Irakasle erretiratua naiz, bai, baina hezkuntza nire baitan txertatua daukat oso aspalditik, eta betirako, egunoroko gaia daukat, bai alajaina. Horretan darrait. Eta positiboa izan nahi dut, baikorra naiz, horrela izan nahiko nuke. Eta baditut, nik uste, nahiko zio. Zeren esan dezadan euskal hezkuntzak egindako bidea goraipatzeko modukoa dela, bai alderdi kuantitatiboei eta baita alderdi kualitatiboei dagokienez ere. Demokrazian bizi garen lau hamarkada luzeotan barrena euskal hezkuntza elebiduna, eta baita eleaniztuna ere, lortu da, ezagutza euskarri, giza baliabide eta baliabide material onargarriekin. Eta bide horretan, eta inolako zalantzarik gabe, euskal hezkuntza sistema osoak, osoak bai, izan du, eta du, zeregin eta ardura itzela. Ezin ulertu bide hori auzolana aipatu gabe, askoren artean noski, zeren gure hezkuntza sisteman badago non aukeratu, Publikoa, Ikastola, Kristau Eskolak e.a. Hala ere, eta ados egon gaitezke, gaur egun ere eta etorkizunera begira asko dagoela egiteko eta hobetzeko. Ezin konformatu dugunarekin. Hobera jo behar. Horretan ekin behar. Etorkizuna dugu jokoan, geure esku dugu.
Hezkuntzaren arloko inbertsioa, egin beharreko inbertsiorik onena da Aberri gisa izango ditugun erronkei erantzun ahal izateko. Herri lehiakorra sortzeko gai den euskal gizartearen eraikuntzan lan egin behar da, eta asko; euskalduna eta eleanitza den gizartea; bizikidetza antolatzeko gai den gizartea; izateko, egiteko eta sortzeko gai den gizartea; komunikatzeko gai den gizartea; bai eskolan bai eskolatik kanpo ikasteko prest dagoen gizartea. Sinesten dut, beraz, herritarren zerbitzura egongo den hezkuntza sisteman, gero eta bidezkoagoa eta solidarioagoa den eta kohesio handiagoa duen gizartea lortze aldera. Sinesten dut balioetan oinarritzen den hezkuntza sisteman. Bizikidetza, bakea, adiskidetzea, elkartasuna, geure ume, neska eta mutilen arteko inklusibitatea, enpatia, berdintasuna eta herritarren ongizate kritikoa bultzatzen dituen hezkuntza politikan sinesten dut. Beharrezkoa zaigu, ezinbestekoa bai, baina ez nahikoa.
Adostasunean, adostasun zabal eta iraunkorretan hain zuzen, sinesten dut, hezkuntzan bereziki. Elkarlanean eta auzolanean sinesten dut. Denok gara beharrezkoak, ezin inor baztertu, bakoitzak dagokion esparruan bere ahalegin eta esfortzu onena ematen duen lan taldean sinesten dut. Eta horretan saiatu behar gara etengabe, atsedenik gabe.
Gure aurrekoek ez zituzten garai hobeak bizitu, ez, baina hortzak estutu zituzten, aurrera begiratu zuten, eskua elkarri eman zioten eta aurrera egin zuten. Lekukoa gure eskutan utzi ziguten. Ardura, historiaren aurrean, geurea da. Aitzakiarik ez. Zintzotasunari bai.
Katea ez da, ez, eten. Katea ez da, ez, etengo. Horixe da gure ardura, denon ardura. Guztiona. Lortuko dugu. Gure ondorengoei lekuko hobea uzteko gai gara. Elkarrekin. Elkarlanerako gonbita egitea ezinbestekoa da. Garai zailak bizi ditugula gauza nabaria da zoritxarrez, sasoi oso korapilatsutan gabiltzala murgilduta begi bistan dago, gupidarik gabe eta krudelki astintzen gaituen krisi gogorra gure egunerokotasuneko lekuko iluna dela garbi dago. Beharrezkoa izango zaigu, bai, lankidetza eta talde lana. Denona. Beharrezkoak eta derrigorrezkoak izango zaizkigu bakoitzak bere ikuspuntutik, bakoitzak bere esparrutik, bere arduratik eta bere alorretik emandako iritzi, iradokizun, aholku, lan eta esfortzuak. Garai oso trumoitsuak jasaten ari gara, bai. Baina ez gara jaio berriak. Ez gara jaio ilunpean eta etsipenean bizitzeko. Itxaropenez betetako eta etorkizunera begira dagoen Herri bat osatzen dugu. Badakigu arraunean egiten. Ezagutzen ditugu oztopoak. Badakigu garaipena zer den. Herri gisa, auzolanean eta lankidetzan, ekin diezaiogun eginkizunari. Geure erronka eta gu guztion ezinbesteko ahalegina da. Bedi beraz. Aurrera.
ZUZENDARIARI
Hezkuntzan ere auzolana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu