Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa

Ahuleziak

Beñat Gaztelumendi.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
www.mondragon.edu/huhezi/ekt

Euskalduna hil egin da. Bihar lanik gabe geratu eta Londresa joango da, agian. Gurasoek kontatu zioten zerbait Nafarroako Erresuma zahar hartaz. Berak ez zuen ezagutu; ez du loturarik sentitzen bere kateekin. Euskalduna zela esaten zioten umetan. Baina zer da hori? Euskaraz hitz egiten duena? Euskararen alde dagoena? Euskal Herrian bizi dena?

Imanol Galfarsoro, Gorka Bereziartua eta Andoni Olariaga euskaldunaren eskelarekin iritsi zitzaizkigun klasera. Gure identitatea birpentsatu egin behar dugula esan ziguten. Etengabe galtzen gara eztabaida antzuetan. Etengabe azaldu behar izaten dugu nor garen, eta zergatik. Baina, Globalizazioaren garaiotan, jaiotzerako zahartzen den informazioaren garaiotan, zertan oinarritzen dugu gure identitatea? Ba al dugu helduleku sendorik? Iraganean izan zirenek egiten al gaituzte euskaldun?

Eta, galderei erantzunak aurkitu nahian genbiltzala, Jose Angel Irigaraik ez nekatzeko esan zigun, ez duela merezi. Azken finean, herri menderatu baten lehenengo galdera horixe izaten baita: «ba ote naiz?». Eta bagaren horri forma emateko behar ditugun indarrak galtzen ditugu izatea bera justifikatu nahian. Iraun duen herri bat gara, aurreko belaunaldiarekin ia etenik izan ez duguna. Baina ahuleziaz josia. Gure izatea bera azaltzea kostatzen baitzaigu. Historiara jotzen dugu horretarako maiz, baina horrek determinatzen al gaitu benetan? Jose Angel Irigarairen iritziz, historia memoria bezala elikatu behar da, ez atzera itzultzeko. Herri menderatu bati horixe baita ezabatzen zaion lehenengo gauza: memoria.

Ahuleziaz betetako komunitate bateko kide gara. Eta, Sarrik zioen moduan, sehaska hutsari esnatzeko kanta bat abestu genionean El Puertoko kartzelarekin egin genuen topo. Politikarekin. Boterearekin. Eta beldurrarekin. Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzen dugu; euskal kultura indartsu bat behar dugula gure komunitatea elikatzeko. Baina lortu al daiteke hori egitura politiko egokirik gabe? Jose Angel Irigarairen iritziz, bi aukera daude: edo deliberatzen dugu politika egingo dugula edo kondenatuta gaude besteren politiken sarean erortzeko. Euskara erdigunean kokatu behar badugu, ideologia beregain bat eman beharko diogu. Eta, horretarako, ezinbestekoa izango da euskaldun sinbolikoa bere ahulezietatik askatzea. Aldi berean izatea herriko eta munduko; kulturzale eta politikoki engaiatu; postmoderno eta komunitateko. Kontraesanez betetako identitatea daukagu, baina kontraesanik ez izatea bera ez al da ahulezia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.