Markagintza eta euskara

Zubiak amildegirako

Adituek eragileen arteko lankidetza ezinbestekotzat jotzen dute enpresa munduan ere euskaraz aritzeko

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Kontsultatutako aditu gehienek uste dute euskara indartzen hasteko haizea alde egon litekeela arlo sozioekonomikoan. «Gazteak orain Europan ibiltzen dira, eta errealitate eleaniztuna dute. Era berean, gazteen euskara gaitasuna handitu egin da, baina gero lan munduan erabiltzeko testuingurua falta zaie. Horrek presio bat egingo du enpresa munduan halabeharrez», dio Karmelo Aiesta automozioko aholkulariak. «Hezkuntzan eta ezagutzan lan handia egin da, eta orain sozioekonomiaren eta aisialdiaren garaia dator».

Baikorra da Oreka ITko zuzendari Iraitz Perez de Goldarazena ere. «Gizarte berri bat ari da sortzen Araban. Gutxi gorabehera 40 urtetik beherakoak ikastolen belaunaldikoak dira, eta enpresa handietako ardura karguetan oraindik gutxiengoa dira. Baina denborarekin euskararen erabilera normaldu behar da enpresetan, nahitaez. Gazte askok ikasketa guztiak euskaraz egiten dituzte, baina pasatzen dira enpresaren mundura, eta ja ez dira gehiago akordatzen euskararekin».

Rober Gutierrez Bai Euskarari elkarteko zuzendariak amildegia deitzen dio hezkuntzaren eta lan munduaren arteko saltoari, eta hori zeharkatzeko egiturak behar direla dio, elkarlanean eraikitako zubiak. Araban, hain zuzen, hainbat eragilek Lanabes sortu dute lankidetzan, lanean euskara sustatzeko enpresen eta entitateen sarea. Era berean, martxan dabiltza Enpresarean foroa eta Lansarean euskarazko lan atari bakarra ere.

Hizkera ekonomikoari eutsiz, Gutierrezek dio «input ugari» behar direla arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera normalizatzeko. «Erabaki hori bakarrik enpresen esku uzten badugu, oso enpresa gutxi etorriko dira euskarara; langileen esku uzten badugu bakarrik, berdin; gurea bezalako erakunde baten esku uzten badugu bakarrik, beste horrenbeste; eta administrazioaren esku soilik utziz gero, berdin-berdin». Ez da aspertzen mezu bera errepikatzen: «Elkarlana gakoa da».

Jakina, araudiak ere garrantzi handia du. Bai Euskarari-ko zuzendariak azaldu du errazagoa zaiela EAEn lan egitea beste administrazio esparru batzuetan baino; Nafarroan errazagoa dela zonalde euskaldunean lan egitea; eta Ipar Euskal Herrian zaila dela lan egitea.

Hala ere, enpresen eraginkortasun sena baliatu beharra aipatu du Aiestak. «Enpresak oso pragmatikoak dira. Gai bat agendan ez badago, ez dago zereginik, baina agendan sartzen bada jarriko dute martxan, ez izan zalantzarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.