Berriz ere EAJk aise irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, lehen baino hiru aulki gehiago lortuta (31 ditu orain), 48.000 boto galdu dituen arren, eta ez du deus aldatuko duela hamar urtetik — Ibarretxe erretiratu zenetik— argi eta garbi daraman estrategia. Gainera, gehiengo osoa izango du legebiltzarrean, PSErekin gobernu ituna berretsita. Parlamentuan bertan ez du izango buruhausterik, baina bai eremu sozialean eta ekonomikoan, COVID-19ak gogor joko baitu, eta Jaurlaritzari ez zaio erraza izango murrizketarik ez aldarriari eustea. Ikusi egin behar nola moldatuko den eta aurkako mugimendu indartsurik sortuko zaion.
Estrategia politikoei dagokienez, EH Bilduk alternatiba eraikitzeko baluke zer sakondua, eta PSEk, zer berritua biziberritzeko.
EH Bildu: alternatibaren kontakizunab>>
Oso gustura egoteko moduan dira EH Bildun. 2015eko eta 2016ko beheraldiaren ondoren, gorako joerari eutsi zion iaz, eta igandean berretsi egin zuen. Asko aipatzen dira EAEko 2012ko bozetako Bilduren 277.923 botoak, baina, erkidego berean, iazko udalekoetan gehiago eskuratu zituen: 280.410; eta boto marka ezarri EAEn. Han, legebiltzar aulki kopuruan ez ezik, boto portzentajean orain jo du goia, 2011ko udalekoetako %26,03a gaindituz: %27,84.
EH Bildurentzat, hori bezain garrantzitsua da EAEn EAJren alternatiba izaten hasteko irudipena izatea. Duela lau urte, hamar aulkiren aldea atera zion EAJk (28-18), eta, orain, bederatzirena (31-22*); baina orain lau urte, 173.000 botoren diferentzia atera zion, eta, orain, 100.000rena. Ortuzarrek asteon esan bezala, «Euskadin asko dira» horiek, baina ez da gauza bera bederatzi aulkiren aldearekin 155.000 botoren tartea ateratzea edo 100.000rena. EH Bilduk datozen urteetarako badu kontakizun bat: alternatiba josteko aukera du.
2023an, udal eta foru bozak. EAEn, batik bat Bilbo Handia eta Donostia-Irun ditu langai. Bilbo Handian igandean jauzi esanguratsu bat egin zuen: 2016an hango ia udalerri denetan laugarren edo bosgarren indarra izan zen, eta bigarrena edo hirugarrena (ia bigarren Basaurin eta Sestaon) izan da oraingoan. EAJk 2016an, Bilbo Handiko zortzi udalerririk handienetan 93.000 botoren aldea atera zion, eta, orain, 58.000rena. EH Bilduren lan espezifiko baten ondorio izan al da hori? Iazko udal hauteskundeetan, Galdakaon (%23) eta Santurtzin (%18) salbu, beste sei udalerrietan %11-15 artean ibili zen, eta, beraz, badirudi oraingo jauziak (Galdakaon %30 eta Santurtzin %22 lortzeaz gain, beste seietan %17-20 artean) gehiago erantzuten diola beste faktore batzuei, bertako lanari baino, urtebete gutxitxo baita lan batek fruitua emateko. Gipuzkoan, EAJk 4.000 botoren aldea atera dio EH Bilduri. Hirigune koskor batzuetako garaipenei jarraikiz, Arrasaten edota Tolosan oraingoan irabazi egin du EH Bilduk, baita Lasarte-Orian ere lehen aldiz, baina Donostian eta Irunen, bietako botoak batuta, eta 3.000 murriztu dituela esanda, EAJrengandik 14.100era geratu da.
EH Bildurentzat ez da berri ona EPk hartu duen zartada, aliatu «potentzial»bat baitu, baina, oro har, ez zaio aski EP indartsuago bat ere. Julen Mendoza Errenteriako alkate ohiak (EH Bildu) zera idatzi berri du bere blogean: «Ez dago zalantzarik, EH Bildu egoera oso onean dago lehen indarra izateko lehian sartzeko. Hiru urte ditu horretarako. Baina hori lortzeko, 2011. urtetik aldatu ez diren bloke estatikoak gainditzeko gai izan beharko du. Elkarrekin Podemosen oinarri soziologikoetatik bainoago, espazio soziologiko berrietatik jaso beharko du EH Bilduk, alternatiba izan nahi badu. (...) Horretarako, narratiba berriak eraiki beharko ditu. (...) Sinesgarritasuna irabazi beharra du oraindik gizarteko sektore batzuetan. Eta, sinesgarritasunarekin batera, segurtasuna. Herritarrek segurtasuna eskatzen dute, bereziki une hauetan politikan, eta ezkerrak hori lortu ezean zaila du espazio berrietara zabaltzea. (...) Norbaitek EAJ boteretik kendu nahi badu, logika elektoraletatik baino gehiago herri proiektu eta programetatik egin beharko du».
Errealitateak errealitate, agenda soziala ere prozesu independentistan kokatuz, EH Bilduri, adibidez, gertutasun kontuagatik-eta, bere eredu munizipalistak ematen dio espazioak irabazteko egokierarik, eta aukera luke, batetik, lan horri proiekzio nazionala emateko, eta, bestetik, mugimendu handiago bilakatzeko.
PSE-EE: bigarren bazkide ala berritub>>
PSE-EEren zuzendaritzak ez dauka dudarik: berriz ere Jaurlaritzan egongo da EAJrekin. Uste du han barruan egonda politika progresistak egin ditzakeela. Badu beste aukera bat: kanpotik eragitea horretan, gobernuan EAJ bakarrik utzita. Ez dio, ordea, horri helduko, bai baitu beste arrazoi bat: uste du bera barruan dela EAJk baztertu egiten dituela asmo subiranistak, eta gobernua «zentratua» dela. Dena dela, PSEk ikusi beharko luke gaurko EBBk, Jaurlaritzan EAJ bakarrik egonda ere —eta ez da EH Bildurekin batuko— ez duela asmorik abenturei ekiteko, Ibarretxeren saioekin aski izan zuela iritzita. Atzo, Ortuzarrek: «Orain, abenturak ez, autogobernu ahalmen handiagoa baizik».
Moncloan PSOE dagoen arren, PSE ez da hango haizeaz baliatu, eta soilik aulki bat gehiago lortu du (10 ditu orain), eta hori, 2016an behea jota, ordu arteko emaitzarik txarrenak jasota. 2009an ere PSOE zegoen Moncloan, eta orduan, Podemos faktorea ez zegoen arren, PSEk 318.000 boto jaso zituen — EBk, 36.000&mdash. Orain, EPk 71.000 bildu ditu, eta PSEk, 121.000. Parte hartzeak parte hartze, babesa nabarmen galdu dute. Eta, alderdi sozialistan, batzuk hasi dira ezbaian jartzen koalizio estrategia; jendaurrean, aste honetan, Odon Elorza. Egigurenek, otsailean, BERRIAn: «Alternatiba modura desagertzen ari da PSE, eta EAJren osagarri bihurtzen. Hori alderdiarentzat ez da ona. Gaur egun, PSEk ez du beste bazkide posiblerik, eta neu ere banago EAJrekin gobernatzearen alde, baina alderdi batek ez du beti koalizio berean zertan egon, eta, gainera, bigarren bazkide moduan».
Nafarroan, PSNk utzi zion UPNrekin gobernatzeari, iaz arnasarik eman bazion ere; Iruñeko alkatearen inbestiduran. kasurako. PSEk (eta PSNk) oraindik ez du bere burua ikusten EH Bildurekin gobernatzen, «terrorismoa» gaitzestea falta zaiolako, baina galdetu beharko luke nola lagundu dezakeen horretan; harekin lankidetzan aritzea luke aukera eraginkor bat.
Lopezen belaunaldiak eraman zuen PSE hauteskunde babes handieneraino, eta belaunaldi berak txikieneraino. Ez zaio ikusten bide berririk jorratzeko asmorik; EAJri kateatutako PSE bat da hau.
Biziberritzen hasteko belaunaldi aldaketaren garaia ote han?