MADRIL. Espainiako Gobernuak iragarri du martxoaren 29an deskontu fiskalak jasoko dituen neurri sorta bat onartuko duela, eta litekeena dela horien artean gasolinari buruzkoak ere egotea. Horiek adosteko, gobernuak elkarrizketak hasiko ditu Kongresuan ordezkaritza duten taldeekin. Datorren astean Europako Batzordeak energiari buruz hartuko dituen erabakiek baldintzatuko dituzte Madrilen neurriak.
Zerga sistema zuzenean ukitu gabe, herrialde batzuk hasi dira deskontuak ezartzen gasolinaren prezioan: Frantziak litroko 15 zentimoko deskontua ezarri du, eta diru publikoz finantzatuko du. Belgikak, berriz, hidrokarburoen gaineko zerga berezia murriztuko du, ekainera arte.
Madrilek ere zerga hori jaisteko aukera izango luke. Erregai litroari aplikatzen zaio, eta publikoarentzako salmenta prezioaren %32 da. Orain, 473 euro zergapetzen ditu 1.000 gasolina litroko (0,47 euro litro bakoitzeko); Europako zuzentarauak 359 euroan jartzen du gutxieneko tasa. Gasolioan tarte txikiagoa dago: 379 euroan dago, eta Europako minimoa 307 eurokoa.
BEZa murriztea zailagoa litzateke, Madrilek Bruselaren baimena behar baitu horretarako. Izan ere, gasolina orain arte behintzat, gehienezko tasara zergapetu behar diren ondasunetan sartzera behartzen du Europak, eta Espainiako Estatuan %21ekoa da. Gogoratu behar da, gainera, BEZaren zergaren zati bat Europako Batasuna finantzatzeko erabiltzen dela.
Gasolinaren zerga berezia jaistea aztergai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu