Maiatzaren 24an jokatuko dute Zegama-Aizkorri

Atletek hil honen 20tik aurrera eman ahalko dute izena, 30era arte. Dortsalen zozketa otsailaren 21ean izango da

Kilian Jornet irabazlea, iaz, Aizkorrin gora. GORKA RUBIO / FOKU.
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
MENDIA. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia datorren maiatzaren 24an jokatuko dute, hemeretzigarren aldiz. Atletek izena emateko epea urtarrilaren 20an hasiko da, hurrengo astelehenean, eta hamar egun izango dituzte horretarako, hilaren 30era arte. Izen ematea rock the sport webgunearen bidez egin behar dute. Antolakuntzak 150 dortsal gordeko ditu «lasterketak dakartzan konpromisoei aurre egiteko», eta beste 125, berriz, aurreko urteetan lehiatu «eta berriz ere parte hartu nahi duten atleten parte hartzea ahalbidetzeko», baita azken bi urteetan markarik onenak egin dituztenentzat ere. Gainerakoentzat, otsailaren 21ean egingo dute dortsalen zozketa.

Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zuten lasterketa, atzo. Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura eta Kirol diputatua, Iker Goiria aldundiko Turismo zuzendaria eta Joseba Izagirre Zegamako alkatea izan ziren han. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, mendi maratoia munduko Golden Trail Series lehiaketako zazpi probetako bat izanen da —munduko mendi lasterkaririk onenak bildu nahi ditu lehiaketa horrek proba guztietan—. 400 boluntario baino gehiago ariko dira antolatzeko lanean.

42 kilometro ditu lasterketak, eta 5.472 metroko desnibela. Aurretik, maiatzaren 22an, kilometro bertikala jokatuko dute Zegaman —16:30ean—; eta, maiatzaren 24an bertan, gazteen lasterketaren zortzigarren ekitaldia egingo dute, 10,4 kilometroko ibilbidearekin—10:30ean hasiko da—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.