Parisko auzitegiak atzeratu egin ditu Urrutikoetxearen auziak

Uztailaren 10ean izanen du hurrengo saioa, dei auzitegian, Espainiaratze agindu bat jakinaraz diezaion epaileak

2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
PARIS. Auzi egutegi kargatua izanen du Josu Urrutikoetxeak hurrengo hilabeteetan. Parisko Auzitegi Korrekzionalean izan zen atzo, 2017an ezarritako zigorra azter zezaten. Defentsa abokatuek prozedura akatsak agertu zituzten, eta horiek aztertzeko auzia irailaren 12ra gibelatzea erabaki dute —ez dira auziaren mamian sartuko—. Uztailaren 10ean izanen du hurrengo hitzordua, dei auzitegian, Espainiaratze agindu bat notifikatu diezaioten. 1987ko Zaragozako kuarteleko atentatuari loturiko prozeduragatik izan liteke, atzo egin baitzion Espainiako Gobernuak Frantziari estradizio eskaera ofiziala.

Ekainaren 19an, dei auzitegian izan zen Urrutikoetxea, 2010ean ezarritako zazpi urteko zigorraren harira. Epaileak auzia lehen instantziara itzultzea eta kontrol judizialpean aske uztea erabaki zuen, baina prokuradoreak erabakiei helegitea ezarri zien, eta kasazio auzitegiaren esku dago orain dosierra. Auzia urtarrilaren 6ra gibelatzea erabakia dute, baina kasazio auzitegiak helegiteez erabaki bitartean ezingo dute afera epaitu — berriro dei auzitegira itzultzea erabaki lezake—.

Frantziako prozedurengatik ez ezik, hiru kasurengatik agertu dute Urrutikoetxea Espainiaratzeko asmoa, baina bakarra jakinarazi diote. Asteazkenean pasatu zen dei auzitegiko instrukzio aretoko epailearen aitzinetik, eta, 2004-2007an gizateriaren kontrako krimenak leporatuta, Espainiak eskatua duen euroagindua notifikatu zion. Urriaren 16an eginen diote horri dagokion auzia. Bitartean, Urrutikoetxea behin-behinean preso atxikitzeko erabakiari helegitea ezarriko diote abokatuek; hamabost eguneko epea izanen du epaileak galdea aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.