Diru banaketa bidezkoa eskatu du Hekimenek

2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Hekimeni ez zaio ulergarria iruditu COVID-19aren ondorioei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak komunikabideentzako ezarritako laguntzen banaketa, eta euskarazko komunikabide guztiak aintzat hartzea galdegin dio. Gogora ekarri du pandemiak «ondorio latzak» utzi dituela euskarazko komunikabideen artean. Hortaz, Hekimeni ulergaitza egiten zaio euskarazko komunikabideek laguntzen %6,6 bakarrik jasotzea.

Hekimenek azaldu du egoerak batik bat txikienei egin diela kalte: «Komunikabide askorentzako egoera kritikoa da, eta hainbat egitasmoren biziraupena jokoan dago. Txertoekin bezala, lehentasuna zaurgarrienek izan beharko lukete. Zergatik lagundu handienak bakarrik, irismen-datuetan oinarrituta? Zer komunikazio ekosistema sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak?». Hekimenek nabarmendu du euskarazko komunikabideek pandemia garaian «ahalegin berezia» egin dutela, eta herritarrek eskertu dutela hori, kontsumo digitalaren datuek hala adierazten dutenez. Horregatik banaketa bidezkoagoa eskatu du, eta laguntzak «euskarazko komunikabide guztiei» hedatzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.