PILOTA. Gaur hasiko da Buruz Buruko Txapelketa, Bastidan (Araba), 17:00etan (ETB1). Mikel Urrutikoetxeak eta Dario Gomezek jokatuko dute final-zortzirenetako lehen partida. Espezialistak dira biak: Urrutikoetxeak maila nagusiko txapel bat du, eta bitan izan da txapeldunorde; Dariok, berriz, behin jantzi du Promozio Mailako txapela. Baikokoa ondo aritu zen binakakoan, baina ia bi hilabete daramatza txapelketako partidarik jokatu gabe. Aspekoak, ordea, hiru atariko jokatu ditu: Aitor Elordiri, Danel Elezkanori eta Peio Etxeberriari irabazi die. Beraz, hartua du erritmoa. Irabazlea Jokin Altunarekin eta Jose Javier Zabaletarekin ariko da final-laurdenetako ligaxkan.
Bihar, berriz, Unai Laso eta Jon Ander Peña ariko dira Lekeition (Bizkaia), 17:15ean (ETB1). Laso da faboritoa, ikusgarri baitabil profesionaletara itzuli zenetik. Duela hiru urte jokatu zuen azkenekoz buruz buru, eta lehen kanporaketan galdu zuen. Peña II.ak, berriz, galdu egin du lehen kanporaketan azken hiru aldietan. Irabazlea Beñat Rezustarekin eta Iñaki Artolarekin ariko da ligaxkan.
Urrutikoetxeak eta Dariok jokatuko dute gaur, Bastidan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu