Angeluko hilketak genero indarkeria gisa tratatzea ukatu du prokuradoreak

2016ko ekainaren 22a
18:25
Entzun

"Ez dago senar-emazteen artean bortizkeriarik zegoen zantzurik; beraz, ez da genero indarkeria kasurik aipatzen ahal. Familia drama bat da". Hitz horiek erabili ditu Baionako prokuradoreak. Gizon batek, emaztea eta bi alaba hil, eta bere buruaz beste egin zuen herenegun gauean, Angelun; atzo arratsaldean aurkitu zituen gorpuak Frantziako Poliziak.

Gertatutakoari buruzko informazioa zabaldu du gaur Samuel Vuelta Simon prokuradoreak. Atzo, 16:00etan, eman zioten abisua Poliziari: auzoko bizilagun bat, hain zuzen, hilketa burutu duen 52 urteko gizonezkoarekin elkartzekoa zen. Ez zela agertzen kezkatuta, haren etxera joan zen, eta, leiho batetik, neskato gazteenaren gorpua antzeman zuen. 18:00etan sartu ziren etxera brigada berezietako poliziak, eta lau pertsonaren gorpuak aurkitu zituzten. Poliziaren ikerketaren arabera, gizonezkoak emaztea eta alabak hil zituen tiroz, lo zeuden bitartean. Heriotzako ordua zehazteko badago ere, gauean izan zela pentsatzen dute. Emazteak 43 urte zituen; alabek, berriz, 11 eta 16 urte.

Vuelta Simonek adierazi du justiziarekin arazoak izanak zituela gizonezkoak. Baionako auzitegiak 5.000 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen 2015eko urrian, Claude Olive Angeluko auzapezaren kontrako dokumentu konprometituak argitaratuko zituela mehatxu egin ondotik. Aurretik, UMP alderditik kanporatu egin zuten gizona, 2014ko martxoko herriko etxeetako bozetan Oliven kontrako hautagaitza aurkezteagatik. Halaber, diru arazoak ere aipatu ditu Baionako prokuradoreak, eta zehaztu du 350.000 euro arteko zorrak ere bazituela hainbat jarduera komertzial zituela bitarteko. Emazteak berriki dibortzio eskaera bat egina ziola ere jakinarazi du. "Bere jokabidea esplikatzeko" gutun bat utzi du gizonezkoak, Baionako prokuradoreari zuzendua; "gutun nahasia" dela adierazi du prokuradoreak.

Mugimendu feministak gogor salatu ditu atzoko hilketak, eta elkarretaratzea eginen du bihar, 18:00etan, Angeluko Herriko Etxe aitzinean, Emakumeen Mundu Martxak deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.