Urrutikoetxeak ukatu du 1987ko eraso baten ardura
MADRIL. Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiak ukatu egin du erakunde armatuak 1987an Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuartelaren aurka eginiko atentatuan ardurarik izan zuela. Urrutikoetxearen aurkako akusazio bat zabalik du Auzitegi Nazionalak, eta epaiketa egitearen aurkako helegitea aurkeztu du Urrutikoetxeak. Idatzi horretan, gogorarazi du eraso hori ikertu izan dutela aurretik ere, zigor epaiak ere eman zituztela, eta ikerketa horietan ez zela azaleratu Urrutikoetxeak erantzukizunik zuenik. Are gehiago, argudiatu du ETAren orduko «ustezko kidetza» erabili dela Urrutikoetxea bera atentatuaren «azken erantzule» bihurtzeko. Gaineratu du haren aurkako akusazioaren oinarria Guardia Zibilaren 2001eko txosten bat dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu