ZUZENDARIARI

Hezkuntza ekonomiko eta finantzarioa berriz pentsatzeko garaia da

Ritxi Usategi Uriarte, Irati Cifuentes, Liher Gonzalez, Sebastian Gutteridge, Joseba Larriba
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Azken urteotan, hezkuntza sisteman finantza heziketa bultzatzeko hainbat ekimen sortu dira. Tamalez, proposamen horietako asko entitate pribatuek zein banketxeek sustatzen dituzte eta, beraz, ez dute hezkuntza kritikorik sustatzen. Ez al gara azeria oilategian sartzen uzten ari? Nola utziko diegu, bada, krisi ekonomikoa eragin zuten horiei hezkuntza alorrean eskuak sartzen? Heztea ote da haien helburu nagusia ala aurpegi garbiketa bat egin nahi dute soilik?

Finantzaz Haratago sareko kideok Euskal Autonomia Erkidegoan pentsamendu kritikoa sustatuko duen hezkuntza finantzarioaren alde egiten dugu, ideia etiko eta eraldatzaileen bidez balantza orekatu ahal izateko. Gaur egun dugun sistema finantzarioan jaio izanak ez du esan nahi beste errealitaterik posible ez denik. Horregatik, derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleei finantzak birpentsatzeko tresnak ematea ezinbestekoa dela uste dugu, desberdintasunetatik elikatzen ez den sistema bat eraikitzeko.

Hezkuntza mailan gogoeta-prozesu baten beharra dagoela azpimarratu nahi dugu, etorkizunean zer-nolako gizartea izan nahi dugun erabakitzeko, eta argi dago gaur egun dirua eta merkatuak gure gizartearen egituraren gakoa direla. Horixe da guk eraldatu nahi duguna; dirua azken helburua izan ez dadin nahi dugu.

Aurtengo greba feministan, euskal gizarteak argi utzi zuen zer-nolako gizarte eredua nahi duen; bizitzak erdigunean jartzen dituen eredu bat, hain zuzen ere. Horretarako, ekonomia feminista sustatu behar dugu, ekonomia diru-truke hutsa izan ez dadin eta zaintzak balio gehiago izan dezan, guztion ongizatea kontuan hartuta.

Badaude jada ekonomia eta finantza eredu alternatiboak bultzatzeko lanean dabiltzan pertsonak, kooperatiba gisa lan egiten duten enpresak, elikadura burujabetzagatik borrokatzen duten nekazariak... Hortaz, deialdi bat egin nahi dugu honako printzipio etikoak barneratuko dituzten finantzak bultzatu daitezen hezkuntza arloan. Sustatu dezagun bidezkoa den sistema finantzario bat, denontzako tokia duena, menderatzailerik eta menderaturik ez duen sistema bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.