PASAIA. Kamioilari britainiar bat hil zen atzo goizean Pasaiako portuan. Itxuraz, bihotzekoak jota hil zen, baina, sukar handia zuenez, koronabirusaren protokoloa ezarri diote, bai hari, bai hura artatzen aritu ziren portuko langileei.
Pasaiako Portu Agintaritzak jakinarazi zuenez, Irlandan arrantzan aritzen diren ontzietako arrainak deskargatu ondoren, Herrerako kaiko aparkalekuan zegoen garraiolaria, portuko sarreraren aurrean. Ibilgailutik jaitsi, eta zaintzaileei keinuka hasi zitzaien, besoan min handia zuela eta. Desfibriladore batekin joan ziren, eta anbulantziari deitu zioten, baina berandu izan zen, kamioilaria dagoeneko hilik baitzegoen.
Osasun langileak ohartu ziren 39 graduko sukarra zuela, eta koronabirusaren protokoloa ezarri zioten. Ondorioz, harekin harremanetan izan diren portuko lau langileak eta bertaratu diren beste batzuk etxera bidali dituzte.
Koronabirusa
Garraiolari bat hil da Pasaian, koronabirusaren sintomekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu