GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak boto asmoari buruzko Soziometroa argitaratu du, eta, horren arabera, EAJ alderdiak eskuratuko du boto gehien maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan. Boto kalkuluaren portzentajeei erreparatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nagusi da EAJ: %28,2 eskuratuko lituzke Araban, %41,8 Bizkaian eta %35 Gipuzkoan. Hiru lurraldeetan, EH Bildu legoke bigarren postuan, eta Gipuzkoan egon liteke lehia estuena bi indarren artean; izan ere, koalizio subiranistarentzat litzateke botoen %31,7, Soziometroaren arabera. Araban %23 boto lituzke, eta, Bizkaian, jeltzaleen nagusitasuna erabatekoa da, EH Bilduk, bigarren indarra izanik, EAJren boto portzentajearen erdia izango lukeelako (%20,2). Elkarrekin Podemos hirugarren indarra litzateke Araban (%14,7) eta Bizkaian (%13,5), baina, Gipuzkoan, PSE-EE legoke EAJren eta EH Bilduren atzetik (%13,5).
Udalei ere argazkia egin die Soziometroak, eta lehia estua iragarri du Gasteizen. Izan ere, EH Bildu litzateke lehen indarra (%22,4), baina teknikoki EAJrekin berdinduta (%22,2). Bi indarrek izango lituzkete zazpina zinegotzi, biek gora eginda —sei ditu EH Bilduk eta bost EAJk—. PPk, ordea, lehen indarra izateari utzi, eta hirugarrenera igaroko litzateke, zinegotzi kopurua bederatzitik bostera murriztuta. Launa lituzkete Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, eta, beraz, berdinduta leudeke EAJ-PSE eta EH Bildu-Elkarrekin Podemos aliantzak.
Bilbon, jeltzaleek gora egingo lukete —hamahirutik hamalaura—, eta zinegotzi bakarra faltako litzaieke gehiengo absolutua lortzeko. Donostian, bederatzitik hamarrera haziko lirateke, eta EH Bilduk egungo seiei eutsiko lieke. Bat gal lezake PSEk.
Udal eta foru hauteskundeak
EAJ nagusi aldundietan, Soziometroaren arabera
Jaurlaritzaren inkestak dio EH Bildu litzatekeela lehen indarra Gasteizen, EAJrekin zinegotzietan berdinduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu