Hamabi pilotari izan ziren duela astebete Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Eskuzko Pilota Enpresen Ligako (EPEL) Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpenean; enpresa bakoitzetik sei. Zortzik bakarrik segitzen dute lehian. Haiek guztiek jokatuko dute final-laurdenetako ligaxka.
Final-zortzirenek hankaz gora jarri dute enpresen arteko hasierako parekotasuna. Aspeko sei pilotariak ariko dira final-laurdenetako ligaxkan: Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia, Peio Etxeberria, Danel Elezkano, Aitor Elordi eta Dario Gomez. Baikokoak, berriz, bi besterik ez: Unai Laso eta Jon Ander Peña. 2012an Lau eta Erdiko Txapelketan final-laurdenetan ligaxka jokatzen hasi zirenetik —2020an ez zen jokatu, pandemiagatik—, inoiz ez zen horrenbesteko aldea egon bi enpresen artean. Iaz, adibidez, berdindu egin zuten: bakoitzak lau ordezkari izan zituen ligaxkan.
Elkarren arteko partidek desorekatu dute egoera. Final-zortzirenetan, hiru partida jokatu dira Aspeko eta Baikoko pilotarien artean, eta hiruretan irabazi du Eibarko (Gipuzkoa) enpresakoak: Elezkano II.ak Iñaki Artolari irabazi dio; Elordik, Erik Jakari; eta Dariok, Asier Agirreri. Peña II.a, berriz, Mikel Urrutikoetxea enpresakideari nagusituta sailkatu da.
Bihar hasiko da ligaxka, Sorian (Espainia). Peio Etxeberria eta Dario ariko dira A multzoko lehen partidan. Ostiralean, berriz, Ezkurdia eta Elordi ariko dira Beasainen (Gipuzkoa), B multzoaren estreinan. Larunbatean, Lasok eta Elezkano II.ak jokatuko dute B multzoko lehia, Iruñean. Eta, azkenik, igandean, Altuna III.ak eta Peña II.ak neurtuko dituzte indarrak Gasteizen, A multzoan.