AEB 2014an Afganistanetik aterako dela berretsi du Hillary Clintonek

2010eko azaroaren 19a
17:04
Entzun
NATOko herrialdeak Lisboan bilduko dira asteburu honetan, eta Asiako herrialdearen etorkizuna mahai gainean egongo da. Segurtasun neurri zorrotzak ipini ditu Portugaleko gobernuak; hamaika pertsona atxilotu ditu eta herrialdean sartzea eragotzi dio 127 atzerritarri.

2014an Afganistango segurtasun gaietako eskuduntzak herrialde horretako gobernuarekin "eskualdatuko" ditu AEBk. Hala berretsi du gutxienez Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak NATOren bileraren atarian, Lisboan.

NATOko herrialdeek bihar erabakiko dute Asiako herrialdearen etorkizuna. Aliantzako 28 herrialdeek eta han tropak dituzten beste 20 herrialdek hartuko dute parte bileran, eta Hamid Karzai Afganistango presidentea ere han izango da.

Clinton fio da akordio batera iristeko NATOko beste herrialdeekin. Era horretan, eskuduntzak emateko prozesua 2011n hasiko litzateke, eta 2014an segurtasun gai guztiak Afganistango gobernuaren esku egongo litzateke. Clintonek adierazi duenez, "Afganistanen dugun misioak aurrerapenak eragin dituela uste dugu, eta ziur aski Karzaikhori onartuko du".

Afganistango nazioarteko misioa ez da Lisboan eztabaidatuko den gai bakarra. Errusiarekiko loturak estutze bidean dabil NATO. Cibererasoei, terrorismoari edota nazioarteko delinkuentzia antolatuari aurre egiteko estrategiak ere finkatu nahi dituzte.

Segurtasun neurri zorrotzak

NATOko bileretan ohikoa denez, hainbat protesta espero dira. Hala, Portugaleko polizia lan egiten ari da manifestazio horiek ekiditeko.

Portugaleko Atzerritar eta Muga Zerbitzuak jakinarazi duenez, azken 24 orduetan 82.552 pertsona "kontrolatu" dituzte, eta 127 atzerritarri ez die herrialdean sartzen utzi. Horrez gain, hamaika pertsona atxilotu dituzte, eta hainbat aizto, su arma bat eta "NATOren aurkako" materiala konfiskatu dute.

NATOren bileraren aurkako plataforma desberdinek salatu dute poliziek ez dietela utzi Lisboan sartzen, inolako "justifikaziorik gabe". Euren ekimenak "desobedentzia zibilekoak" eta "baketsuak" direla gaineratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.