Aspaldikoa da aldarrikapena, eta, erakundeen babesik izan ez duten arren, emakumeen etxearen proiektua ere landua dute Bilboko auzo garaietako hainbat talde eta eragilek. Galtzagorri talde feminista da horietako bat. Uste dute sinesgaitza dela oraindik Bilbon emakumeen etxerik ez egotea. Bat baino gehiago egon beharko liratekeela diote. Hala ere, beharrik handiena San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzo garaietan ikusi dute. Koloretxea emakumeen etxea —izena ere erabaki dute— San Frantzisko auzoko Harrobia plazan egiteko eskatu dute. Izen bereko elkartea aurkeztuko dute laster.
Behar hori are nabarmenago bilakatu du pandemiak. Susana Andino Galtzagorri elkarteko kideak egoera batzuen larritasuna aipatu du: «Emakumeen egoera oso latza da gure auzoan. Bakarturik bizi dira batzuk; batez ere, adinekoak. Emakume nagusien egoera ere latza da. Oso baliabide gutxi jasotzen dugu».
Pandemia aurretik ere, ezaugarri eta egoera sozioekonomiko bereziak izan dituzte Zabala, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko auzoek: «Langabezia tasa oso altua da. Aniztasun handia dago. Hori oso aberasgarria da, baina pobrezia nagusi da». Elkarteak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren azterketen arabera, «Euskadiko gizarte bazterketa arrisku mailarik handiena bizi dugu. Eta Bilboko beste auzoetako bizilagunekin konparatuta, bizi itxaropena 10 urte laburragoa da gurean».
Egoera horren aurrean, Andinok esan du emakumeek «topagune batzuk behar» dituztela. «Nora jo ez dutenentzat erreferentzia bat izango litzateke emakumeen etxea». Hainbat zerbitzu etxe berean eskaintzeak burokraziak zailtzen dituen prozesuak arintzea eta erraztea eragingo lukeela azaldu du.
Arrazakeria dute beste arazo bat. Beste jatorri batzuetako herritarrak ez ezagutzeak arrazakeria areagotzen duela dio, eta horren aurkako borrokan lagungarritzat jo du: «Elkar ezagutzeko tresna izan daiteke».
2015az geroztik partaidetza prozesu zabala garatu dute, eta Koloretxe, guztion etxea txostena osatu. Koloretxe.eus webgune sortu berrian dago ikusgai. Joan den hilean Bilboko Udaleko Berdintasun Sailak egin zuen emakumeen etxeei buruzko aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten auzootako mugimendu feministetako kideek. Azterketa horrek emakumeentzat espazio propioen beharra azpimarratzen du.
Agintaldi honetan
Andinok uste du Bilboko Udalak agintaldi honetan gauzatuko duela emakumeen etxea. «Lotsagarria da Hego Euskal Herriko hiriburu bakarra izatea emakumeen etxerik barik; ikusita, gainera, hainbat herritan ere egin dituztela eta beste batzuetan egiteko prozesuetan ari direla».
Egoera horrek Bilboko mugimendu feminista indartsuarekin talka egiten duela deritzo. «Arrakala bat dago agintarien eta mugimendu feministaren artean, eta bada garaia hori konpontzeko. Konbentzituta gaude etxea agintaldi honetan gauzatuko dutela». Hala ere, pauso zehatzak eskatu dizkiote udalari. Dena den, aitortu duenez, «mugimendua epela bada ere, sumatzen da zerbait».
Emakumeen etxeak
«Behar» dutelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu