TXIRRINDULARITZA. Nagusitasunez gailendu zen Rafa Valls (Movistar) atzo jokatutako Ordiziako 96. Klasikoan. Taldeak egindako lan aparta errematatu zuen Vallsek, eta bera da aurtengo irabazlea. Azken kilometroetan jotako eraso oldarkorrari esker, bakarrik helmugaratu zen Valls. 28 segundoren tartea atera zien bigarren eta hirugarren sailkatuei: Jesus del Pinori (Vito-Feireinse) eta Juan Antonio Lopezi (Euskadi -Murias), hurrenez hurren.
Euskal Herriko probarik zaharrena da Ordiziako Klasikoa. 166 kilometro zituen ibilbideak, eta bost igoera Abaltzisketara. Proba irekia espero zen. Izan ere, Richard Caparezek azken orduan uko egin zion parte hartzeari, eta, ondorioz, faborito garbirik gabe gelditu zen lasterketa. Movistar zen World Tour mailako talde bakarra. Hasieratik saiatu zen proba kontrolatzen, garaipena eskuratzeko arma guztiak zituela jakitun. Bada, ez zuen huts egin.
Lasterketa abiatu eta berehala sartu ziren hainbat txirrindulari eguneko ihesaldian. Espero bezala, ordea, tropelak inungo arazorik gabe harrapatu zituen. Hogei kilometro faltan, Joao Rodriguesek eta Ruben Fernandezek erasoa jo zuten. Garaipnena, bi txirrindulari horien artean egongo zela zirudien. Alta, tropelak garaiz erreakzionatu zuen eta helmugarako hamar kilometro falta zirela atzeman zituzten. Azken kilometroetan egin zuen eraso Rafa Vallsek, eta tropeleko inor ez zen Movistarreko kidea jarraitzeko gai izan. Erraz nagusitu zen.
Rafa Vallsek irabazi du Ordiziako Klasikoa
Lasterketako azken kilometroetan jo du erasoa Vallsek, eta Movistar taldeak egindako lan ona borobildu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu