Astarlozarentzat ere Tour "gogorra"

2010eko uztailaren 23a
18:05
Entzun
Iazko uztailaren 21ean Frantziako Tourreko etapa irabazi zuen Mikel Astarloza (Pasai San Pedro, 1979) Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, baina handik gutxira jakin zen positibo eman zuela ekaineko proba batean eta harrezkero ez du korritu. Bi urteko zigorra jarri zioten. Oarsoaldeko Hitza-k elkarrizketa egin dio, eta honatx zati batzuk.

Gertatutakoak gertatuta, nola oroitzen duzu iazko uztailaren 21 hura?

Egunaren oso oroitzapen ona dut, nahiz eta gero gertakari itsusiak pasatu. Azkenean, nire kirol ibilbidean lorpenik handiena lortu nuen eguna da. Nahiko nuke horrelako bat errepikatzea, baina jakin badakit zaila izango dela.

Lasterketatik kanpo, nola bizitzen ari zara aurtengo Tourra?

Oso gogorra da. Urte guztian kolaborazioak egiten ditut hainbat komunikabidetan, baina Tourra komentatzeko esan zidatenean -bai ETBn eta baita Info7 Irratian ere-, zalantzak izan nituen. Ez zait gehiegi gustatzen Tourra ikustea, jakinda han egon beharko nukeela. Nire gogoz kontra kanpoan utzi naute eta hori onartzea gogorra da. Egia esan, ez nago nire hilabeterik onenean, baina urtebete pasatu da honezkero eta, egia esan, bizitza bera egiten jarraitzen dut. Egunero goizean goiz esnatzen naiz entrenatzera joateko. Aurten 20.000 kilometro badauzkat bizikleta gainean, eta nire tropelkideek oporrak hartu bitartean jarraitu nahi dut entrenatzen, hurrengo urtean beraiekin hasi ahal izateko.

2011ko Tourrean Mikel Astarloza animatzerik izango al da?

Baikorra izan nahi dut, baina gauzak joan diren moduan, baikor izateko motibo handirik ez daukat. Azkenean onartu behar dut egin ez dudan zerbaitengatik zigorra jasotzen ari naizela. Espainiako Federazioak 2011ko ekainaren 26ra arteko zigorra ezarri dit. Zigor horrekin, 2011ko Tourrean parte hartzeko aukera izango nuke. Bestetik, taldeak helegitea jarri dio zigor horri, eta kentzeko eskatu du. Baina ez dakit noiz etor daitekeen erantzuna, auzia epaitegi arruntean dagoelako. Beste aldetik, UCIk ere helegitea jarri du, zigorra ekainaren 26an bukatu beharrean, ekainaren 31n bukatu dadin eskatuz. Beraz, buruan dudana da hurrengo urtean ziurra dela bizikletaren gainean lehian izango naizela, txarrenera uztailaren 31tik aurrera, eta urtebete gelditzen zaidala entrenatzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.