MUSKIZ. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du bere gobernuak 140 milioi euro jarriko dituela COVID-19aren krisiaren ondorioz galdutako enplegua berreskuratzeko. 42 milioi euro emango dizkie udalei, enplegua sustatzeko tokiko planak abian jar ditzaten, bereziki «lehentasunezko jardueratzat» jotako sektoreak indartzeko. Beste 66 milioi langabezian dauden pertsonei prestakuntza emateko, Lanbideren bidez; Urkulluk esan du «prestakuntza, diagnostikoa eta aholkularitza pertsonalizatua» ematea dela helburua, laneratzea errazteko. Horrekin batera, lanbide heziketan dauden ikasleen Hezibi programak 2,3 milioi euroko finantzaketa izango du.
Azkenik, Gobernu Kontseiluak 30 milioi euroko gastua baimendu du lanean ari diren eta gaitasunak hobetu nahi dituztenei prestakuntza emateko.
Horrekin batera, jakinarazi du susperraldi ekonomikorako eta enplegurako «estrategia berri» bat lantzen hasi direla, hurrengo legealdian abian jartzeko.
Jaurlaritzak 140 milioi jarriko ditu enplegua sustatzeko
Formakuntza planentzat izango da diru gehien. Hurrengo legealdirako estrategia prestatzen hasi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu