ukitua ematen hasi da, zintzilik geratutako kontuak gauzatuz eta ideia berriak garatuz.

Ahal den zerbitzu onena emateko asmoz, informazioa azkar eta zehatz emateaz gain, BERRIA.INFOk balio erantsian sakonduko du: elkarrizketa digitalak, blogak, bideoak, iruzkinak, inkestak, eztabaidak, Klik! atala, webgune bereziak... Halaber, eguneko kirol emaitzak jarriko ditu, BERRIAko aurrerapenak egin, kanal tematikoak sortu... Esaterako, 1 Formulari buruzkoa sortu berria du: Bugattiko bihurgunea izenekoa.

Bestetik, zuzeneko emanaldiekin apustua egingo du: ekitaldiak-agerraldiak bideo bidez zuzenean emanez batetik, eta Twitter erabiliz zuzeneko testu jarraipena eginez bestetik. Datorren asteartean, Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioarekin egingo duen bezala.

Ostegunean UEUren hitzaldian

Udako Euskal Unibertsitateak eta Miramon Enpresa Digitalak elkarlanean antolatuta, Informatikari Euskaldunen VII. Bilkura ospatuko dute hilaren 7an, Donostian, Teknologia berriak, gaur eta bihar lelopean, eta BERRIA.INFOk parte hartuko du mahainguruetako batean. Iker Balentziaga BERRIA.INFOko teknikaria ariko da, Eli Pombo (Argia) eta Maite Ubiriarekin (Gaur8/Kazeta.info).

15:30ean hasiko da mahai-ingurua, Miramonen, Donostiako Teknologi Elkartegiaren auditoriumean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.