Miasan 31 langile kaleratuko dituzte oraingoz

2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
IRUÑEA. Epaileak ontzat hartutako erregulazio espedientea indarrean jartzea erabaki du Miasaren konkurtsoaren administratzaileak. Espediente horretan Iruñeko enpresa horretako 94 langileak agertzen diren arren, 31 joango dira orain kalera. Horietatik hamazazpik jada izena emana zuten enpresatik alde egiteko, kalte ordain baten truke. Bitartean, ordaindutako baimen batekin ari ziren, lanera agertu gabe.

Izan ere, administratzaileak uste du oraindik badagoela aukera Miasak edo haren zati batzuek lanean jarraitzeko. Horregatik, beste 63 langileek beharrean jarraituko dute, Miasaren jarduerari eusteko, eta ager daitezkeen inbertsiogileentzat interesgarriagoa izateko.

Miasa urriaz geroztik dago konkurtsoan, hartutako zorrak ezin ordainduta, eta otsailean hasi zuen likidazio prozesua administratzaileak. Miasak ibilgailuentzako abiadura kaxen urkilak ekoizten ditu. Enpresaren jabea Huarte familia da; frankismo beteko Nafarroako industrializazioaren arduradun nagusitzat jotzen den Felix Huarteren oinordekoak, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.